Euskal Natura elkarteak eta UEUren Natur Zientzien sailak antolatuta, NZ3T Natur Zientzien III. Topaketa izango da azaroaren 17an eta 18an Gasteizen. Besteak beste, kobazuloak izango dituzte mintzagai jardunaldiotan. Arantza Aranburu Artano geologoak (UPV/EHU), adibidez, kobazuloek eskaintzen dizkiguten altxorrez eta hauen kontserbazioaz jardungo du.
Zer da karsta? Zein funtzio/garrantzia du?
Karstifikazioa, azido karbonikoan aberastutako urak arrokan (gehienetan kareharrietan, baina ez soilik) eragindako higadura-prozesua da, nagusiki disoluzioa. Karsta, beraz, higadura-prozesuak arrokaren kanpoaldean (exokarsta) zein arrokaren baitan (endokarsta) sortzen duen erliebe eta eraldaketa-multzoa da.
Urak bere ibilguan mikro zein makro poroak garatzen ditu kareharrietan eta hauek dira euri-ura bere baitan biltzearen eta erregulatzearen arrazoi nagusi; akuiferoak sortuz.
Urak, disolbatuta ioi kaltziko zein bikarbonatoa garraiatzeaz gain, bestelako sedimentuak ere garraiatu edo/eta sartu ditzake kareharrietako kobazuloetara. Era honetan, karst sistemetan iraganeko erregistro ezin hobea topa genezake, eta denboran atzerantz (miloi urte batzuk arte) eginez naturaren irakurketa egitea ahalbidetzen du. Horretarako bertan gordetako lurzoru ezberdinak, polena, espeleotemak eta izaki ezberdinen aztarnak ere aztertu daitezke.
Espeleotemen baitan, estalagmitak dira klimaren “kutxa beltza”. Hauetan tantaz-tanta erregistratuta dago kristalak sortu zireneko (CaCO3ko δO aztertuz) kobako tenperatura (kanpoko urteko bataz-bestekoa dena), estalagmita hori sortutako lekuko tanta-jarioaren tasa (azterketa petrologiko eta geokimikoan oinarrituz); eta baita urak edo aireak sartutako polena ere, esaterako. Euskal Herriko kobetan estalagmita gehienak klima epel/beroetan sortuak dira eta ondorioz, glaziazioarteko erregistro klimatikoa da ondoen gorde dena. Garai hotzetan aldiz, urarekin batera sartutako lurzoru eta sedimentuak ditugu nagusi kobako barrunbeetan, hauetan ere polen erregistro bikaina topa genezakeelarik.
Euskal Herriko lurraldearen ia bi heren garai eta mota ezberdineko (kareharri zein tupa) karbonatozko arrokek osatzen dute. Horren ondorio da katalogatuta dauden koben kopuru altua: 6.000 koba sarrera inguru. Hori bai, mendi guztiak ez zirenez aldi beran sortu, gure lurretako karsta ere ez da leku oro berdina. Denak ez dira ez garai eta ezta modu berean sortuak. Horrela (eta oraingoz) euri urarekin erlazionatutako bi/hiru karst mota bereizi ditzakegu. Karst litorala dugu batetik (azken 4-5 Ma-etan? sortua); aireratutako iraganeko marearteko zabalgune ezberdinetan garatuak diren kastak. Hauen baitan, kanpo morfologia oso ezberdineko beste bi karst mota bereizten dira: karst konikoak (zaharrenak) eta exokarsta ia garatu gabeko karsta (1-2 Ma). Bestetik alpetar motako Karsta dugu. Garaiera altuetan (>700 m) sortua ; agian Miozeno garaitik aireraturiko kareharrietan garatutakoak dira. Bailara ibaitarrek banatuak dira eta oso eboluzionatuak/konplexuak.
Ondarearen zaintzari begira, kobazuloen arnasketaz ere hitz egingo duzu. Zer da zehatz-mehatz nabarmendu nahi zenukeena?
Kobetako ondareaz mintzatzerakoan denoi aztarnategi edo artelanak, edo/eta saguzarrak etorriko zaizkigu burura; baina Karstak balio handiko ondare mota ezberdin ugari ditu (naturalak, paisajistikoak zein kulturalak). Zaintza egoki baterako lehenik eta behin zer zaindu behar den, zerengandik babesteko (mehatxu-arriskuak), nola eta zeren truke, baloratu behar da; baina ezinbestekoa da ere inguru berean zein beste ondare ditugun ezagutzea.
Babestu behar den ondarearen arabera, hartu beharreko neurriak ere ezberdinak izango dira eta kasuan kasuko azterketa zehatza egin behar da. Lehenik eta behin gorde edo babestu beharreko ondareak dituen mehatxu edo arazoak nondik/zeren eraginez etor daitezkeen ezagutu beharko da, mehatxu/arazo hauen aurrean kobak nola erreakziona dezakeen aurreikusi eta arriskuen balorazioa egiteko. Honetarako ezinbestekoa da koba galeria bakoitzak “nola arnasten duen” jakitea. Hau da, kobaren baitako tenperatura, CO2, hezetasuna, ihintz-puntua, hidrologia/tanta-jario tasa… urtean zehar nola aldatzen den (kanpo-baldintzekiko ere) ezagutzea. Balorazioa egin ondoren bururatzen zaizkigun babes-neurriek beste ondare/balioengan izan dezakeen eraginaz ere hausnarketa sakona egitea beharrezkoa da.
Amaitzeko, era honetako topaketek zer eskaintzen dute?
Naturako gai ezberdinak jakintza arlo ezberdinetako jendearen artean partekatu eta Natura bere osotasunean aztertzera hurbiltzea.