Ruben Urizar: “Azentuarena historikoki baztertua izan den alderdia da”

Hitzetik Hotsera izenburupean Hizkuntzalari Euskaldunen IV. Topaketa izan da gaur Iruñean. Ruben Urizar Enbeita UPV/EHUko irakasle eta UEUko hizkuntzalaritza sailburua izan da antolatzaileetako bat. Topaketa amaieran hitz egin dugu berarekin.

Hizkuntza aztergai zuten proiektuak edota tesi-lanak izan dira protagonistak aurreko topaketetan. Laugarren topaketa honetan ahoskera izango da protagonista bakar. Zergatik erabaki duzue hala egitea?
Topaketetan bi modelo-edo izan ditugu. Bi urtetan egin dugu ikerlari gazteak ekarri eta workshop txiki bat balitz bezala bakoitzak bere ikerketak eta bere proiektuak aurkeztea. Beste bitan egin dugu ustez gai interesgarri bat aukeratu eta jende aditua ekarri. Aurten tokatzen zen intereseko gai bat hartzea eta horren inguruan jende interesgarria ekartzea aditua horretan. Aspalditik geneukan buruan euskararen ahoskeraren inguruan interesgarria izango litzatekeela eta prest agertu ziren lehenengo lehenengotik Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko Lurdes Oñederra eta Oroitz Jauregi ere bai. Eta horri heldu genion. Iruditzen zitzaigulako interesgarria izan zitekeela.

Ahoskeraren inguruan batez ere zein hutsune ikusten duzue?
Euskaltzaindiaren aldetik nik uste dut badagoela susmoa, edo susmoa baino gehiago euskara batuari buruz gramatika edo lexikoaren inguruan hartu diren erabakiak askoz gehiago ezagutzen ditugula euskaldunok orohar ahoskerari dagozkionak baino; eta hori EBAZ edo Euskara Batuaren Ahoskera Zainduaren arauak, berez 98ak direla. Ez dira ezagutzen edo ez dira ondo ulertzen. Ikastaro honen helburuetako bat zen arau horiek azaldu eta nola interpretatu behar ziren jakiten pixka bat laguntzea.

Zein da horretarako erabili den metodologia?
Lehenengo partean Lurdes Oñederra saiatu da azaltzen zergatia, zergatik hartzen diren erabaki hauek. Ikuspegi teoriko batetik. Bigarren pausua izan da arau nagusienak azaltzea. Eta gero tarte luze bat ere egon da jendearen galdera-erantzunetarako. Iruditzen zait parte hori oso interesgarria izan dela. Jendearen zalantzak agertu dira hor.

Batez ere zein kezka nagusi agertu dira?
Esatebaterako azentuaren inguruan proposatzen dutena da, ez eredu bakarra proposatzea, baizik eta bakoitzak daukan hori ezartzea. Eta hor duda sortzen da euskara ama hizkuntza dugunok badaukagula nora jo, baina berez ez daukanak, eredu bat proposatzen ez bada… Hor Lurdes Oñederrak ondo esan du ingelesez ere gauza berdintsua gertatzen dela. Tokatu izan bazaigu ingeles irakaslea Irlandakoa, edo amerikarra edo australiarra, bakoitzak bere azentuan erakutsi digu. Eta orduan irakaslearen esku geldituko litzatekeela hori. Hori izango zen atera den gaietako bat. Eredua badago pixka bat kontsonante eta bokalen mailan nola ahoskatu behar den, zer proposatzen den eredu batu zaindu baterako, baina azentuaren inguruan ez da gauza handirik esaten eta bidea uzten da pixka bat zabalik.

Hizkuntzalarien topaketa izan da, baina ahoskera aipatzen dugunean hizkuntzalarietatik harago doan zerbait da, ezta?
Bai bada; baina nik uste dut izenburuak hala iradoki duelako-edo asko filologoak egon garela eta gero azalpenetan ere ikusi da, eurak ere konturatuta filologoak zirela, bai egin dela alderdi filologikotik… Baina bai, nik uste dut interesgarria izan zitekeela filologoa ez den edozeinentzat ere ikusteko zer proposatzen den akademiatik.

Besteak beste, kazetariek ere zeresana ere badute ahoskera ereduan
Arau horietan bai zehazten da zer den euskara batua zaindurako egin beharrekoa. Azentuaren aldetik ez da aipatzen, baina beste gauza batzuetan bai. Ba bai, nik uste dut tentu bereziz begiratu behar lioketela arau horiei kazetariek eta publikorako hizkuntza erabiltzen duten horiek. Azken batean eredu izango direlako. Ikastaroa irakasleentzat ere bideratuta zegoen. Atzean zegoen filosofia zen azentua dela gauza bat ikasi eta irakatsi daitekeena ere. Beste gaietako bat hori izan da. Nola irakatsi. Izan omen da, gainera, azentuarena historikoki baztertu izan den alderdi bat. Ez da landu izan eskoletan ahoskera inoiz.

Orokorrean ahozkotasun bera landu delako gutxi?
Beharbada horretxegatik ere bai. Beste alde batetik ere ez delako egon instrukziorik. Irakasleek askotan eskatzen dute eredu bat eta justu gauza batzuetan ez da eskaintzen; eta bestetik ez dutelako eurek ere ikasi nola irakatsi.

Bigarren partea izan da praktikoagoa. Jarri gaitu esaldiak-eta irakurtzen. Ondorioetako bat izan da batez ere jaiotzez euskaldunak garenak bilatu behar dugula guk geure euskalkian nola hitz egiten dugun eta hori islatu irakurtzean. Askotan hasten gara irakurtzen hitz egingo ez genukeen bezala. Bi ordu ikastaro praktikoa izan da, ez zuen ematen askotarako, baina gutxienez ahobizar hori kentzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude