Jesus Mari Arruabarrena: “Memoria erregaia izango da argazkiak egiteko, piztu egiten gaituelako”

UEUren udaberriko eskaintzaren barruan “Memoriatik sormenera” izeneko argazkilaritza ikastaroa izango da martxoan eta apirilean Eibarko Markeskoa jauregian. Jesus Mari Arruabarrena Gaztelurrutia argazkilariaren helburuetako bat memoriaren balioaz ohartaraztea da. Izena emateko epea irekita dago. 

Zein da ikastaroaren helburua?
Atzera begiratuz, iraganari erreparatuz, ideiak eta sentimenduak berreskuratzea zerbait sortzeko. Idazle askok, esate baterako, metodo hori darabilte, benetako gertakarien berri emateko nahiz fikzio-lanak sortzeko. Baliabide honi egokia deritzot beste diziplina batzuetarako ere.

Zergatik da garrantzitsua memoria sorkuntzan?
Alde batetik, piztu egiten gaituelako. Luzaro itxita egon den kutxa bat irekitzen dugu eta emozioak biziberritu egiten dira. Beste alde batetik, denok bizi eta ikusi ditugulako esperientzia aberatsak, nahiz eta xumeak izan (oroimen indibidualaz eta kolektiboaz ari naiz). Eta, azkenik, oroimen horien xehetasunak behatuz, guk uste baino informazio askoz gehiago lortuko dugulako sormenerako.

Oroitzen trebatuko zarete ikastaroan. Adibide bat jarri dezakezu?
Bizitza osoari eta gizarteari erreparatuko diegu. Dena den, haurtzaroko kontuei arreta berezia eskainiko diegu. Zehatzago esanez, umetako hainbat gauza ekarriko ditugu gogora: harremanak, pozak, tristurak, xelebrekeriak, besteentzat deigarria izan daitekeena eta abar.

Kontakizun bisuala landuko duzue ikastaroan. Zertan jarriko duzu arreta?
Memoria erregaia izango da argazkiak egiteko (edo materiala biltzeko), baina hortik abiatuta, ahaleginduko gara dena delakoa irudien bidez kontatzen. Eta erronka horri aurre egiterakoan hainbat galdera datozkigu burura: Nolako argazkiak komeni zaizkigu? Nolako kontakizuna egingo dugu? Errealitatea fotografiatu ala egoerak sortu?

Zein da erabiliko duzun metodologia?
Hasteko, zenbait idazleren aipuak irakurriko ditugu, gaiaz hausnartzeko. Gero, argazkilari handien lanak ikusiko ditugu. Ondoren, nire esperientziaren berri emango dut eta zenbait lan aztertuko ditut. Azkenik, ikasleek lan praktiko bana egin beharko dute.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Argazkilariei eta argazkizaleei. Ez da beharrezkoa argazkilari aparta izatea, baina komeni da norbere kamera erabiltzen jakitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude