“Kultur kudeaketa feministak edukiak eta irakurketak aztertu behar ditu, baina egiteko moduak ere oso garrantzitsuak dira”

UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan “Kultur kudeaketa eta feminismoa. Aritzetik partekatzeko, partekatzetik eraikitzeko espazioa” izeneko ikastaroa hasi da gaur Eibarren. Haizea Barcenilla Garcia eta Aintzane Usandizaga Lopez dira ikastaroaren arduradunak. Biek ala biek dute esperientzia kultur kudeaketan. Ikastaroa hasi aurretik hitz egin dugu beraiekin.

 

Feminismoa eta kultur kudeaketaren arteko loturaren beharra arakatzeko asmoa du ikastaroak. Zein da gaur eguneko testuingurua? Nondik abiatzen da?
UEUk eta EHUk antolatutako Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista graduondokorako kudeaketako modulua prestatzen hastean, konturatu ginen ez zegoela apenas kultur kudeaketa eta feminismoa lotzen zituen bibliografiarik. Baziren diziplina desberdinen inguruko kontu solteak baina oso espezifiko eta urriak. Bestetik, biok izan dugu esperientzia kultur kudeaketan, eta konturatu gara feminismoan garatzen ditugun elementu asko kudeaketaren praktikan txertatzea ez dela erraza, sistema azken finean kapitalista eta patriarkala delako. Hori dela eta, gogoetarako espazio bat sortzea aberasgarria izan zitekeela pentsatu genuen.

Argi utzi nahi izan duzue. Kultur kudeaketa feminista ez da soilik feminismotik bultzatutako kultur-ekoizpen eta pentsamendua programatzea
Kultur kudeaketa feministak alor desberdinei egin behar die so: alde batetik, noski, badago feminismotik egindako kultur sorkuntza; baina feminismotik egin ez den kultur sorkuntza askoz ugariagoa da, eta hori ere klabe feminista batetik irakurri daiteke. Alegia, kultur sorkuntza beti da historikoki espezifikoa eta gizarte bati lotzen zaio, honen baitako botere-harremanen berri ematen digularik: izan generoaren ikuspegitik, klasearenetik, etnia edo kulturaren alorretik… Kultur kudeaketa feministak irakurketa hauek martxan jarri behar dituela iruditzen zaigu.

Bestetik, kultur kudeaketaren alorrean ematen den antolakuntza bera, lan egiteko modua interesatzen zaigu; kulturaren prekarizazio eta feminizazioa esaterako asko larritzen gaituen kontua da. Kultur kudeaketa feministak edukiak eta irakurketak aztertu behar ditu, baina horrekin batera, egiteko moduak ere oso garrantzitsuak dira.

Aritzetik partekatzeko” diozue. Eta kasu praktikoek, esperientziek protagonismo handia izango dute. Zein izango da metodologia?
Teoria eta praktika uztartuko ditugu, baina praktikari leku handiagoa emanez; alde batetik, teoria gutxi dagoelako, eta bestetik, bizipenetatik abiatzea hausnartzeko modu erakargarria iruditzen zaigulako. Eremu hauetan aritzen den jendearekin hitz egitean, askotan bukatzen dugu antzeko esperientziak izan ditugula aipatzen; beraz, zergatik ez sortu espazio bat pausu bat aurrerago joan eta esperientzia horiei aurre egiteko estrategiak bultzatzeko?

Beraz, saio teoriko pare bat egongo dira marko bat ezartzeko, baina bestela mahai inguruak izango ditugu batez ere, eta parte hartuko duten lagunekin dinamikak jarriko ditugu martxan; bakoitzaren lan eta esperientzia alorreko egoera bereziak identifikatu eta landu ahal izateko.

Eta “partekatzetik eraikitzeko espazioa”. Sareak sortzea ere bada helburua. Hor bada hutsunea?
Diziplina desberdinetan sareak badira, esaterako, argi geratu zaigu bertsolaritzan emakumeen arteko elkarlana eta saretzea indartsua dela. Baina diziplinen arteko saretzea ahulagoa iruditzen zaigu. Korapilatzea gero eta anitzago eta indartsuagoa izatea, beti izango onerako.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Kultur kudeaketan dabiltzanei, bai instituzioetan, bai euren kabuz, bai herrigintzatik kultur sorkuntzan eta programazioan aritzen direnei; baita, zergatik ez, sortzaileei ere. Esperientziak elkartrukatzeko espazioa den heinean, profil anitzeko jendeak izan dezake zeresana.

Zer lortu nahiko zenukete?
Polita litzateke hainbat estrategia garatzea, oinarrizkoak badira ere, denok bizi izan ditugun hainbat esperientziei aurre egiteko. Ez dugu dekalogorik espero, ezta erantzun borobilik ere, baina ezegonkortzen gaituzten egoerak identifikatzeko hitzak eta beste modu batera lan egiteko bideak partekatzea lortzen badugu, pozik egongo gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude