Xabier Cañas: “Ezagutzaren ekoizle-editore-hartzaile hirukotean eragin nahi dugu, ezagutzaren transmisioa ahalik eta askeena eta eraginkorrena lortzeko”

Xabier Cañas, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidea eta Wikilari aktiboa da. UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan antolatutako Wikimedia lantegian Wikiteka ikastaroa zuzendu zuen asteartean.

Bigarren wikimedia lantegia dugu aurtengoa. Ezagutzen al da nahikoa wikimedia?
Wikimedia bere horretan nahiko ezezaguna da. Egitasmo ugari biltzen ditu bere baitan Wikimediak, ezagunena Wikipedia; eta hori bai, ia jende guztiak ezagutzen du. Baina badira beste proiektu batzuk ere aski interesgarriak, eta gaur egin dugun ikastaro honetan beste horietan sakontzen saiatu gara.

Wikimedian sakontzeko tailerrak izango dira, baina aurtengo berritasunak Wikiteka eta Txikipedia izango dira. Zer da bat eta zer da bestea?
Wikiteka liburutegi aske bat da eta elkarlanean egiten da, hau da, jatorrizko testuak eta lizentzia askean daudenak biltzen dituen nazioarteko liburutegi digitala da. Horretan euskarak asko du egiteko, esaterako, testu klasiko eta bestelakoak sartzen, baina baita bestelako dokumentuak ere, adibidez, bertso-paperak.

Txikipedia berriz, Wikipedia entziklopediaren baitan integratua dagoen proiektua dugu eta 8-13 urte bitarteko haurrei dago zuzendua. Jakin badakigu Wikipedian kontsultak egiten dituztenen artean, irakurketa-maila eta behar desberdinak daudela. Konturatu ginen Wikipedia zailegia izan daitekeela adin tarte horretako haurrentzat eta horregatik sortu zen Txikipedia, hizkuntza errazagoan eta haurrei egokitua dagoen hizkeran egindako euskal entziklopedia.

Bertsopaperak digitalizatuko dituzue oraingo honetan
Euskal kulturak altxor izugarria du bertsopaperen alorrean. Dokumentu asko sakabanatuak daude eta ikusi dugu Wikiteka leku ezin hobea dela guzti horiek bateratzeko eta modu ulergarri batean antolatzeko. Koldo Mitxelana Kulturuneari esker, 2.000 bertsopaperetik gora digitalizatu dira, eta orain, lantegi honetan, horiek Wikitekara igotzen eta klasifikatzen ikasi dugu. Lan luze eta emankor baten hastapena izatea espero dugu.

Iazko lantegiaren harira, euskal wikipedia gizarteratzeko beharra azpimarratu zenuten. Euskal Wikilarien Kultur Elkartetik iaztik hona hainbat elkarlan hitzarmen sinatu dituzue, tartean UEUrekin. Zein da egiten duzuen balorazioa?
Hasiera batean genituen helburuak gainditu ditugu eta pozik zoratzen gabiltza egiten ari garen bidearekin. Ulertzen dugu Wikimedia proiektu guztiak, eta Wikipedia bereziki, ekosistema batean sartzen direla, non editoreez gain, irakurleak eta ezagutzaren inguruan aritzen diren beste erakundeak ere beharrezkoak diren. Ezagutzaren ekoizle-editore-hartzaile hirukote horretan eragin nahi dugu, ezagutzaren transmisioa ahalik eta askeena eta eraginkorrena lortzeko. Lan asko dago egiteko baina oinarri sendoak jarri ditugu eta bide onetik goazela iruditzen zaigu.

Ikastaroa bera ere elkarlanaren fruitua da. Hori litzateke wikipediaren espiritua?
Hori da, Wikipediaren espiritua elkarlana da, baina ez soilik Wikipediaren barruan, baita ere ezagutzaren inguruan lan egiten duten Wikipediaz kanpoko erakundeekin ere. Hala, aurten ere UEUren Udako Ikastaroen baitan antolatu dugu lantegia, horrek publiko berrietara iristeko aukera ematen baitigu. ALDEErekin (Artxibategi, Liburuzain, Dokumentalistenn Euskadiko Elkartea) batera antolatu dugu ikastaroa eta lankidetza hauek funtsezkoak direlako eremu desberdinetatik datozen pertsonen arteko ezagutzak partekatzeko. Gauza bera gertatzen da Hirikilabsekin, izan ere, elkarlan honek ertz asko ditu (dokumentazioa, erredakzioa, irudigintza, mapagintza…) eta horietan funtsezko bat teknologikoa da. Aurtengo leloak dion bezala: elkar ekin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude