Cristina Ruiz: “Denentzako proposamen aproposa da Udako Ikastaroena”

Bizkaitarra da izatez, baina ia 5 urte daramatza Cristina Ruiz Uriartek Baionan bizitzen. AEKko irakaslea da eta Euskal Ikasketak hasi ditu Errobiko Campusean. Azken Ikergazte kongresuan izan zen eta aurton lehenengoz Udako Ikastaroetan parte hartu du.

Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/5pTq263nSmk

Zuk UEUrekin harremana azken Ikergazte kongresuan izan zenuen.
Ikasketak berrartu ditudanez unibertsitatean eta beharbada nire helburua ikerkuntza denez epe luzera begira, interesa neukan Ikergazten zer gertatzen zen ikusteko. Entzule bezala joan nintzen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Azken batean bai giza zientzietako ikerketak, nigandik hurbilago zeudenak, osasun zientzietako arlokoak, eta ingeniaritzakoak ere interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Eta haien [ikergazteen] gaitasuna komunikatzeko. Asko ikasi nuen. Eta motibatu ninduen pilo bat gainera.

Baionako Ikergaztetik Baionako ikastaroetara etorri zara. Zerk bultzatuta?
Nire lehen aldia da Udako Ikastaroetan eta egia esan Ikergaztek bultzatuta izan zen. Hain esperientzia interesgarria izan zen non udan jarraitzeko gogoa eman zidan. Nahiz eta zerikusirik ez eduki. Ikergazte ikerkuntzako motibazio horrek bultzatuta egin nuen eta hau egia esan edonork egin lezake. Gai andanari buruz ikasteko da. Batzuetan hausnartzeko, beste batzuetan jakintza puzteko. Datorren astean Eibarrekoa egingo dut. Beraz, gomendatzen dut %100an egia esan.

Eta zer nolako esperientzia izan da? Gainera Baionan barnetegi eran da…
Barnetegian nik uste dut jendea oso pozik dagoela. Ni Baionan bizi naizenez egunero nator etxetik. Baina oso esperientzia ona dela iruditzen zait. Jendearekin bai ikastaroaren momentuan eta bazkarietan ere sortzen den eztabaida gunea oso interesgarria eta aberasgarria da.

Badira urte batzuk hemen bizi zarela. Ikergazte Baionan egiteak, Udako Ikastaroek zer suposatzen dute zure ustez?
Ikergazte berak nik espero baino gutxiago. Komentatu nuen espero nuela Ipar Euskal Herriko ikerlari gehiago egotea; eta beharbada muga administratiboa gainditzea neurri horretan. Komentatu genuen beharbada hurrengo Ikergazterako hori egiteko zerbait dela. Berez bide horretan gabiltza. Gero UEUko ikastaroetan, ni egiten ari naizen ikastaroan bertan batez ere hegoaldeko jendea dago, baina ikusi dut besteetan Iparraldeko jende asko dagoela. Horrek gehiago poztu nau eta ikusten da Baionan egiteak merezi duela. Hegoaldekoak ohituta gaude mugitzera beharbada.

Cristina moduan zer daramazu Udako Ikastaroetatik?
Oraingoz jakintza pilo bat. Eta gogoa. Ikasten jarraitzeko gogoa.

Zergatik gomendatuko zenuke Udako Ikastaroetan parte hartzea?
Ni animatu naiz unibertsitatean nagoelako berriz ere eta pentsatu dudalako nire hezkuntzarako balioko didala; baina, egia esan, behin helduta konturatu naiz edozeinek egin lezakeela, edozein lanbidetik, bakarrik interesatzen zaizun gai bati buruz gehiago ikasteko edo ezer ez dakizun gai bati buruz zerbait ikasteko bada ere, hausnarketarako… Sormen tailerra ere badagoela ikusi dut. Edonori gomendatuko nioke horregatik. Denentzako proposamen aproposa ikusten dudalako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude