Idoia Zengotitabengoa: “Inertziak deseraikitzeko beharra dugu, hein berean berregiteko”

UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan eta Iratzar fundazioaren eskutik, “Herrigintzaren aro berri baterako begiradak” ikastaroa izan da Eibarren. Plaza hutsa ekimenaren barruan kokatzen dena. Iratzar fundazioko Idoia Zengotitabengoa Lakak eman digu ekimenaren nondik norakoen berri.

Plaza hutsa proiektuaren barruan kokatu behar dugu ikastaroa. Zerekin bete nahi duzue plaza hutsa?
Herrigintza dinamika batetik nahi duguna da gogoetarako, hausnarketarako espazio bat sortu, plaza hutsak irudikatzen duen hori, non eremu ezberdinetatik praktikan ari diren horiek elkarrizketan jardungo diren. Berez proiektuak baditu alde desberdin asko. Egin genituen elkarrizketak daude webgunean, badaude ere gogoeta idatzi batzuk eta ikastaroa kokatzen da proiektu horren barnean. Espazio eta une berean plaza huts hori bete. Herrigintzan beraien praktiketatik, beraien eremuetatik, jarduten arituak diren horiek elkartu eta elkarrekin hausnartu, eztabaidatu… Elkarrizketan jarri nahi dira eremu guzti horiek.

Zuk esan duzun moduan eremu ezberdinetako proposamenak jaso eta elkargurutzatzea da helburua. Bidegurutze horretan ikasteko ala desikasteko dago gehiago?
Denetarik egin dugu egia esan. Batu ditugu kulturgintza, hizkuntza, euskara, hezkuntza.. eta gaur sozioekonomiaz gehiago aritu gara; eta denetan komunean ikusten dena da gure marko mentala, praktikak, inertzia horiek deseraikitzeko behar bat badugula, eta hein berean berrezaugarritzeko, berregiteko, behar bat ere badela gurea propioa izango dena, gure errealitatetik, herrigintza esparruetatik, baina baita naziogintza eta estatugintza… -gintza horretatik egingo dena.

Izan duen harrera ikusita argi geratzen da bazegoela beharra bakoitza bere egunerokotasun, bere militantzia horretan une batez gelditu eta hausnartzeko
Eta hain zuzen ere hala definitu nahi izan genuen. Eta hasieran ere hala bota zen. Askotan gure eguneroko zurrunbilo eta erritmoetatik atera; militantziak, lan erreproduktiboak, kapitalismoak gaur egun ematen dizkigun erritmo horietatik atera, eta hausnarketa pausatu bat egin nahi genuen. Horretarako hartu dugu denbora hau. Ikusi da eremu ezberdinetatik ere bazegoela beharra eztabaida hori komunean jarri eta eztabaidatzeko.

Mahai-inguruak eta izan dira, baina beharbada garrantzi handiena tailerrek, talde dinamikek izan dute.
Hori da, hain zuzen ere elkarrizketan jarri nahi genituelako bai eremu ezberdinak, baina baita aditu eta arituen arteko ezaugarritze eta bizipen ezberdinak ere. Normalean ohituta gaude aditu bati entzuten, jarrera pasibo batetik, baina interesgarri egiten zitzaigun herrigintzaz ari bagara, herrigintzaz eztabaidatzera bagoaz, aritu diren horiek bere bizi esperientziatik eraiki duten jakintza hori ere mahaigaineratzea, elkar ezagutzea, elkarrekin partekatzea, eta hortik sortzea jakintza kolektiboa.

Feminismoa betiere zehar lerro dela…
Bai eta agertu da bai mahaietatik, bai tailerretan beraietan, feminismoak ahalbidetzen digun edo eskaintzen digun bizi ikuskera hori, bestelako marko horretatik. Zapalkuntza egoerak identifikatu, ez identifikatu… boterearen inguruko hausnarketak egiteko behar izan da. Ez genuena nahi zerbait berezitua egitea zen. Azken finean feminismoa transbertsalki ulertzen dugulako eta gure jardunetik eta egunerokotasunetik ulertzen dugulako.

Oraindik goizegi da balorazioetarako, baina ikastaroak jarraipenik izango al du? Orain arteko jasotakoak kontuan hartuta zein da zuen asmoa?
Jarraipena beharko du, bai. Uste dugu antolatzaile ikuspuntutik egokitzen zaiguna dela hemen bota den jakintza hori guztia hartu eta praktika politikorako nolabaiteko itzulpen bat egin, eta gero itzulera bat ematea pare hartu duten horiei. Baina baita ere parte hartzaile bezala guztiok hemen partekatu ditugun ideia horiek gurekin eraman, gure eguneroko jardunean praktikan jarri, edota hemen zalantzan jarri ditugun eskema horien kasuan ere nola egin gure herrigintza praktiketatik. Eta, noski baietz, jarraikortasuna beharko du honek. Etengabe egiten den gauza bat delako.

Etengabe birplanteatu, desikasi eta ikasi beharrekoa
Hori da. Etengabe deseraiki, hausnartu: Zertan ari gara? Zein posiziotik ari gara gauzak egiten? Euskaraz hitz egiten dugularik eremu batzuetan zer esan nahi du horrek? Beste batzuetan erabiltzen dugularik emakumetasunetik, emakume gorputzetik, zer esan nahi du horrek? Etengabe hausnartu gauza horiek, etengabe gure praktika hausnartu eta justizia sozialaren edo demokratizazio prozesu horren baitan nolako praktikak egin nahi ditugun. Eta horrek beharko du etengabeko hausnarketa bat eta beharko ditu bestelako elkargurutze eta elkar topatzeko memento batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude