Ima Zestau: “Euskarak ustezko izaera neutroa duela sinetsi dugu eta ohartu ere ez gara egiten zama sexista non dugun”

UEUk Iruñean antolatu duen “Berdintasunaren bidean ahalduntzen” tailer zikloaren barruan “Euskara ez sexista” izeneko tailerra emango du Ima Zestau Baraibarrek. Euskarabidean-eko euskara teknikaria da Zestau eta Foru Administrazioetako langileen euskalduntze eta trebakuntzan aritu da azken 30 urte hauetan. Laneko eginkizunak ardatz hartuta, ikastaro teknikoak sortu zein eman ditu eta hala sortu da ikastaro hau ere.

Zein da ikastaroaren helburua?
Erabilera sexista euskaraz nola egiten dugun ohartaraztea da helburu orokorra; horrekin batera, erabilera ez-sexista egiteko baliabideak eskaintzea da helburu zehatzagoa. Maiz ohartu ere ez gara egiten zama sexista non dugun, batik bat euskarak ustezko izaera neutroa duela sinetsi dugulako. Beraz, identifikazioa da lehen urratsa gerora hobetzeko.

Euskararen erabilera sexista baten adibidea jar dezakezu?
“Non daude zure aitak?”, “Errege katolikoek egin zuten”, “Gizonaren garapena”, “Itsasgizonen aldarrikapenak”… Horiek bezalakoak, beti, testuinguru errealetan aztertu behar dira.

Erabilera inklusiboa lortzeko baliabideak landuko dituzue. Zeintzuk adibidez?
Enpatiarako galderak egitea: guztiok al gaude agerian esaldi horretan? Esan (eta idatzi) duguna esan nahi al genuen? Ba al dago menpekotasunerako harremanik? Adibidez “R. Etxeberria zientzialaria…”.

Hiztegia –lexikoa eta adjektiboak- zaintzea, gaztelaniaren presentzia antzematea: “Maisu lana egin zuen”, “Alkate jaun guztiak etorri ziren”…

Zein metodologia erabiliko duzu?
Dinamikoa eta praktikoa izanen da. Lehenbizi, hiru kontzeptu argitzen saiatuko gara: androzentrismoa, sexismoa eta testuingurua. Ondoren, erabilera sexistaren adibideak oinarri hartuta, horiek hobetzeko aukerak eskaini eta partekatuko ditugu.

Nori zuzendutako ikastaroa da?
Euskararen zama sexista identifikatu eta aterabiderako aukerak partekatu nahi duenari; baita testuak –idatzi zein ahozkoak- elebitan sortzen dituenari ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude