Mikel Mari Karrere: “Agian ez da jabetza berdearen titularra beti bilatu behar”

Mikel Mari Karrere

Iruñeko Udako Ikastaroen baitan zuzenbideak ere izan du tokia. Jabetza berdearen titular nor?” izeneko ikastaroa antolatu baitu UEUk Iura Vasconiaerekin elkarlanean. Mikel Mari Karrera Egialde UEUkide eta UPV/EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle titularra da arduraduna.

Landa-eremuen titulartasuna liskar iturri izaten da. Zeintzuk dira arazorik handienak?
Gune berdearen titulartasuna izan da beti arazoak sortu dituena arrazoi batengatik: Tradizio luze batetik datorrelako. Azken batean lurraren kudeaketa gure herrian zenbat urte daramatza? Mila urte, bi mila urte, bostehun urte, nahi duzuna jo. Ohiturak, egiteko moduak, pertsonen arteko harremanak, auzokoek mendiak baliatzeko dauzkaten ahalmenak… arau eta funtzionatzeko modu anitz sortzen ditu. Sistema konstituzionalean, XIX. mendean jabetza arautu beharra datorrenean, jabetza pribatua aitortzea, jabetza pribatu hori norbaitena dela esatean… shock bat sortzen dio bertako jendeari. Hau guztiona baldin bada, herriarena baldin bada, orain norbaitena izan behar du? Pertsona batena edo Udalarena? Pentsa dezagun udala bera ere pertsona bat dela. Udalak ere mendiak bereganatu dituela, auzokoei kenduz. Pentsatu dezakegu, printzipio demokratikoen arabera Udalak ordezkatzen gaituela auzokoak. Bai, baina erabakiak hartzeko moduak ez dira berdinak. Udalean dauden pertsona horiek askotan beren interesak dituzte, agian herriko erabiltzaileek ez dauzkatenak. Arazoak sortzen dira azken batean tradiziotik funtzionatzeko modu asko egon direlako; titularrak nor diren askotan zalantza izan delako; joan direlako partikularrak mendiak bereganatzen, puskaka; Udala ere joan delako mendiak bereganatzen, auzokoei kenduz; baina aldi berean ere mantendu dira figurak, auzokoek beraiek mantendu dizute auzokoentzat bakarrik funtzionatzeko moduak. Eta, beraz, sortu dugun eta paisaian ikus dezakegun mendien zatiketa horrek sortzen ditu liskarrak, agente asko daudelako, titular asko daudelako, eta bi pertsona bata bestearen ondoan bizi direnean sortzen dira arazoak: hau honaino nire da, baina ez hori bakarrik, zure zuhaitz horrek kalte egin dit, itzal egiten didalako edo zure animaliak nirera sartu dira. Eta auzi ugari izaten da harreman asko dauden lekuan.

Gainera mugak zehaztea ere ez da hain erraza izango…
Lurren mugak zehaztea ez da erraza izaten bereziki jabea ez baldin bada bertan bizi edo hirira joan bada bizitzera; eta badaki jabe dela, baina ez daki zehazki non. Norbait bertan bizi denean eta bere lursaila zein den badakienean, mugak zein diren badaki. Eta aldamenekoa ere egoera berdinean baldin badago, berea zer den ere badaki. Herriak husten hasten direnean, hirira joaten, muga horien erreferentziak ahazten joaten dira. Eta horri gehitu behar zaio daukagun higiezinen jabetza erregistroa. Pisu batek ez du arazorik planteatzen, baina jabetza erregistroa ez dago pentsatuta horrelako jabetza eta lursail horiek zehazteko. Jabetza erregistroak ez du esaten lursailaren mugak zein diren eta nondik noraino doazen. Ez du horretarako balio. Bakarrik balio du esateko, hor dagoen lursail baten jabe pertsona hau da; baina mugak zein diren, auskalo. Hau jendeari zaila da esplikatzea, baina horrela da. Ez daukagulako erregistro bat non mendi guztien titularrak nor diren eta lursailak zeintzuk diren eta nondik noraino doazen. Horren antzekoena administrazio publikoak egin du eta katastroa deitzen zaio. Administrazio publikoak zergak kobratzeko egin du argazkia atera eta nolabait marrak jarri ditu. Eta marra honen barruan dagoenaren zerga kobratuko diot pertsona honi. Horrek ere ez digu bermatzen benetan bera denik titular edo muga horiek direnik. Izan ere hori da administrazio publikoak egin duena. Baina agian gaizki egin du. Edo ez dago ondo. Orduan mugak zehazteko arazoak sortzen dira bereziki benetako jabeek ahaztu dutelako bere jabetza nondik norainokoa den, ez dutelako erabiltzen, beste gauza batzuetan ari izan direlako. Bereziki hemen Euskal Herrian fabriketara joan garelako lanera eta mendira noizik eta behin joaten garelako. Gutxi gorabehera aitonak esaten zuen horraino dela edo aitak esate zuen hor dagoela mugarria, baina auskalo non dagoen mugarria, zeren galdu egin da. Arazoak horregatik sortzen dira. Ez daukagulako oraindik erregistro bat hori jaso duenik eta bertakoek ere, jabe denak ere berez ez dakielako. Epaiketa batean oso adierazgarria izaten da. Galdetzen diozu, zu esaten ari zara lursail hori zurea dela, baina nondik nora? “A! Erregistroak jasotzen duena” . Ez, ez du balio. Zuk jakin behar duzu.

Titulartasuna kudeatzeko eraentza juridiko desberdinak aztertuko dituzue. Zeintzuk dira?

Eraentza juridiko anitz daude. Komentatu dugun bezala mendien kudeaketa betidanik dator, jendeak horren beharra zuelako aprobetxatzeko, bizitzeko: egurra, ikatza, harria, garoa… Ganaduarentzat, etxerako, sua egiteko beharrezko zuelako. Figura juridiko asko etorri zaizkigu tradizio hartatik. Gaur egun mendietan nolabaiteko sailkapen bat egiteko eta katalogazioa gustatzen zaigunez, katalogazio bat badago. Esaten da batzuk dira pribatuak eta beste batzuk dira publikoak. Eta publikoetan batzuk jabari publikokoak dira eta beste batzuk erakunde publikoenak. Erakunde publikoenari ondarezkoak deitzen zaie eta horiek saldu ditzakete, baina publikoak dira . Nolabait Udalarenak, edo Aldundiarenak, edo estatuarenak, edo armadarenak… Horretaz gain jabetza pribatuarenak ditugu; baina hori ez da nahikoa bereizketa. Jabetza publikoan beste aukera batzuk ere badaude. Jabetza publikoan esaterako horren parekoak dira, parekoak baina beste zerbait, ezagutzen ditugun ondasun komunalak. Publikoak dira, herriarenak, baina trataera juridiko berezia dute. Jatorri tradizionala dutelako. Jabetza pribatuan ere badauzkagu pribatuak direnak, baina partikular batenak izateaz gain, badaude auzo mendiak esku komunean. Alegia, auzokoenak dira eta pribatuak. Auzokoenak bakarrik, baina ez dira publikoak. Ez dira Udalarenak. Ez dira erakunde publiko batenak. Partikular horienak dira, auzokoenak. Eta auzokoa nor den zehaztuta dago erreferentzia ezberdinen arabera. Gune bateko etxe batean bizitzea. Bizitzea. Horrek esan nahi du, legeak berak ere esaten du sutondoa izatea edo tximinia piztuta izatea. EAEn eta Nafarroan, lau probintzietan badaude erakunde bereziak ere. Bereziki Nafarroan ezagunak dira fazeriak, mendiak aprobetxatzeko modu berezi bezala. Aprobetxamendurako eskubidea daukagu. Lurra ez da gurea baina ,aizu, garoa aprobetxatu dezakegu. Aizu, onddoak biltzeko eskubidea badaukagu. Holakoak badaude. Gipuzkoan baditugu ondazilegiak. Pertsona batek beste baten lursailean dauka zuhaitza. Eta zuhaitza berea da, ez lurraren jabearena. Edo lur publikoan edo lur komunalean dauka, baina partikularra da zuhaitza.

Ikuspegi desberdinetatik landuko duzue gaia. Zer lortu nahi duzue ikastaroarekin?
Ikastaro honetan lortu nahi duguna da konturatzea gaur egun zuzenbidean daukagun printzipio batean ernatuta gaudela. Alegia, mendi denei ere titular bat bilatu behar diegula edo zuzenbideak horretara bultzatzen gaituela. Zuzenbideak bereziki XIX. mendeaz geroztik. Baina hori nahitaez hala izan behar du? Ba agian ez. Titular hori bilatu behar izan baino lehen, tradizioan, milaka urtetan gauzak aprobetxatzen ziren besterik gabe. Hortaz konturaraztea da helburuetako bat. Jabetza berdearen titular nor? Beti norbait bilatu beharra da? Agian ez. Herriarena ezin daiteke izan, edo auzokoena edo… ? Erreferentzia tradizional horiek ahaztu egin behar ditugu? Zuzenbidean legelari batek beti esango du edo bilatuko du “mendi honen titularra zein da?” Jabea nor da? Hortik abiatu behar gara. Hori nahitaezkoa da. Horrek asko laguntzen du, baina nahitaez hala izan behar du? Ba agian ez. Eta badaude kasuak non titularra nor den ez dakigu zeren aprobetxamendu baten eskubidea honek dauka, eta beste aprobetxamendu batena honek dauka: garoa batek eramaten du eta zuhaitzak beste batek eramaten ditu. Eta onddok biltzeko ahalmena enkantean ematen dugu edo saldu egiten dugu. Horri buruzko gogoeta egitea da helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude