Birginia Pozo: “Sormenak globalizaziori min egiten dio bazter guztietatik”

“Irudi bidezko laburpenak: pentsamendu bisuala laburtzeko tresna gisa” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk Eibarren udaberrirako.  Birginia Pozo Gonzalez izango da irakaslea. Ingeleseko maistra eta psikopedagogian lizentziaduna da Pozo. 13 urte daramatza irakaskuntzan eta ia azkeneko bostak Lehen Hezkuntzako Berritzeguneko aholkulari gisa. Izena emateko epea irekita dago.

Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaroaren helburu nagusiena da ulertzea irudiak paper garrantzitsua izan dezakeela gure pentsamenduaren antolaketan; baldin eta guk protagonismoa ematen badiogu. Aro bisualean murgildurik gaude. Begietatik sartzen zaigu dena, sartzen digute; baina gero ez dugu bisuala den guzti hori gure onerako erabiltzen; ez diogu etekina ateratzen, ez digutelako inoiz erakutsi, edota ez diogu guk gure buruari inoiz baimendu. Ikastaroaren helburu ofizialetatik at, baditut nik bi helburu ezkutuan: batetik, datozen guzti horiek ez aspertzea eta ondo pasatzea (sufritzea ez baita inor etorriko!) eta bestetik, marrazteari beldurra kentzea! Ni ez naiz marrazkilari profesionala, ezta marrazkilari bikaina ere, pentsamendu bisuala lantzeko ez baita behar Frida Kalho bat izatea!

Zergatik da garrantzitsua pentsamendu bisuala garatzea?
Pentsamendua garatzea oro har da garrantzitsua. Mundu globalizatu honetan jendearen pentsamendu eta jokaera orokortu nahi den honetan, edozein pentsamendu lantzea da inportantea. Pentsamendu bisuala nik sormenarekin zuzen-zuzenean konektatzen dut. Eta sormenak globalizaziori min egiten dio bazter guztietatik. Pentsamendu bisualak hizkuntz bisual bat lantzeko aukera ematen digu eta errealitatea beste modu batean adierazteko tresnak eskaintzen dizkigu. Nire eremura ekarrita, irakaskuntza mundura, pentsamendu bisualak ikasteko eta ideiak antolatzeko balio digu. Betiko moduan ikasteko gai ez diren horiei beste aukera bat eskaintzen dio pentsamendu bisualak. Aniztasunari erantzuteko giltza.

Nondik hasi beharko genuke lantzen?
Aurretik aipatu dudan moduan, lehendabiziko gauza egin behar duguna da marrazkilari txar konplexua soinetik kendu. Historian zehar gizakiak marraztu egin du: kobazuloetan, elizetan, kaleetako hormetako grafitietan, komunetako ateetan, eskolako liburuetako bazterretan… Denok egin ditugu gure saiakerak gure buruan zeuden ideiak nolabait marrazkien (eta hitzen) bitartez adierazteko. Baina jaso dugun heziketagatik, gure beldurrengatik, inposatu digutenhau polita da, hau itsusia da” dikotomiagatik, askok gure sormenetik ihes egin dugu; nik neuk ere egin nuen bolada batez. Pentsamendu bisualak sormenaren geltokira bueltatzeko atea irekitzen digu; horixe da nire ustez hastapena, irteera.

Zein da erabiliko duzun metodologia?
Metodologia parte-hartzaile eta aktibo bat erabiltzea ezinbestekotzat jotzen dut. Teoriatik praktikara salto egingo dugu. Denon artean ikasteko eta denongatik ikasteko giroa baimentzen digun lan egiteko era. Nik parte-hartzaileetatik ikasiko dut, haiek niregandik (espero dut!), haiek haiengandik! Nire helburua da parte-hartzaile guztiak ikastaroa bukatzerakoan haien hiztegi-bisual propio bat etxera eraman ahal izatea. Ea lortzen dudan!

Nori zuzentzen zaio ikastaroa?
Ikastaroa diseinatzen ari nintzenean, galdera bera luzatzen zenidaten eta halaxe hasten nuen nire erantzuna: Monotoniatik urrundu eta pentsamendua beste modu batean adierazteko prest dagoen edonori. Gogoa sartu zitzaidan zerrenda ero bat egiteko: apunteak hartzen nekatuta dauden ikasleei, klaseak beste modu batean eman nahi dituzten irakasleei, erosketako zerrenda dibertigarriagoa egin nahi duen etxeko-andre/gizoneiBaina egia da ni irakaskuntza mundutik natorrela eta batez ere irakaskuntzan erabili ohi dudala pentsamendu bisuala. Hori bai, irakaskuntza mundutik beste norbait baldin badator orduan, UEUk eskaini didan erronka hau, erronka bikoitza izango da niretzat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude