Eduardo Apodaka “Publikoa zer den birdefinitzeko beharra dugu”

Datorren uztailaren 8an, 47. Udako Ikastaroen barruan, “Ikastolak eta Kooperatibismoa: publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea” izeneko jardunaldia antolatu du UEUk, UPV/EHUko GEZKI Institutuarekin eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Eduardo Apodaka Ostaikoetxea UPV/EHUko irakasleak eta soziologia saileko kideak “Publikotasunaren gorabeherak: euskal anomalia zenbait” izeneko hitzaldia emango du.


Publiko vs pribatu dikotomiak ez digu balio. Hor dira UEU, Ikastolak…
Dikotomia hori politikaren ardatzetako bat da. Kontua da nola betetzen diren bi kategoria horiek, zer ote den publikoa eta zer pribatua. Nazio-estatu paradigma zenbait izan badira ere, Euskal Herrian frantziar eredua izan da nagusi; eta eredu horretan publikoa estatuaren monopolioa da; hau da, estatuak beretzat hartzen du populazio osoaren ordezkaritza, estatuak hezurmamitzen du nazioa eta estatua da bere ahots bakarra. Historiari begira halako estatuek batasun bat eman diote populazioari, ez soilik politikoa, ondo dakigunez. Estatu horiek, beraz, nazioa deritzogun osotasun politikoa sortu dute; zilegi eta legala izan daitekeen osotasun bakarra. Horrela identifikazio bat sortu eta gauzatu egin da inguruko estatuetan: estatu aparatuek populazioak batu eta azpiratu dituzte nazioaren gorputz bakarra sortzeko; estatua da populazioaren batasun oso hori. Ondorioz, estatua da publikoa edo publikoaren erakundea: denok osatzen dugun orokortasuna estatuarekin berdintzen da, estatuak mugatu eta egituratutako espazio eta borondatea delako.

Aldi berean estatu liberalek eremu sozial bat irudikatzen dute; eremu horretan aritzen dira harreman sozial eta ekonomikoetan subjektu pribatuak, banakoak edo banakoen elkarteak. Alabaina horiek partikularrak dira, ezin dute nazioaren izenean hitz egin, ezta jardun ere. Partikularrak diren aldetik interes eta borondate partikular eta pribatuak dituzte, besterik ez. Eta interes publiko edo orokorrari on egiten dioenean ere, estatuak berak du hala dela erabakitzeko eskumena.

Dikotomia hori errefusatutako hondar-kategoria baten gainean ezarri zen estatugintza modernoan: komunitate edota komuna kategoriaren gainean. Komun hori, finean, publikoa, baina ez estatala izan liteke. Eta kasu askotan agerian jartzen du estatua publikoa ez, pribatu partikularra dela.

Estatugintza hartan Euskal Herriaren proiektuak gehien gehienetan arlo pribatuan jokatu behar izan du; hau da, partikularren arteko ekimenetan, osotasun politiko bat izaterik izan gabe. Horregatik ere, publikotasun berri bat asmatuz joan da: estatua ez den izate publiko eta komun baten ideiatik hain zuzen.

Gaur egun, gainera, estatu neoliberalak publikotasuna galtzen ari direla diote askok. Gero eta pribatuagoak direla, gero eta urrunago jendearengandik eta abar. Kontuan hartu publikoa diogunean ez dugula zehazki eta beti “orokorra” esaten, beste asko esan nahi dugu: irekia, agerikoa, sarbide librekoa, ez-arbitrarioa, jendeak zuzenean parte hartuz egindakoa, komuna, eta abar. Estatuek, edo estatu-erakundeen ekosistemek, kapital edo botere pribatuen interesen mende jokatzen dutenean alternatiba publikoa bestela eraikitzetik dator. Beraz, dikotomia birplanteatzea eta eduki, forma edo ekimen berriez gauzatzea ez da bakarrik gure arazoa, estatu propiorik ez duen herri batena edo, azkenean demokraziaren arazoa bera da.

Zuk idatzia da: “herri izaterik ez duen jende pribatizatu eta pribatuak baino ez gara”
Aurrekoan erantzun dut: nazio estatuek (frantziar eredukoek, gutxienez) ez dute onartzen ezer estatua eta jende pribatu eta partikularren artean. Ez dago nazioaz beste komunitate publikorik, eta nazioa estatuak ordezkatzen du, eta egituratzen, eta irudikatzen. Beste aldean merkatuan eta arazo pertsonaletan diharduten jendeak ditugu. Gizartea da hori; batzuetan zibil, burges edo holako adjektiboekin azaltzen den hori. Gizartean osatzen diren taldeak, komunitateak, elkarteak eta abar partikularrak baino ezin dira izan (edo banakoen “masa publikoak”). Logika hori behin eta berriro apurtzen da ekimen komunitario eta politiko zenbaitetan, estatuari publikotasunaren monopolioa ukatzen zaion bakoitzean. Adibide bat: gazte koadrila batek lonja bat hartzen badu hori pribatua dela diogu, koadrilakoak ez direnei debekatuta edo itxita dagoen zerbait. Gazte talde batek erabaki ahal du lokala hurbiltzen diren guztiei irekitzea, guztien esku jartzea, guztientzakoa izatea, eta modurik izanez gero jaberik gabe. Hori zer da? Eta noren izenean egingo dute hori? Normalean herria da erabiltzen den hitza, herri ekimena dela esan genezake. Herria da estatua ez den publikotasuna. Herria da partikular pribatu gisa jokatu beharko luketenek publiko eta komun jokatzeko modua. Bestela esan, herri gisa jokatzen dugu estatuarena ez den publikotasuna sortzen dugunean.

Zer azpimarratu nahi duzu jardunaldian?
Bi ideia: batetik, publikoa birdefinitzeko beharra dugula; batez ere jendeak, gobernatuak izan ohi diren horiek, publikotasunaren protagonismoa har dezaten eta estatuaren pribatizazioari aurre egin diezaiogun. Bestetik, Euskal Herriaren proiektuak nahitaez hautsi behar duela “estatua berdin publikoa” ezartzen duen logika. Hori izan da, hain zuzen, proiektuaren ibilbide historikoa: estatu identitate homogeneoari, nazioaren edo Frantzia zein Espainiaren identitateari, diferentzia bat aurrejarri dio; baina ez diferentzia azpiratu edo mendeko bat, parez pare ezarritako diferentzia bat baizik. Horretatik datoz estatu-identitate horren baitan eta haren aurka sortu diren euskal anomaliak; alegia, espainiar edo frantziar identitatearen barne-diferentzia, bertsio partikular edo dibertsitate aberasgarria izateari uko eginez aritzen diren beregaineko diferentziak. Esan barik doa, ikastolen proiektu historikoa halako proiektua izan da eta hala izaten jarrai dezala espero dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude