Idoia Zengotitabengoa: “Gaur egungo errealitatean Gutasuna nola eraikiko dugun hausnartuko dugu”

UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan eta Iratzar fundazioarekin elkarlanean ikastaro bikoitza antolatu da aurtengorako “Askapen bide(ar)en haritik” izenburupean; Iruñean hasi eta Baionan jarraituko duena. Idoia Zengotitabengoa Laka Iratzar fundazioko kideak eman digu ikastaroaren nondik norakoen berri.

Ikusi elkarrizketaren bideoa: https://youtu.be/OOpWwwxe_7A

Ikastaro bikoitza antolatu duzue; Iruñean hasi eta jarraipena Baionan izango duena. Duela 60 urteko paradigman du abiapuntu, baina zein beharrizani erantzuteko antolatu duzue?
Beste era batera ere izan zitekeen, baina kronologikoki antolatu dugu kasu honetan. Nolabait irudikatzea 60ko hamarkadan bazegoela berpizkunde bat, bazegoela irrika bat, edo ausardia bat; baita salto kultural edo politikoa ere, eraldaketa oso bat, amesten zela. Gerora begira XXI. menderantza, aldaketak gero eta handiagoak dira gizartean. Atzo agertzen zen gizarte indibidualista batean bizi garela, teknologiak zein garapen eta zein eragin duen gizartean, neoliberalismoa, pentsaera guzti hori… Ikusten duguna da gaur egungo errealitate horretara askapen bidearen hari hori nola heltzen den, nola ekin dezakegun, nola egin dezakegun, nola osatu dezakegun Gu bat. Kezka horretatik hausnarketarako plaza ireki nahi izan dugu.

Izan ginenetik abiatuta etorkizunari begira jarriko zarete. Izango garen galdetuz. Aldaketaren aurrean izaten jarraitzeko ausardia bera galdekatu nahi duzuela diozue.
Bi galdera daude ikastaroan, bitan banatu dugulako. “Izan ginelako izango gara?” da galdera bat. Iraganetik ikasi dugun hori mahai gainean jartzeko eta nora begiratzen dugun ikusteko. Bigarrena Baionan egingo duguna da “garelako, zer izan nahi dugu?”. Hor hausnartuko dugu gaur egungo testuinguruan nora joan nahi dugun, nola joan nahi dugun, nola eraikiko dugun Gutasuna, besteekin askapen bide horretan edo bideetan aritzeko. Etorri egingo delako etorkizuna, gaur ere dagoeneko bagarelako, norbait. Esaten duguna da nola egiten dugun hori. Horretara ausardiaz salto egitea. Eta eztabaida irekitzea ere bai.

Marko teorikoez gain, mahai inguru teorikoagoak izango dira batetik, baina esperientziei egunero borroka horiei lekua egin nahi izan diezue.
Bai. Badaude nolabait esateko “adituak”, badatozenak mundu teorikotik, ikerketatik eta unibertsitatetik; badaude ere parte-hartzaileekin eztabaidak egiteko guneak; jakintza kolektiboa eraikitzera begira. Azkenean parte hartzen dugun horretatik badugu bakoitzak zein ekarpen egin, denen artean eztabaidatzeko. Badaude ere kasu honetan “Gugintzarako bideak” deitu ditugun atal horiek, arituak izango direnak protagonistak. Izan ere, uste dugu XXI. mende honetan dagoeneko egon badaudela gaurkotasunetik borrokarako espazioak, borrokarako bideak eta horien praktikatik eta horien hausnarketatik ere asko dugula ikasteko eta gureratzeko.

Ondorio batzuk aterako dira Iruñean eta Baionarako trantsizio hori nola egingo duzue? Hemengoa ondorioak eramango dituzue?
Parte hartzaile batzuk dagoeneko esan dute jarraituko dutela ikastaro guztian zehar. Horren beldurra ere bagenuen. Azkenean apurketa bat dago tartean. Saiatuko garena da hemen egiten direnak jaso eta hara nolabait itzultzen. Dena den uste dugu zatiketa bat badagoela, kronologikoa. Azkenean Baionakoa gehiago zentratuko delako etorkizunera begira; gaurdanik zer egin, zer eraiki dezakegun. Noski guretzat interesgarria da gaur arte landutako hori motxilan ekartzea, jakintza-motxila bat delako. Saiatuko gara. Ez dakit lortuko dugun.

Zein da ikastaro bikoitz honen azken helburua?
Helburu bat baino gehiago ditugu. Batzuk kanpora begirakoak eta besteak etxe barrura begirakoak. Hori osasungarria dela uste dugu. Kanpora begirakoetan guretzat UEUrekin plaza bat partekatzea da beste jende batekin plaza partekatzea, anitza den plaza bat partekatzea eta beti da interesgarria de facto hori egitea. Gerora begira grabatzen ari gara hitzartzeak eta hori bada jakintza metatu bat egongo dena hor eta erabili ahal izango duguna. Etxe barrura begira zein kanpora begira. Hitzartzeak askok idatziz eskatu dizkigute, beste pausa batzuetan irakurri ahal izateko, hausnarketa egin ahal izateko. Ikusiko dugu noraino heltzen garen, baina hori ere bada asmoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude