Iruñeko Udako Ikastaroen barruan UEUk hainbat ikastaro antolatu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Besteak beste, “Lankidetzan oinarritutako idazketa hizkuntzak barneratzeko” ikastaroa. Amaia Mendizabal Ituarte pedagogian doktore eta UPV/EHUko irakaslearekin izan gara lankidetzan egindako lanen abantaila eta desabantailez.
Ikasteko zein bide da egokiena?
Bide ezberdinak daude eta pedagogian bizitza osoa pasatu dugu biderik egokiena bilatzen. Eta ez dago bide bat, ez dago bide bakar bat. Ikasteko modu asko dago eta modu asko daude irakasteko ere bai. Bide guztien aldekoa naiz.
Zein dira lankidetzan oinarritutako metodoaren ezaugarriak?
Lankidetzan oinarritutako metodoan batzuetan lan berdina egiten dugu eta beste batzuetan lan desberdina. Batzuetan osatu egiten gara, beste batzuetan gure mugak pasatzen ditugu eta beste muga batzuetara iristen gara, beste lurralde batzuetara. Oso aberatsa da. Gure mugak gainditzeko zoragarria da taldea euskarri bezala.
Zein desabantaila ditu lankidetzan oinarritutako metodoak?
Desabantailarik handienak denbora asko hartzen duela gauzak adosteak, taldean lan egiteko formazio handi bat behar dugula; ez dela taldean lanean hasi eta kito, guk pertsonalki ere garapen handia egin behar dugu taldean ondo funtzionatzeko. Eztabaidak emango direla, baina eztabaida horiek ezin dutela lanetik kanpo segitu. Eztabaidatu dezakegu edozein gauzari buruz, baina eztabaida bukatzen denean, beste gauza batzuetan elkartuta jarraitu behar dugu. Ez dakigunean taldean funtzionatzen taldea eror daiteke eta orduan lan guztia erori.
Zer lortu daiteke idatzi bat lankidetzan egitearekin?
Erabaki daiteke idatzi berdina egingo den, idatzi desberdinak egingo diren. Zein estrukturarekin, zein espazio estrukturarekin lan egingo dugun eta abar. Gauza asko daude. Baina daukana da nire estimuluaz gain, besteen estimulua ere badaukadala.
Zer lortzen da maila ezberdinetako jendea elkarrekin lanean jartzean?
Nik maila berdina daukan jendea elkarrekin jartzen badut, talde homogeneoetan, maila hori gainditzea ezinezkoa izango da. Nik sartzen badut maila altuagoa daukan jendearekin, maila hori gainditzea askoz ere posibleagoa izango da. Orduan, noski, aberatsa da denentzat. Maila altuagoa dutenentzako ere bai. Maila hori sinplifikatzeko behar dituzten estrategiak erabiliko dituztelako. Eta hori oso garrantzitsua da. Beraz, guztientzat da interesgarria.
Denok erraz egiten al dugu elkarrekin lan?
Badago jende bat ez dagoena prestatuta malgutasunean lan egiteko, ziurgabetasunean lan egiteko, berea besterik onartzen ez duena: bere bidea, bere estrategia, bere moduak… Badago jende bat beti berdin bizi dena, beti berdin janzten dena, beti jende berdinarekin egoten dena… Konfort zona horretatik ateratzeak zailtasunen aurrean jartzen duena. Nik uste dut oso garrantzitsua dela ziurgabetasun horretan bizitzea.
Elkarrekin lan egiteak hizkuntza eta harremanak hobetzen lagunduko dute…
Askoz gehiago, bai. Eta idazteko asko eztabaidatuko da ahoz. Orduan ahozkoaren eta idatzizkoaren arteko harreman hori ziurtatuta daukagu. Txikitatik ikasi beharko dituzte estrategiak arazoetatik ateratzeko. Arazoak kudeatzen ikasi beharko dute.
Lankidetzan aritzeko zein gomendio emango zenituzke?
Eginez ikasten dela. Pixkana pixkanaka asko ikasten dugu; baina eginez ikasten da, eginez eta egin nahian. Nik uste dut ikasten dela gerundioan eta nahiarekin. Nahi badut ikasiko dut.
Zein esparrutan aurki dezakegu gehienbat lankidetza?
Esparru guztietan erabiltzen da lankidetza. Guztietan. Sendagileak ere ari dira talde lana egiten, taldean diagnosiak egiten eta esku hartze bideak diseinatzen. Ingeniaritzan ari direnek ere taldean lan egiten dute. Anoetako berrikuntza egiteko taldeak ari dira. Ez du batek egiten lana. Nik uste arazoak konplexuak direnean pertsona batek edo diziplina batek bakarrik ez duela irtenbidean asmatuko talde batek bezain ongi. Arazoak konplexuak direnean. Adibidez zaborraren inguruan eztabaidatzen ari garenean kimiko bat oso inportantea izango da, baina matematiko bat ere bai jakiteko dioxidoaren kopuruak ez dakit zer. Baita garraioan ari direnak, baita arkitektoak ere pentsatu behar denean zein motatako eraikuntza behar den zabor hori kudeatzeko; eta baita ere pedagogoak jakin behar denean zein estrategia erabili behar duen haurrak hezteko zaborraren inguruan… Diziplina askok elkarrekin lan egiten dutenean, gaia oso konplexua delako, pentsatzea pertsona bakar batek daukala formazioa guztirako… Ezinezkoa da. Ez, gaur egun ez.