Arantza Gutierrez: “Betaurreko moreak magikoak dira; komunikabideei esango nieke benetan erosteko”

UEUren Iruñeko ikastaroen barruan, atzo eta gaur “Komunikazio estilo feminista lantzeko ikastaroa” izan da, besteak beste. Arantza Gutierrez Paz da arduradunetako bat. UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea da Gutierrez eta baita UEUko Komunikazio Saileko kidea ere.

IKUSI elkarrizketaren bideoa

Oraindik ere hitzaldi, mahai-inguru eta tertulietan emakume falta nabaria da. Autoexijentzia da? Gure buruari hala moduzkoak izaten ez uztea? Zer dago atzean?
Alde batetik formatua bera kontuan izan behar dugu. Zein formatutan eta zein esparrutan diren normalean egiten diren mahai inguru horiek komunikabideetan bereziki. Horietan normalean denek denaz hitz egiten dute eta, gainera, oso esparru maskulinizatu batean. Gainera, formak ere oso maskulinoak izaten dira. Bilatzen dena da liskarra, gatazka, eztabaida, elkarri moztea… Horren aurrean askotan emakume asko gaizki sentitu dira eta probatu ez dutenak ez dira ausartzen hori ikusita. Eta gero badago ere autoexijentzia. Emakumeok beti izan behar dugu perfektuak, beti izan behar dugu ama perfektuak, gorputz perfektuak izan behar ditugu, eta superwoman izan behar dugu. Perfekzio hori hain barneratuta daukagunez, gure inperfekzioak -inperfektuak baikara- gure akatsak, nabarmendu egiten ditugu eta askotan blokeatu egiten gaitu horrek. Eta, gainera, inperfekzio horiek beste batzuk ikusten dituzte eta ez dira konturatzen; baina gu bai; gu beti gaude gure barruan begiratzen. Gu beti gaude gure burua zigortzen.

Epaituak izateko beldur hori…
Bai, baina epaile okerrenak gu gara, norbera da. Besteek ziurrenik ez gaituzte horrela epaitzen. Guk bai, guk gurea epaitzen dugu etengabe eta, gainera, oso zigortzaileak gara gure buruarekin. Esan beharrean “begiratu, hau hobetu behar dut”, pentsatzen gaude “hau egin dut gaizki, hau esan behar nuen, zergatik ez diot erantzun,zergatik erantzun diot hau. Beharbada min eman diot erantzun dudanean”.

Emakumea eta esparru publikoa bakarrik ez, komunikazio estiloak ere landuko dituzue ikastaroan. Zer da landuko duzuena?
Normalean hiru daude: pasiboa, agresiboa, eta asertziozkoa. Batzuetan paper pasiboa hartzen dugu, ez garelako ausartzen, esparru horretan ez dugulako sartu nahi. Eta pasibotik agresibora pasatzea batzuetan berehala egiten dugu. Minduta gaudenean-eta agresibo bihurtzen gara. Eta, gainera, eredu agresibo hori oso maskulinoa da. Askotan hori jasotzen dugu, hori jasaten dugu emakumeok, eta horren aurrean ere agresibo jartzen gara. Batzuetan asertibitatea erabiltzea zaila da eta asertibitatea erabiltzeko teknika batzuk ikasi behar ditugu. Gainera, batzuetan asertziozkoak gara, gauzak modu onean esaten ditugu, irribarrea galdu barik, baina esan egiten ditugu eta, orduan, agresibotzat hartzen dituzte. “Aizu, egin duzun horrek min eman dit” edo “ ez daude ni begirunez tratatzen” esatean, askotan, agresibotzat hartzen dute. Komunikazio prozesu honetan zu eta biok gaude. Eta ni gaizki sentitzen banaiz, beharbada zure komunikazioa ez da ona. Eragina kaltegarria bada niretzako, hausnartu beharko zenuke. Horren aurrean beti da, edo gu gaudela gaizki edo guk dena hartzen dugula gaizki. Eta orduan hurrengo feedbacka oso agresiboa da. Oso ohitura handia dago emakumeen gorputzarekin sartzekoa esparru publikoan gaudenean. Gainera, min egiten badit eta esaten baldin badut, sentibera naiz, ahula naiz, biguna naiz; eta kentzen didazunean hitza, batzuetan egiten duzu ni laguntzeko. Nik hitz egiten dut, nire iritzia ematen dut, baina ez didate kasurik egiten; eta beti dago gizon galante bat nire hitzak berriro esaten dituena, entzun daitezen, eta, gainera, nahi duena ni lagundu ahalduntze prozesu horretan. Nik beti esaten dut ahaldundu dela aditz intrantsitiboa. Norberak egin behar duela. Egia da landu behar dugula eta zaindu behar ditugula pertsonak eroso egon daitezen, baina bakoitzak egin behar duen prozesua da. Eta ez didazu zertan nire hitza eta ahotsa kendu behar.

Komunikazio estilo feminista aipatzerakoan nola ikusten dituzu euskal komunikabideak? Zein da diagnosia?
[Asperen egiten du] Beno, izango naiz optimista. Erdal komunikabideena baino hobea da. Erdal komunikabideetan sartzen dut ETB2a, adibidez. ETB1ean hobeto ETB2an baino. Euskadi Irratian hobeto Radio Euskadin baino. Alde batetik hizkuntzak badakarrela gozotasun bat, hizkuntza bera gutxitua denez, euskaldunok badaukagu elkarrekiko nolabaiteko begirune bat. Gainera, gertatzen da beharbada horretan ereduak ez daudela hain estereotipatuak. Orduan esango genuke, hobeto, baina jendartean dauden gauza asko errepikatzen dira. Beti hartzen dutela [gizonezkoek] hitza behin baino gehiagotan eta irudietan ere bai ikusten dugu zenbat gizon eta zenbat emakume dauden tertulia batzuetan, saio batzuetan; edo adituak eta arituak joaten direnean. Erantzunak ere nolakoak izaten diren. “Emakumeek ez dute nahi”, “emakumeek ez dute hitz egiten”… Horrekin gelditzen baldin bazara txarto. Egia da kostatzen zaigula gehiago eta prozesu hori eman behar dela, baina beste alde batetik ere bilatu behar da gauza horiek beste era batera nola landu. Egin behar den esfortzua da. Batzuetan alda daitezke formatuak. Ez dira beti agertu behar adituak. Beharbada aditu gutxiagoekin egin daitezke gauza batzuk. Edo adituen ahotsak entzun, irudiak ez badira. Buelta bat ematea, azken batean. Ez jarri beste zama bat emakumeen gainean. Guk dagoeneko oso motxila pisutsua daukagu.

Hori iritzia ematerakoan, baina kazetaritza lantzerakoan, estilo feminista aipatzen dugunean, zer da bai ala bai izan behar duena?
Betaurreko horiek jartzen baldin baditugu beste era batean ikusten ditugu gauzak. Alde batetik ikusiko dugu edozein gai hartzen dugunean zein eragin daukan emakumeengan. Ez bakarrik neutro den gizon horrengan. Gizon zuri, europar horrengan. Oso androzentrikoa, oso europazentrikoa, eta zurizentrikoa, nolabait esateko. Hartzen dituzunean betaurreko moreak, ez da bakarrik hori; hainbat errealitate ikusten dituzu. Bat-batean ikusten duzu pertsonak desberdinak direla. Batzuk gorreria dutela, beste batzuek ezin dutela ibili, batzuk buruko gaixotasun batekin bizi behar dutela… Oso betaurreko magikoak dira. Nik esango nieke komunikabideetan, benetan, erosteko horiek. Behin betaurreko moreak jarrita errealitatea beste era batean ikusten duzu. Emakume eta gizon arabiarrak ikusten hasten zara zure ondoan, zure berdinak direla; ikusten dituzu kolore ezberdinetako pertsonak; ikusten duzu umeek ere badutela euren iritzia, ez direla iritzi eta sentimendurik gabeko izakiak. Hainbat gauza zabaltzen dira. Eta hori da komunikazio estilo feminista. Zertan oinarritzen den bereziki? Entzuketan, besteak entzutean; enpatian, eta beti aniztasuna ikusten. Ez garela berdinak eta ezin garela estereotipo batzuetan, klixe batzuen barruan sartu. Hori da estilo feminista.

Ikastaroa antolatzerakoan zein izan da helburua edo zer lortu nahi duzue ikastaro honekin?
Esperimentu moduko bat da. Hausnartzea, urteetan ikasitakoa zabaldu, eta gainera erantzutea behar bati. Askotan esaten digute, “ holako ikastaroak egin beharko genituzke”, “formazioa falta zaigu”… Bada hutsune hori betetzea ere bai. Eta horrekin guk erreflexionatzea eta lantzen jarraitzea. Eta esaten digutenean “ emakumeek ez duzue parte hartzen”, “begiratu hau da egiten dugun diagnostikoa, eta honek erreminta batzuk hori gertatu ez dadin”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude