Arantzazu Martinez “Ipuin baten barnean mundu oso bat koka dezakezu”

UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan “Sormena lantzen: idatz dezagun ipuin laburra” izeneko ikastaroa izan da egunotan Baionan. Ikastaroen nondik norakoen berri gehiago jakiteko Alfredo Gil Larrinaga eta Arantzazu Martinez Etxarri irakasleekin izan gara.

Ikusi elkarrizketa: https://youtu.be/8vfPGFGHrI4

Zein beharrizanei erantzuteko sortu da ikastaro hau?
Arantzazu: Egun teknologiak izugarrizko abiaduran ari dira garatzen. Etorkizun hurbilera begira pentsatzen dugu sormena izan daitekeela erreminta bat horri aurre egiteko. Gizakiok dugun baliabide aparta da ideia berriak sortzeko, etorkizunak eskatuko dizkigun produktuak garatzeko, hausnarketarako eta gizartean dauden arazoei aurre egiteko.

Zergatik da sormena horren garrantzitsua?
Arantzazu: Bizirik mantentzen gaituelako. Sormenak ez du mugarik. Aukerak ematen dizkigu imajinatzeko, berritzeko, garapenerako.

Zein da ikastaroaren helburua?
Arantzazu: Helburua da estrategia batzuk aurkeztea sormena garatzen laguntzeko. Behin eta berriro esan dugu sormenak ere lan bat behar duela atzetik. Ez dela magiaz datorren zerbait; baizik eta garatu eta landu beharrekoa; orduak eskatzen dituen prozesu bat da. Orduan, sormen hori sortzeko edo pizteko estrategia batzuk, teknika batzuk aurkeztea da helburua. Eskoletan balia daitezkeenak, bizitza pertsonalean balia daitezkeenak; edonon balia daitezkeen teknika lagungarriak.

Eta nori zuzendua dago?
Alfredo: Ikastaroan irakasleak gara gehienok; baina azken helburua ikasleak dira. Irakaslearen bidez ikasleak edukiak hartzen ditu, baliabideak.

Zergatik ipuinak? Zein teknika landuko dituzue?
Arantzazu: Zergatik ipuinak eta ez bestelako sortze ariketak? Ipuinak oso zabalak direlako. Ipuin baten barnean mundu oso bat koka dezakezu. Ipuina azkenean mundua da. Zabala da. Berez argazkilaritza, marrazketa, artea … Dena ari gara lantzen. Landu ditugu ipuin ilustratuak. Ipuinaren oso oso atal garrantzitsua da idazten dugun hori nolabait irudien bitartez ere adierazia izatea. Irudiek gaur egun ezinbesteko funtzioa betetzen dute. Laguntzen dute ipuina ulertzen, ipuin bat irakurtzen. Ipuina mundua da.

Alfredo: Marrazkia, testua, irakurketa… Denetarik dago hor barruan. Heziketa ere bai. Baloreak ere badaude ipuinetan.

Arantzazu: Istorioak daude, bizipenak daude, esperientziak daude.

Alfredo: Ipuin zaharrak eta berriak, eta berrituak…

Arantzazu: Ipuin zaharren eraldaketa, berrikuntza..

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude