Txabi Arnal Gil: “ Heriotza txiki-txikiak garenetik modu naturalean sartu behar da etxeko egongelara”

“Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan” izeneko ikastaroa izango da maiatzaren 11n eta 18an Iruñeko UEUren egoitzan. Txabi Arnal Gil UPV/EHUko Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleak emango du ikastaroa. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika da bere arloa eta psikodidaktikan doktorea da. Haur literaturan heriotzak duen trataera aztertu zuen bere tesian.

Heriotza bizitzaren parte bada ere, oraindik ere ez dugu heriotzaz hitz egin nahi edo kosta egiten zaigu…
Gurean heriotza eta horren inguruan hitz egitea Elizaren monopolioa izan da, eta oraindik ere bada (zigorra ala sariari lotuta beti). Gure hitza ordezkatua izan da, ez digute irakatsi, ez erakutsi ezta parte hartzen utzi ere. Kosta egiten zaigula heriotzaz hitz egitea.. Jakina!

Heriotzaren gaia haur literaturan nola lantzen den aztertu duzu zuk. Zer da zehatz-mehatz aztertu nahi izan duzuna eta zerekin egin duzu topo?
Azken urteetako haur literaturak dolua eta heriotza nola jasotzen dituen aztertu dut. Ikerketa horretarako batzuk izan dira kontuan hartu ditudan aldagaiak: lanen jatorria, protagonisten izaera eta ezaugarriak (hildakoenak eta horien senitartekoenak eta lagunenak), generoa, heriotza motak edota doluaren faseak, besteak beste. Eta haur literatura ausart batekin egin dut topo; ausarta, orekatua eta literarioa (didaktika hutsa baztertzen duena).

Prestatuta al gaude haurren hezkuntzan heriotza, dolua lantzeko?
Kontua da: haurren hezkuntzan heriotza eta dolua landu nahi ditugu? Baiezkoan, has gaitezen gure burua prestatzen.

Nondik abiatu behar genuke haurrak prozesu horretan laguntzeko? Geure burutik?
Haurrek modu naturalean ikasten dute, eta ez hori bakarrik: jakin nahi dute, ikasi nahi dute, jakin-mina piztuta daukate. Heriotza txiki-txikiak garenetik modu naturalean sartu behar da etxeko egongelara eta baita eskolara ere.

Zer hartu beharko genuke kontuan?
Esan dugu: umeak jakin nahi du, egia nahi du. Eta behar du.

Ikastaroan zein eratara landuko duzu gaia?
Hausnarketatik abiatuta praktikotasunera joko dugu. Baliabideak bilatu eta aztertuko ditugu, protokoloak idatziko ditugu, gu geu baliabide garrantzitsuena garela ahaztu gabe.

Zein da azken helburua? Zer lortu nahiko zenuke?
Heriotza desdramatizatu, baliabideak eman heriotzarekin bizitzen ikasteko, dolurako barne eta kanpo protokoloak garatu, norberaren bizitzarako eta lanerako baliagarriak izango zaizkigunak. Ez da gutxi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude