Aitor Salaberria: “Ikasleek ez badute ezagutzen tokiko biodibertsitatea, ez dute sekula babestu nahi izango”

“Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza DBHko Natur Zientzietan: ingurumenari loturiko proiektuen diseinua” izeneko ikastaroa izan da Iruñeko Ezpeleta jauregian UEUk antolatuta. Aitor Salaberria, UEUko Natur Zientziak saileko sailburua eta Euskalnaturako kidea da antolatzaileetako bat.

 Ikusi elkarrizketaren bideoa

Arazoetan oinarritutako irakaskuntzaz gero eta gehiago entzuten da. Zer da?
Arazoetan oinarritutako irakaskuntzaren inguruan hitz egiten dugunean ari gara irakasteko modu batez, oinarritzen dena gertuko arazoetan; ikasleentzako ezagunak diren arazoetan. Ulertzeko errazena adibideak jartzea da. Ibaiak kutsatuta daude, hori gertuko arazo bat da; eta ikasleek haien herriko erreka kutsatuta ikusteak laguntzen die gero horren inguruan eraikitako unitate didaktiko edo dena delakoarekin errazago ikasten. Arazoetan oinarritutakoa izateko badira irizpide batzuk: gertuko arazoa izatea, motibazioa pizteko gaitasuna edukitzea; eta, gainera, talde lanean oinarrituta, eta lankidetza kooperatiboan oinarritutako tekniken bitartez egiten dena izatea.

Zergatik da horren garrantzitsua?
Izugarrizko malgutasuna daukalako irakasteko garaian. Abiapuntua berdina izanda, arazo egoera jakin bat izanda, molda daiteke maila askotara, eduki askotara, iraupen askotara… Esaterako Hondarribiko Talaia institutuan arazo egoera baten bitartez Jaizkibelgo biodibertsitatea, harekin lotutako ekosistemak, eta bazka sareak eta abar irakasten aritu gara. Arazo egoera hirigintza proiektu bat zen, Jaizkibelgo eremu babestu batean. Eta arazo egoera horretatik abiatuta DBH1n eta DBH4n kasu bakoitzean curriculumean jasotako edukiak lantzeko aprobetxatu dugu. Malgutasun hori eta ikasleek gertuko adibideen inguruan lan egiterakoan motibatuago izateko gaitasun hori dira garrantzitsuenak arazo egoerez hitz egiterakoan. Arazoetan oinarritutako irakaskuntza horrek motibazioa pizteaz gain, laguntzen du ikerketatxoen bidez, ikasleek galderak egiten, eta ikasketa esanguratsuagoa lortzen.

Zer berezitasun dauka natur zientzietako ikasgaietan?
Arazoetan oinarritutako irakaskuntza diziplina guztietarako da baliagarria. Are gehiago, diziplina guztiak batera lantzeko estrategia da. Natur zientzietan ematen du gaitasuna, ematen du aukera ingurumenari lotutako proiektuak egiteko. Biodibertsitatea gutxi jorratzen da, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta lantzeko garaian arazoetan oinarrituta eginez gero laguntzen du inguruko biodibertsitatea ezagutzen, tokiko animaliak ezagutzen. Haien arteko harremanak, nolako lehia daukaten haien artean… Beharrezkoa iruditzen zaigu lantzea tokiko biodibertsitatea; gero naturarekiko jarrerak horren menpekoak direlako. Ikasleek ez badituzte ezagutzen inguruko espezieak, ez badute ezagutzen inguruko basoa, inguruko erreka… Ez dute sekula babestu nahi izango. Familia barnean edo gainontzeko kanaletatik orain arte ingurumenaren jakintzaren inguruan emandako trukea edo transmisioa eteten ari denez, hezkuntza ari da bilakatzen ingurumeneko auziak lantzeko esparru bakarrenetakoa.

Euskal Herrian badira saio arrakastatsu batzuk.
Nahiko sorta zabala dago. Nik ingurumenari lotutako proiektuak izango ditut hizpide. Asko daude lotutakoak espezie mehatxatuekin. Esaterako Plaiaundin (Irun) apo lasterkariaren populazioak arriskuan zeuden, gero eta habitat gutxiago zeukatelako eta ugaltzeko putzuak desagertzen ari zirelako. Hori arazo egoera legez planteatuta ikasleei, haiek [ikasleek] egin behar izan zuten apo horrentzako putzuak eraiki, diseinatu, jakin zein beharrizan dauzkaten, zer den putzu bat, zein harreman daukaten bertako landarediarekin, animaliekin… Abiapuntua izanda espezie mehatxatu baten egoera kaskarra, hari laguntzeak, espeziea ulertzen, eta ingurumeneko mekanismoak ulertzen asko lagundu zuen. Txoriekin ere proiektu asko egin izan dira. Arazoetan oinarritutako irakaskuntzak testuingurura moldatu behar duelako, ikastetxeko testuingurura; eta eremu hiritarrean, lorategiak izaten dira inguruko berdegune bakarrak. Orduan horri zukua ateratzeko ideia ona da txorientzako bazkalekuak edo jantokiak jartzea, eta horrela erakartzea biodibertsitatea ikastetxera. Horrek laguntzen du bertako txorien inguruko ezagutzak lortzen. Gero oso klasikoak izaten dira hirigintza proiektuak; erakusteko biodibertsitatea mehatxupean dagoela edo arriskuan dagoela; eta horri aurreko egiteko neurriak hartu behar direla. Lehen aipatu dudan Talaiako adibidea ere horren ingurukoa da. Espezie berezi batzuk bizi diren eremuan, eremu babestuan, eraikitzera doaz zerbait, eta jakin behar dugu orduan, zer ariko ginatekeen galtzen, eta nola egingo genukeen guk ahalik eta inpaktu gutxiena sortzeko. Tankera horretako proiektuak egiten dira gaur egun eta arrakastatsuak direnez, saiatu gara ikastaro honekin irizpide batzuk ematen horrelakoak sortzeko garaian asmatzeko.

Nola landuko duzue hori ikastaroan?
Guk arazo egoeratan sinisten dugunez gure ikasleei ere, irakasleei, arazo egoera propio bat planteatu diegu. Haien arazoa da ikasleei irakatsi behar dietela ganoraz eta horretarako sortu behar dutela arazoetan oinarritutako proiektu bat. Goiz batean marko teorikoa landu dugu, gutxi gorabehera zein irizpide behar diren proiektua arrakastatsua izateko, zein ezaugarri, nola, noiz, ze denbora… Eman diegu ideia zaparrada bat, eman diegu lankidetza kooperatiborako baliabideen zerrenda, lagundu diegu informazioa lortzen, gero sortu ahal izateko nork bere proiektua. Goiz teoriko horren ondoren ikastaroko gainontzeko denbora guztia bakoitzak bere proiektua diseinatzera bideratu dugu. Talde lanean, gainontzekoen ideietatik elikatzen, baina nork bere proiektuaren gidalerro nagusiak osatzen; egitura nagusia behintzat. Ez du ematen bi egunetan nahi adina sakontzeko, jarduerak ere zehazteko; baina bai behintzat egitura orokorra lantzeko; zein iraupen edukiko duen, zein gai jorratu nahi ditugun; eta arazo egoera bera planteatzeko.

Azken batean zein da ikastaroaren helburua?
Irakasleei tresnak ematea, arazoetan oinarritutako irakaskuntzara egokitzeko; eta horretarako baliabideak eskaintzea, adibideak eskaintzea, eta baita aholkularitza ere. Joserra Diez EHUko Zientzia eta Didaktika saileko irakaslea etorri da gurekin eta Iñaki Sanz DBHko irakasle eta Aranzadiko kidea ere bai. Bien aholkularitzarekin, nork bere esperientziatik eta profilak oso osagarriak izanda; batzuetan batek teoria aldetik zer komeni den esaten, eta besteak ikastetxearen errealitateak zapuztuko duela esaten; proiektu bideragarriak osatzea; ikasgelan aplikatzeko modukoak hurrengo ikasturtean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude