Itziar Larzabal: “Irakasleen eragite esparrua ez da askotan uste bezainbestekoa; eta denbora falta dute gainera”

UEUk eta Nafarroako Hezkuntza departamentuak elkarlanean hainbat ikastaro antolatu dituzte Iruñeko Udako Ikastaroen barruan. Besteak beste Euskararen erabileraren lanketa ikasgelan HH-LH izenekoa. Itziar Larzabal Bengoetxea da arduraduna. Pedagogian lizentziatua da Larzabal eta ebete hizkuntza zerbitzuen bidez, euskararen erabilera modu praktikoan eragitera bideratutako estrategia eta tresnetan aditua da.

 

Ikusi elkarrizketaren bideoa: https://youtu.be/vbmLtiW1CmA

 

Euskararen erabilera ikasgelan. Zeintzuk dira egunerokotasunean heltzen diren kezkak? Zein gabezia daude?
Egunerokotasun hortan ikusten dugu irakasleek-eta badituztela zailtasunak. Lehenengo gauzetako bat da helburuak argi ez dauzkatela askotan. Galdetzen diezunean “euskararen erabilerarekiko zein helburu daukazu?”. Oso gauza orokorrak erantzuten dituzte: “Erabili dezatela”. Egiten diezunean galdera, “baina zuri erantzuten dizute euskaraz?”, erantzuna askotan da ezetz. Orduan, zuri irakasle bezala euskaraz erantzuten ez badizute nola egingo duzu beraien artean egin dezaten. Lehenengo gabezia helburuak argi edukitze horretan dago; eta batez ere, helburuak argi edukita ere -eta batzuetan oso argi dauzkate- nola egin helburu horietara iristeko. Ze tresna, nola jokatu… Hor topatzen ditugu zailtasun dezente; eta saiatzen gara gauza praktiko horietan laguntzen nolabait.

Bideko pausu zehatz horiek..
Bai, bai. Ikusi dezakegu lehenik eta behin gure ikasle horiek hizkuntzak ikasteko prozesu horretan zein bide edo zein prozesu bizitzen ari diren. Lehenengo gauza da ulertzea gure ikasleak nola dauden. Hor ere joera batzuk ulertu behar dira, nahiz eta gure gustukoak ez izan. Ikusi gelan zer daukagun eta izan errealistak. Askotan nahiko genuke ez dakit zein helburu, baina gelan daukagu daukaguna eta hortik abiatu beharra dago. Helburuak ondo finkatu, eta helburu horiek ondo dauzkagunean estrategia zehatzak, tresna zehatzak, gauza zehatzak, jokabide zehatzak… Hortik aurrera lortuko dugu agian zerbait.

Zeintzuk dira eskolaren mugak?
Gaur egun irakasleei pila bat eskatzen zaie. Euskara kontuetan hau eta beste eskatuz gatoz, gu [hizkuntza zerbitzuak] eta gurasoak; gizartea orokorrean. Aniztasunetik ere eskatzen dituzte beste gauza batzuk. Berdintasunetik ere bai. Nik uste dut iritsi dela momentu bat non irakasleek gainezka egin duten edo hor dauden askotan, muga mugan. Eta kontuan hartu behar dugu. Bada diapositiba bat guk saio ia guztietan erabiltzen duguna eta galdera egiten diegu irakasleei, “hartu ikasleen urtebeteko esna-orduak, lo orduak kendu, eta ehuneko zenbatean uste duzue irasleok eragin dezakezuela?”. Guk euskara jartzen dugu, baina beste edozertarako balio du. Eta kentzen hasten bagara lotan dauden ordu horiek, eskolan ez dauden ordu horiek, eskolaz kanpokoetan dauden ordu horiek, irakasle bakoitzari gutxi gorabehera geratzen zaiona da ikasleen ikasturteko esna-orduen %15a. Hori oso gutxi da. Askotan gurasoen hitzaldietan galdetzen dugunean gauza bera uste dutenaren portzentaia askoz altuagoa da. Gizartean oraindik ere badago pentsaera hori. Irakasleek gauza asko egiten dituzte, eta ikastetxera bidaliko ditugu eta egingo dute. Eta orduan lehenengo muga hor dago. Askotan topatzen dituzu irakasleak erabat motibatuta, gauzak egin nahi dituztenak, baina denbora falta ere bai. Hori ere bada. Batetik beraien eragite esparrua ez dela askotan uste bezainbestekoa eta bestetik denbora horren barruan denbora falta daukatela. Eta askok ez daramate batere ondo denbora falta hori.

Nola landuko duzue ikastaroan. Zein izango da metodologia?
Gure metodologia da oso praktikoa eta zehatza. Gutxienez saiatzen gara horretara hurbiltzen. Badakigulako behar dituztela gauza oso zehatzak. Orduan saiatzen garena da metodologia aldetik oso hurbilekoak izaten, oso praktikoak izaten, eta eguneroko horretara hurbiltzen. Helburua ondo zehaztu, ez galdu orokortasunetan, eta helburu hontara hurbiltzeko baduzu tresna zehatz hau, estrategia hau, jokamolde hau… Askotan pentsatzen dut sinpleegiak izango ote diren, baina gero egiatan, irakasleekin ari zarenean, konturatzen zara baliagarriak direla bere sinpletasun horretan; eta funtzionalak. Hori eskertzen dute pila bat irasleek. Bidea eskaintzen ari zara eta tresnak baita ere.

Zein da azken helburua?
Ez dakit gure helburu den, edo obsesio bihurtzen ari den [barre egin du]. Gure helburua batez ere da gure haur eta gazte horiekin diharduten eragile horiei baliagarri zaizkien tresnak eta praktikotasun hori eskaintzea. Azkenean lortu behar duguna da ez dadila geratu hau irakasleen eskuetan bakarrik. Bakoitzak hartu dezala bere ardura. Familiek badaukate beraien ardura, egin ditzakezu gauza asko euskaraz jakin gabe ere. Gurasoek zein ardura daukaten, ardura horiek hartu ditzatela; irakasleek ere bai, nola ez. Badago baita ere eskolaz kanpoko jarduera, aisialdia, udalekuak… Eta gizartea, orokorrean. Norberak hartu behar du bere ardura hori; bestela dena geratzen da irakaslearen %15ko eragite esparru horretan. Eta hori argi da ez dela aski. Aktibatu gaitezen guztiok eta egin dezagun bakoitzak gure lana; eta gure ardurak hartu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude