Naroa Gorostiaga: “Hizkuntzaren kalitatean Iparraldeko beharrak ikusten ditugu, eskaerak baditugu alde guztietatik”

UEUren Baionako Udako Ikastaroen barruan “Euskara gaitasuna lantzen: Euskara Batuaren Eskuliburuaren (EBE) aurkezpena eta erabilera eta euskarazko terminologia-lanaren normalizazioa” izeneko ikastaroa antolatu du EEPk Euskaltzaindiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailarekin elkarlanean. Naroa Gorostiaga Barriola ikastaroaren arduradun eta EEPko Hizkuntz kargudunarekin izan gara.

Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/1umcRTkuodc

Ez da UEUrekin lan egiten duzuen lehen aldia, nolakoa izan da esperientzia?
Hasieratik biziki ondo pasatu da bi urtetan eta bistan dena erabaki genuen berritzea gure partaidetza hori. Azken batean guk baditugu Euskararen Erakunde Publiko gisa partaide batzuk hizkuntzaren zerbitzuan edo hizkuntzaren kalitatearen zerbitzuan ari direnak; Euskaltzaindia bezala, adibidez; baina gero Eusko Jaurlaritzarekin ere ari gara. Iparraldeko beharrak ikusten ditugu, eskaerak baditugu alde guztietatik; komunikabideak direla, itzultzaileak direla, irakasleak direla… Beraz, UEUri esker, edo UEUrekin dugun partaidetzari esker, lortu duguna azken urteetan da ikastaro edo zerbitzu hori sortzeko eraginkortasuna. Antolaketa aldetik UEUk baitu ohitura eta gauzak egiten baitakite. Beraz, guri aukera ematen digu hizkuntza baliabide horiek bilatzeko lanetan zentratzeko. Lehen bi urteetan egin genituen batez ere frantsesaren kalkoen eraginez sortzen diren zalantzak argitzeko ikastaro batzuk; eta gero Euskaltzaindiaren webgunearen aurkezteko eta ortotipografia ere Euskaltzaindiarekin lantzeko. Aurten pentsatu duguna da tresna eta baliabide horiek gehiago aurkezten jardutea. Ikas pedagogia zentroarekin ere badugu partaidetza. Ikas-ek bere aldetik sortu du Estilo liburu bat eta hori UEUren ekitaldietan aurkezteko elkarrekin pentsatu dugu posible zutela haiek egun bat edo bi egitea; eta EEPk segitzen du iazko bidetik UEUrekin ere partaidetza hori. Nolabaiteko hizkuntza zalantzak Ikas-ek landu ditu aurten eta guk beste baliabide batzuk landuko ditugu.

Oraingo honetan Euskara Batuaren Eskuliburua aurkeztuko duzue, zein da asmoa?
Hori da. Euskara Batuaren Eskuliburua Euskaltzaindiak joan den udazkenean aurkeztu zuen. Alde batetik paperean eta bestetik interneten. Interesgarria iruditu zitzaigun Euskaltzaindiaren hiztegia bezala, webgunean dituen baliabideak ezagutarazi ziren bezala, Euskara Batuaren Eskuliburuak interneten dituen baliabideak ere egileek beraiek aurkeztea. Beraz, Paskual Rekalde eta Andres Alberdi etorri dira. Andres Alberdi da batzorde horren buru izan dena eta, beraz, berak gaur goizean aurkeztuko digu nola erabiltzen den Euskara Batuaren Eskuliburu hori eta eguneroko lanetan erabili behar dutenei baliabideak non, nola bila ditzaketen era eraginkor batean.

Euskalterm terminologia banku publikoaz ere arituko zarete. Zeintzuk dira tresna honen ezaugarriak?
Euskalterm bera aurkezteaz gain, Eusko Jaurlaritzako terminologia batzordeak, eta azkenean euskararen terminologia batzordeak, zer lan egiten duen erakustea iruditu zaigu garrantzitsua. EEP joan den urte hastapenetik kide baita batzorde horretan. Hizkuntza teknikoa lantzen duten pertsonek, profesionalek, bereizketa egin dezaten eta jakin dezaten hiztegi orokor bat zer den, hiztegi terminologiko bat zer den, zein kasutan joan daitekeen terminologiara. Nola egiten den terminologia lan hori. Beraz, batzordeko arduradunak Araceli Diaz de Lezana eta Mertxe Olaizola etorriko dira nola lan egiten den aurkeztera. Iker Etxebeste UZEI terminologia zentrokoa ere hemen izanen da; eta, beraz, parada izanen da hemengo profesionalek galderak zuzenki haiei egiteko eta lituzketen zalantzak argitzeko. Euskalterm bat da, tresna nola dabilen ikustea bat da, baina horretara heldu arte zein bide egiten duten terminoek eta nola egiten den ikerketa hori ere interesgarria zela iruditu zaigu. Beste hizkuntzetan ere terminologia zer den jendeak maiz ez dakite. Hiztegi arrunt bat edo terminologia zein kasutan erabiltzen den. Bai frantsesez, espainolez, ingelesez. Terminoek eta hizkuntzako dialektoek loturarik izan dezaketen. Eman dezagun Mexikoko espainolak edo Espainiako espainolak, gaztelerak, ez dute adiera bera. Frantsesak Quebecen edo Frantzian terminologia aldetik ere badu eragin bat. Pixka bat lan hori nola egiten den ere jendeak ikasteko parada izan dezan hemen.

Nori zuzendua dago ikastaroa?
Beste urtetan bezala bereziki euskararekin lan egiten duen jendearentzako ikastaroak dira. Kazetariak, itzultzaileak, euskara teknikariak, irakasleak -bai helduen euskalduntzean zein haurrekin ari direnak – … Kuriositatea duen jende oro. Bereziki Iparraldekoak, baina gaur ere etorri dira Bizkaitik eta Gipuzkoatik interesa zuten jende batzuk. Eta azkenean egunerokoan euskararekin oso manera zorrotzean lan egin behar duten jendeek dituzten zalantzak argitzeko tresna batzuk aurkeztu nahi dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude