Maialen Etxart: “Gaizki edo ongi horrek ez gaitu nehorat eramaten”

Komunikazio ez bortitza ere landu dute UEUren Baionako Udako ikastaroetan. Donamartiriko Arberoa ikastolako Maialen Etxart Salaberri irakaslearekin landu dute gaia.

Komunikazio ez bortitzaz ari garenean zertaz ari gara?
Ari gara komunikatzeko molde batez baino gehiago bizi filosofia batez. Ongizatea bilatzen duen filosofia batez.

Arberoa ikastolan urte asko daramatzazue proiektua lantzen.
Arberoa ikastola sortu genuen duela hamar urte. Hastapenetik komunikazio ez bortitza izan zen ikastolaren baitan. Eta gero urteekin komunikazio ez bortitzak hartu du gero eta leku gehiago. Proiektu horretan txertatu diren irakasle eta langile, gurasoek ere ikasi baitute eta sartu baitira ikas prozesu horretan. Eta gaur egun, bai, uste dut zinez gure ikastolaren barne bizian txertatua dela eta guraso elkartean ere, adibidez, gero eta gehiago bilakatzen ari dira tresna bat erabakien hartzeko, adibidez. Denen adostasuna bilatzeko tresna bezala.

Egunerokotasunean zehatz-mehatz nola lantzen da?
Adibidez, guretzat komunikazio ez bortitza da lehenik harrera mementoa. Erran nahi dut goizetan haurrak etortzen dira haien etxeetatik, etortzen dira ikastolara, eta talderatzea, adibidez, zaintzen dugu. Eginez joko batzuk, eginez partekatze edo trukaketa memento batzuk. Zinez zaintzeko aldaketa hori. Gero, komunikazio ez bortitza bizitzen dugu ere gatazken inguruan, noski. Desadostasunak agertzen direlarik ikastolan baditugu tresna ezberdinak horien lantzeko. Komunikazio ez bortitza baliatzen dugu ere elkar eskertzeko, ospatzeko, memento honen agerian emateko. Pentsatzen baitugu hori ere garrantzitsua dela. Eta erabiltzen dugu ere erabakiak hartzeko mementoan. Erabakiak hartuak izateko denen adostasunean eta ez gehiengo baten adostasunean. Eta hori dugu esperimentatzen, adibidez, gurasoekin gaur egun.

Eta filosofia aldaketa bat ere bada. Adibidez, gauzak ez direla ongi edo gaizki eginak.
Hori, adibidez, hemen ikastaldian eztabaidagarri izan da. Asko. Zeren batzuek esaten zuten objektiboki ekintza batzuk halere gaizki dira. Hori egitea gaizki da. Harrituak ziren edo ez zuten onartzen nonbait ikuspegi hori.

Eta ez da arras hori esan nahi duena. Da ikustea gauzak ikuspegi horretatik -gaizki edo ongi horrek- ez gaituela laguntzen gauzak aitzinatzeko edo ez gaituela nehorat eramaten. Orduan nahiago dugu behatu gertakaria eta ikusi pertsona bakoitzarengan zein eragin izan duen. Eta horren inguruan gero lan egin erreparatzeko, mina sortu baldin bada; baina garrantzirik eman gabe nonbait moralean edo…

Hala ere behatzea bakarrik kosta egin zaigu, ez esku hartzea…
Behaketa erraten delarik da behatzea egoera bat kamerak egingo balu bezala eta interpretatu gabe, epaitu gabe. Uste dut jendeak berez buruan epaitzen dugula, interpretatzen dugula eta hori ez da aldatzekoa. Da justu kontziente izatea eta jakitea bereizten. Hor ari naiz interpretatzen bestearen jarrera, ari naiz pentsatzen hori uste duela. Garbiketa egitea da eta atxikitzea zinez behaketa. Gero horretan eraikitzeko segida.

Horretarako urteetan zehar bizkarrean betetzen joan garen bizkar-zorro hori hustu eta ezagutzea da kontua, ezta?
Egia da. Niri gertatu zait berriki ikastaldi batean neska bat biziki ukitua izatea. Eta esan zidan, “nik ez dakit behatzen. Bakarrik dakit epaitzen, interpretatzen”. Ariketa baten ondotik ari zen konturatzen urteetan hola funtzionatzen zuela eta inguruko jendeak ikusten zituela hola. Eta uste dut, bai, lehenik dela hortaz ohartzea, eta mekanismo horiek desegitea eta hainbatean berriz ikastea, zerbait alta naturala dena.

Azken batean desikastea, berriro ikasteko
Bai, desikastea parte bat. Ez da dena alde batera uztea ere. Baina da gauzak argi ikustea eta jakitea bereizten.

Gatazken kudeaketa aipatu duzu, baina ez da asko lantzen den gauza bat oraindik ere.
Uste dut lehen gauza dela gatazka zer den ikustea. Gatazka deitzen dugu gehienetan gatazka handi bat; baina eguneroko desadostasunak beharbada ez ditugu tratatzen edo ez ditugu kontuan hartzen. Eta orduan gero emendatzen dira emendatzen, eta gero ditugu gatazka potoloak. Nik uste dut lehen gauza beharbada ikasi behar genukeela gure desadostasun txikien edo kezka ttipien elkarri azaltzen eta gatazka gutxiago litzatekeela. Eta gero gatazken tratatzeko hor badira tresna, esperientzia interesgarriak munduan zehar eramanak izan direnak. Eta badela aukera anitz horren lantzeko.

Eta emozioak lantzeko ere bai…
Emozioak lantzeko iruditzen zait gero eta tresna gehiago badela hor ere. Entzuten dut ttipitatik ikastea dela interesgarriena. Hala ere, uste dut heldutan ere ordu dela berriz ikasteko gorputzeko sentsazioak entzuten eta gero hitzak ematen, sentimendu hitzak ematen sentsazio horiei.

Ikusten dena da azkenaldian hezkuntzan pedagogia arloan aldaketa handiak datozela.
Iruditzen zait beste eremu askotan bezala eskola krisi egoera batean dela eta nonbait irakasleak ez direla osoki beteak egiten duten horretan, gurasoak ere ez direla osoki beteak. Adibidez ez du lehen zuen garrantzia eskolara joateak. Eta ahal dute etxean egon, oporretara joan eskola garaian… Eta zinez iruditzen zait hori interesgarria dela. Ez gaitu betetzen den bezala eta zer nahi dugu atxiki edo nola nahi dugu gure haurrek ikas dezaten… Eta uste dut dena pentsatzekoa dela.

Ikastaro honekin zer da lortu nahi duzuena?
Nik lortu nahi nukeena da kontzientzia har araztea gauza batzuen gainean. Beharbada gehien maite dudana da irakasleak bi egunez ikasle posturan direla eta ahal dutela behatu. Nola da jokoak badirelarik tartean, nola da mugimenduan ikasten dudalarik, nola da auzokoarekin partekatzeko aukera dudalarik. Ene emozioen azaleratzeko aukera dudalarik. Eta nahi nuke horrek zerbait piztea, gero haien praktiketan ere saiatzeko gauza bat sartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude