Nerea Mendizabal: “Gustatuko litzaidake ikastaro hau ez baliatzea oraindik ere bortitzagoa izateko geure buruarekin”

“Komunikazio Ez Bortitza: hastapeneko edukiak” ikastaroa eman du Eibarren Nerea Mendizabal Etxebarria psikopedagogoak UEUen 47. Udako Ikastaroen baitan.

Ikusi elkarrizketaren bideoa: https://youtu.be/7NO4UR2Vj6Y

 

Urte asko daramatzazu Komunikazio Ez Bortitzaren filosofia Euskal Herrian batetik bestera zabaltzen eta orain gutxi esperientzia horretan oinarrituta liburua kaleratu duzu, ariketa praktikoekin. Zeintzuk izaten dira guraso hezitzaileen kezka nagusiak?

Kezka nagusietan jarriko nuke mugen kontua. Mugak nola jarri edo nola lortu bai seme-alabek edo ikasleek kasu egin dezaten; edo jarrera egoki batzuk eduki ditzaten. Nahikoa buruhauste dakar horrek. Gero ohikoa da baita ere guraso bezala, hezitzaile bezala, prestatu nahi ditugula haurrak edo gazteak ahalik eta potentzialitaterik handienarekin, indartsu, baliabideekin, eta egoerei aurre egiteko prest. Kezkatzen gaitu ere beraien autoestimuak eta beraien buruarekiko konfiantzak. Izan ere, hainbat egoeretan ikusten dugu beharbada laguntza beharko luketela eta ez dakigu oso ondo nola egin.

 

Zer da ikastaroan landu duzuena?


Komunikazio ez bortitza –Marshallek sortu zuen eredu hau– nolabait ezagutzera eman eta praktikatzen hasteko ikastaro bat da. Prozesu honek oso egitura garbia eta erraza baldin badauka ere, zorroztasun eta sakontasunez beteta dago, eta, beraz, eredua ezagutu eta praktikatzen hasteko aukera bat da. Norberarenak diren eguneroko egoerekin ari gara edukiak aurkezten, baina ikusten egoera zehatz horietan nola erabiliko genituzkeen ereduko hainbat arlo.

 

Talde polita duzue…

Paregabea da. Hamabi bat pertsona gaude eta honek aukera ematen du pertsona bakoitzarengana ere iristeko. Beraiek ere oso eroso sentitzen dira partekatzeko eta bere egoera kontatzeko. Bata bestea animatzen dute barrukoa ateratzera.

 

Norbere bizipenak besteari minik egin gabe adierazten jakitea eta bestearena ulertzen saiatzea. Horren sinple eta horren zaila.

Bai, bai. Hori da justu eredu honetan komunikazio ez bortitzak bultzatzen duena. Adierazpen zintzo hori, edo asertiboak izatea denok nahi dugu; baina egia da kosta egiten zaigula adieraztea gure iritzia edo gure ondoeza. Beldur gara besteak nola hartuko duen, edo min egingo dion esango dudanak edo ez. Orduan, horren aurrean, ailegatzen gara ezer ez esatera eta gordetzera; baina ez gaude ondo. Batzuetan, edo pertsona konkretu batzuekin, joera da esatea gauzak diren moduan, “ni oso zintzoa naiz eta gauzak esan egiten ditut”; botatzea eta esaten dugun moduan min egitea; edo horrek berak berak desadostasun edo gatazka gehiago sortaraztea. Orduan, bai, sinplea bezain zaila da. Berez erreza ematen du, baina egia da kosta egiten zaigu. Horregatik niretzako egitura honek aukera ematen digu benetan esateko eta adierazteko esan nahi duguna ezer gorde gabe; baina nork bereaz hitz egiten. Mina ematen duena da bestea epaitzea, besteari aurpegiratzea, bestea kritikatzea, bestea errudun sentiaraztea. Eta eredu honen bigarren hanka enpatia da. Ez bakarrik adierazpen zintzoa egitea, baizik eta modu enpatiko batean entzutea ere bai. Batzuetan pertsona batzuk esan dezakete, “ni oso enpatikoa naiz, eta nik entzuten badakit, nik gaitasun handia daukat”. Nik gizarte hezkuntza eta psikopedagogia ikasi nituenean bazirudien enpatia ikasi nuela, baina teorikoki ikasi nuen, gero errealitatean ez nintzen harago ailegatzen. “Ulertzen zaitut, bai, bai”, baina hori ez da benetan enpatia. Kasu horretan ere erraza da eta konplikatua, biak. Berria zaigu eta horrek trebatzea eskatzen du.

 

Gatazka handiei begira gaude, baina eguneroko gatazka, desadostasun txikiak beste era batera landuko bagenitu beharbada.

Ba bai. Iruditzen zait hortik hastea errealistagoa dela. Batzuetan ohartzen naiz hemen ikastarora etortzen den jendea berotu egiten dela, gustatzen zaiela, zentzua bilatzen diela eta orduan gatazka potoloetara eraman nahi dutela. Iruditzen zait hobe dela espektatibak berrikustea eta esatea, oraindik trebatu gabe nagoenez, eta berria denez, eta ez nagoenez ohituta, aukera daukat eguneroko gauza txikiekin praktikatzen hasteko. Gehiago esango nuke; ez bakarrik gatazka txikiekin, baizik eta gauzak ondo doazenean ere aplikatzeko eredu honek esaten digun guztia. Ez da gatazkatarako bakarrik. Hau praktikan jartzea baita ere gauzak ondo doazenean, gustura nagoenean, edo gatazka txiki edo min txikia sentitzen hasten naizenean. Oso interesgarria iruditzen zait gauza txikiekin hastea, bai eta gustuko ditugun gauzekin ere.

 

Entzuten ez dakigu, baina begiratzen, behatzen egotea ere kostatzen zaigu esku hartu gabe.

Bai; eta ez dakit ez ote den zailagoa. Batez ere gurasoek, hezitzaileek, rolaren arabera, distantzia hori, itxarotea, ez esku hartzea behar ez denean… Konpondu nahi izateko joera daukagu, aholkuak ematekoa, zer egin behar duten esatekoa… Eta enpatiak ere eskatzen du bertute bezala egotea, isilik ere bai; enpatia adierazten egon gaitezke isilik. Batez ere bertute garrantzitsua da konfiantza izatea besteak ere bere momentua denean, bere baliabideak badituela, egoera hori ere konpontzeko. Egoera horretatik ere irteteko. Ez naizela ni pertsona hori edo egoera hori konpondu behar dudan pertsona bakarra. Hor egotea, konfiantza horrekin, bide-laguna izaten. Batzuetan soilik egotea suposatzen du horrek.

 

Ikasleak ikastarotik zerekin ateratzea nahiko zenuke?

Ikastarora etortzen den jendeari garbi dago harremanak inporta zaizkigula; harremanak zaintzea edo elikatzea. Komunikazio ez bortitza ikasi nahi dugu beste pertsonak ere ondo tratatzeko, errespetuarekin, gozotasunarekin, mimoz, enpatiaz. Harremanetan nahi dut besteei hori eskaintzea, eta ez bortitza izatea. Horrek niri beldur pixka bat ematen dit. Oso asmo ona da besteentzako nahi duguna; baina esperientziak esaten dit orokorrean bortitzagoak izaten garela geure buruarekin. Nire mugak eta ezintasunak kudeatzen jarraitzen dudanez, neure buruarekin oraindik ere bortitzagoa izan naiteke. Badakidalako zer den egin beharko nukeena. Hori ez da komunikazio ez bortitza. Izan ere, horretan ere ari naiz epaitzen, exijitzen, presionatzen, errudun sentitzen. Beraz, gustatuko litzaidake ikastaro hau ez baliatzea oraindik ere bortitzagoa izateko geure buruarekin; edo zein den bortitza eta zein ez den bortitza “harrapatzeko”. Hori da hain justu komunikazio ez bortitzak bilatzen ez duena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude