Aresatz Usobiaga: “Topaketa hauetako helburu garrantzitsuena kolaborazio-sareak ezartzea da”

Datorren urriaren 25ean Osasun-zientzietako Ikertzaileen III. Topaketak izango dira Eibarren. Bertan parte hartuko du Aresatz Usobiaga Epelde kimikan doktoreak. UPV-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoaren Sailan irakaslea da bera eta bigarrenez parte hartuko du topaketetan. Izena emateko epea irekita dago.

Zerk ekarri zaitu Osasun-zientzietako Ikertzaileen III. Topaketera?
Kimika analitikoaren esparruko ikertzailea naiz eta IBEA ikerketa-taldeko partaidea (IBEA, Ikerketa eta Berrikuntzarako Analitika). Honela bada gure ikerketa taldearen kontaktu gehienak kimika analitikoaren mundukoak dira. Dena den, taldean dagoen ikerketa lerroetako bat konposatu bioaktibo naturalen inguruko kimikan oinarritzen da, honen barnean, terapiari lotutako Kannabisaren kimika. Osasun esparruan ez ditugu ikertzaile asko ezagutzen eta beti da interesgarria zure ikerketa lerroetako ikerlariak ezagutzea, are gehiago gertukoak badira topaketa hauetan gertatzen den modura.
Ez da lehenengo aldia parte hartzen duzula. Zer nolako esperientzia izan zen? Aurtengora begira zer espero duzu?
Aurreko topaketetan Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean aritzen ziren ikerlariak ezagutu genituen eta, horren ondorioz, esparru honetako ikerketa-lan batzuk elkarrekin egin ditugu, kolaborazio-sarea eratu dugu. Aurtengo topaketa honi begira, sare hori indartzea eta zabaltzea da gure asmoa.

Era honetako topaketak zergatik dira garrantzitsuak?
Nire ustetan, topaketa hauetako helburu garrantzitsuena kolaborazio-sare horiek ezartzea da. Gertukoak gara denak eta, antzeko gauzetan arituta, elkarri laguntzeko aukera dugu denon lana ezagutuz eta indartuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude