Ane Ortiz: “Garrantzitsua da ezagutzea zein arrisku dauden sare sozialetan, baina are garrantzitsuagoa gizarte mailan arau batzuk ezartzea”

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuarekin elkarlanean “Harremanak 3.0: gazteen sexualitatearen esku-hartzea espazio digitalean” izeneko ikastaroa izan berri da Iruñeko UEUren Udako Ikastaroen barruan. Ane Ortiz Ballesteros izan da irakaslea. Sare sozialetan eta berdintasunean aditua da Ballesteros eta Emaize Sexologia Zentroko kidea.

Elkarrizketa ikusteko: https://labur.eus/qjrkA

Harremanak 3.0 diogunean zertaz ari gara?
Espazio digitalean ematen diren harremanak dira. Azkenean, normalean plano analogikoan ematen direnen jarraipena izaten da; eta, gaur egun, ukaezina da denok gure harremanen parte bat espazio horretan gauzatzen dugula.

Zein arrisku dituzte?
Sare sozialek arrisku batzuk badituzte. Hauetaz jabetzea oso garrantzitsua da. Batez ere ikastaro honetan helburua honi buelta ematea da. Azken finean komunikabideetan, berrietan, ikuspegia arriskuetan oinarritzen da; eta gure helburua sare sozialek harremanetan jartzeko eskaintzen dizkiguten aukeretan zentratzea da.

Zein da irakasleen eta hezitzaileen zer egina edo papera egoera honen aurrean?
Hezitzaileak eta irakasleak azken finean prozesu honetan bidelagun izan behar dira. Alde batetik, ezinbestekoa dugu dauden arriskuez ohartaraztea; baina bestalde oso inportantea da ere bai segurtasun neurriak hartzen ikastea. Kotxearekin gertatzen zaigun bezala. Guztiok badakigu arriskuak badaudela kotxea hartzen dugun bakoitzean, baina ez ditugu etengabe entzuten. Ez dugu egunero entzuten, “kontuz kotxea hartzen duzuenean”. Aldiz badakigu segurtasun uhala jartzen. Baditugu eta ezarri ditugu sozialki arau batzuk hauek erabiltzerako orduan. Gure proposamena pixka bat hortik doa. Garrantzitsua da ezagutzea zein arrisku dauden, baina are garrantzitsuagoa da gizarte mailan -eta hau da niretzako hurrengo urteetan daukagun erronka handienetariko bat – ezartzea arau batzuk edo behintzat hausnartzea honen inguruan eta jakitea zer nahi dugun. Eta bestetik ezagutzea edo ikastea gure buruak ahalik eta ondoen babesten. Espazio honetan ahalik eta seguruen egoteko.

Zer moduz joan da ikastaroa?
Ikastaroa oso dinamikoa izan da. Batez ere euskarri digitalak erabili ditugu. Adibidez ikus-entzunezko material asko erabili dugu eta horietan benetako egoerak agertu dira. Asko abiatu gara ere bizipen pertsonaletatik, norberaren esperientziatik. Ikasle gehienak irakasleak izanda , hezkuntza arlokoak izanda, oso erreza izan da azkenean. Egunerokotasunean horrelako egoera pila bat suertatzen direlako.

Zein izan da azken helburua?
Ikastaro honen helburua ditugun beldur eta arrisku horietatik ihes egitea izanda eta nolabait sare sozialen mundua eta harremanen mundua beste ikuspegi batetik begiratzea. Nolabait begirada aldaketa bat bultzatzea; eta hausnarketa kolektibo bat egitea ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude