Ganix Gesalaga: “Sarri, gehiago ikasten da berdinen artean; hizkuntza berdina erabiltzeaz gain, zailtasun, kezka eta helburuak ere elkarbanatzen direlako”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan, Iruñean, “Ikas komunitatea ikasketa dialogikotik abiatuta” izeneko ikastaroa izango da martxoaren 23an eta 30ean. Ganix Gesalaga Fernandez izango da ikastaroaren arduraduna eta berak eman digu ikastaroen nondik norakoen berri. Psikologian lizentziaduna da Fernandez; eta DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen prestakuntzaren masterra du Hezkuntza Orientazioko espezialitatean.

Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaro honen helburua ikas komunitate bat zer den eta berau sortzeko eman beharreko pausuak zeintzuk diren argitzea da. Bestalde, Euskal Herrian dauden eredu ezberdin batzuk aurkeztuko dira, lehendik urrats hori eman dutenen esperientzia ezagutzeko.

Zer da ikas komunitatea eta zergatik da garrantzitsua bere sortze prozesua ezagutzea?
Ikas komunitatea, hezkuntza arautuko esparruan ari garenean, ikastetxearen inguruan dabiltzan pertsona guztiek osatzen dutela esan daiteke; hau da, ikasle, irakasle, guraso, arduradun, zaintzaile, jangelako langile, sukaldari, garbitzaile eta beste hainbatek ez ezik, inguruan bizi direnen parte ere badela. Modu parte-hartzailean komunitateko kide denek zentroaren inguruko esparru guztietan parte hartu ahal izango dute; hau da, erabaki gune guztietan komunitateko kide guztien ordezkariek izango dute ahotsa. Honela, ikastetxea eskola orduetatik kanpo, bere komunitateak behar dituen zerbitzuak eskaintzeko gunea izango da. Halaber, hori horrela izateko lehen aipaturiko kide denek lan egingo dute, ingurua eraldatuko duen esparru bat bilakatuz. Zergatik den sortze prozesu garrantzitsua? Uste dut ezinbestekoa dela eskolako kide denek eraldaketa honetan parte hartzea. Prozesu hori ezagutzen ez bada, egin nahi diren aldaketak ez direlako eraginkorrak izango. Funtsezkoa da nondik nora joan nahi den jakitea eta urratsez-urrats aurrera egitea. Batzorde ezberdinetan parte hartu eta denen iritziak barnebiltzen dituen egitasmo bat osatu nahi bada, ibilbide horretan ez galtzeko, bidean dauden mugarriak zeintzuk diren jakin behar da.

Horretarako Ikasketa dialogikoa landuko duzue. Zeintzuk dira bere ezaugarri nagusiak?
Lanketa honen ezaugarri nagusiena berdinen arteko ikasketa da. Ikasketa dialogikoaren bitartez berdinen artean (ikasleek beraien artean, irakasleak beraien artean, gurasoak beraien artean) ikasteko aukera zabaltzen da. Sarri, gehiago ikasten da ezaugarri berdinak dituen eredu batetik; hizkuntza berdina erabiltzeaz gain, zailtasun, kezka eta helburuak ere elkarbanatzen direlako. Ez da ahaztu behar pertsona bakoitzak bere jakinduria esparrua duela eta alor horretan dituen gaitasunak beste kide bati transmititu diezazkiokeela. Hori da komunitate bat ahalduntzera eramango duena eta hau ikasketa dialogikoaren bitartez ematen da.

Zein da erabiliko duzun metodologia?
Ikastaro honetan azalpen teorikoak egongo dira, nola ez, baina talde txikietako lanketa ere izango da. Lehen esan den bezala, berdinen artean eman daitezkeen ikasketak oso garrantzitsutzat jotzen ditut eta ariketa horien bitartez bakoitzak bere ikuspegia adierazteaz gain besteen errealitatetik ikasteko aukera izango du. Honela, hausnarketarako aukera izango da, jasotakoa bere esparruan nola txerta dezakeen irudikatzeko. Bigarrengo eguneko saioan solasaldi dialogiko bat egingo dugu, teoria ematea ongi dagoen arren, berau praktikan jartzea garrantzitsua baita.

Nori zuzentzen zaio ikastaroa?
Ikastaro hau ikas komunitate bat sortu nahi duen orori zuzentzen zaio. Hau da, lehen aipaturiko komunitateko agente guztiak (ikasle, guraso, irakasle, orientatzaile, aholkulari, sukaldari…) ongi etorriak izango dira. Saio hauek, lehen esan bezala, ikas komunitate bat eraikitzeko egin beharreko lanketaren inguruan gehiago jakin nahi dutenei zuzentzen zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude