Miren Artetxe Sarasola: “Kolektibotasuna giltzarria da edozein eraldaketa sozial sustatzeko”

UEUren 46. Udako Ikastaroen barruan “Bertsolaritza genero ikuspuntutik” aztertzeko ikastaroa hasi da gaur bertan Iruñean, Katakraken. Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz bertsolariak dira ikastaroko arduradunak.

Bertsozale Elkartean Genero Taldea sortu zela hamar urte dira. Bertsolaritza genero ikuspuntutik begiratzen badugu zeintzuk izan dira zuen ustez mugarriak?
Miren Artetxe: Aipatu duzuna da bat, noski. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak genero perspektiba lantzen hasteko erabakia hartu izana eta horretarako neurriak martxan jarri izana bada zerbait.

Horrez gain, izan dira bestelako mugarriak ere. 2003an emakume bertsolariak Askizun elkartu ginenekoa, adibidez. Gutako askok lehen aldiz hitz egin genuen beste emakume bertsolariekin emakume eta bertsolari izateaz. Geroztik behin baino gehiagotan elkartu gara, modu informalean. Eta topaketa horietako elkarrizketa eta eztabaidetatik asko ikasi dugu denok.

Bestetik, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegik lehen aldiz bertsolaritza ikuspegi feminista batetik begiratu izana begi-zabaltze bat izan zen, akademiako lanak edo mugimendu feminista urrun gelditzen zitzaizkigunontzat.

Bai saretzeak eta bai irakurketa feministak tresnak eskaini dizkigute bizi duguna egitura baten baitan ulertzeko. Eta hortik aldaketak eragitera ere igaro gara. Azken urteotan, esaterako, asko hedatu dira Ez Da Kasualitatea bezalako saioak edo nagusiki emakumez osaturiko saio feministak ere, eta horietan bizi dugunak ere zer pentsatu handia eman digu. Ahalduntze bertso-eskola deiturikoa ere sortu da Genero Taldearen babesean, eta ederra da plazatik kanpora ere bertsogintzari buruzko gogoetak eta bizipenak partekatzea.

Hedabideei begira, azken txapelketa ere mugarri izan dela dirudi. Eta azken aldian generoaren gaia pil-pilean dago bertso-munduan ere. Horregatik elkartu nahi izan dugu Iruñean, gai honen inguruko irakurketak partekatu, eztabaidatu, eta galdera berriak sortzeko.

Ahizpatasuna, kolektibotasuna giltzarria izan da…
M.A:
Bai, berebiziko garrantzia izan du elkar ezagutzeak eta gure bizipenak elkarbanatzeak. 2003an elkartu ginenean askok ez genuen elkar ezagutzen. Pentsa, saio bakoitzean neska bat baino gehiago egotea ez zenez ohikoa, askok ez genuen inoiz elkarrekin kantatu.

Garrantzitsua izan da elkarrizketaz elkarrizketa ohartzea geure ezintasun gisa ulertzen ditugunak, maiz ez direla gureak bakarrik. Eta emakume gisa bizi ditugun hainbat egoera deseroso partekatzeko guneak sortu izana ere bada askatzailea, nolabait.

Kolektibotasuna giltzarria da edozein eraldaketa sozial sustatzeko. Bertsolaritza sistema gisa berdinzaleago, inklusiboago eta aberatsago izan dadin beharrezkoa izango da modu kolektiboan ekimenak bultzatzea, erabakiak hartzea… Aldaketak berez etorriko direla pentsatzen du askok. Banakako ibilbideen batura bera izango dela aldaketaren muina. Eta noski, banakako ibilbideek sekulako garrantzia dute. Hor dago Maialen Lujanbio, eta hor daude bere bi txapelak. Bere eraginez, besteak beste, bertsogintzaren kanona bera ari da aldatzen, adarkatzen, aberasten… Gu ume ginela existitzen ez zen erreferentzia bat da bertso-eskoletan dabiltzan gazteentzat. Baina, batek lortzeak ez dio baitezpada besteei bidea errazago egiten. Aldaketa ez da hain automatikoa, zoritxarrez.

Zenbat geratzen da Estitxu Eizagirrek “gizonkera batua” deitu zuen horretatik?
M.A:
Bertsolaritza, gaur egun ulertzen dugun moduan, gizonek garatu izan dute ia esklusiboki, orain gutxi arte. Gizon bertsolariek haien ikuspuntutik kantatu izan dute, haien moldeetan eraiki dituzte bertsolarien arteko harremanak, antolatzaileekikoak. Ez da sinplifikazio absurdo bat. Emakume zein gizon gisa irakurriak desberdin hezi gaituzte, gizarteak ez dizkigu gauza berak eskatzen ez eta mugimendu-marjina berak eskaintzen. Zentzu horretan, gizonentzat “neutroak” ziren egiteko moldeak ez ziren hain neutroak emakumeontzat. Mundu horretan sartu nahi zuen emakume bertsolariak moldean sartu beharra zeukan. Eta ongi etorria zen, noski. Integratu zitekeen. Baina ez zen inklusiorako beharrik ikusten.

Zentzu horretan, asko aldatu da bertsolaritza, batez ere eremu formalenetan; txapelketan, esaterako. Gaien mamia zein formulazioa asko egokitu da. Bertso-saio feministetan edo gazte-mugimenduaren ingurukoetan ere oso kontuan hartu ohi da genero perspektiba oholtza gainean. Gizonkera batuak gero eta leku gutxiago du, beraz, oholtzan. Baina, esango nuke aski bizirik dagoela oholtzatik kanpo. Badugu horri buruz zer gogoetatu.

Ez da kasualitatea emakume bertsolariak euren buruarekin zorrotzagoak izatea
M.A:
Bertsolaritzan gabiltzanok ez gara mundu isolatu batean bizi, noski. Emakume eta gizon bezala irakurtzen gaituztenetik emakume eta gizon bezala sozializatuak gara, horrek dakarren guztiarekin. Jakina da neskei eta mutilei oso txikitatik esleitzen zaizkiela ezaugarri ezberdinak, igurikitze ezberdinak. Maiz pentsatu arren izaera kontuak direla, “berezkoak”, geure-geureak, uste duguna baino -eta onartu nahi genukeena baino- gehiago izan ohi da ikasia. Hala, neskoi ez zaigu espazio publikoa hartzen erakutsi, esan zaigu egiten duguna egiten dugula, txukun eta egoki egiteko.

Eta bertsotan bat-batean egitea gorputza oholtzaren erdian jartzea da. Eta hitza hartzea. Eta akatsak egitea. Etengabe. Zentzu horretan, neskoi oro har gehiago kosta ohi zaigu gaizki egitea. Ikusi besterik ez dago lurraldekako txapelketetan parte hartzen duten gizon/emakumeen eta aurreragoko faseetara sailkatzen diren gizon/emakumeen ehunekoak nola aldatzen diren. Orokorrean, bertsotan egitera ausartzen diren neskak ez dira txarrenak izaten, nolabait esateko. Bertso-eskoletan, haur eta nerabe garaian kopurutan berdintsu aritu ohi dira neskak eta mutilak bertso-eskoletan. Eskolarteko txapelketan ere emaitza berdintsuak dituzte. Eta aldiz, ikaragarria da 18 urtetik aurrera bertsotan egiten duten neska eta mutil kopuruen arteko aldea.

Bada hor zer landua. Norberak bere buruarekin, bai, baina, baita modu kolektiboan ere. Ezin du bertso-munduak gizartearen eragina erabat neutralizatu, noski, baina, saia daiteke bere egitura propioei dagokienez, modu kontzientean eragiten.

Ane, zuk genero ikuspegitik bakarrik ez umoretik ere landu duzu gaia. Umorearen inguruan baino umoreen inguruan hitz egin beharko genuke. Zeintzuk lirateke?
Ane Labaka:
Duela hiru urte inguru ikergaitzat umorea hautatu nuen, bertsolari bezala plaza ezberdinetan kantatuta, banuelako intuizioa umore mota ezberdinak ere lekutzen zirela, bertso-giroaren, plazaren, bertsokideen… arabera. Azken aldian bertsolaritza singularrean beharrean pluralean deklinatu behar litzatekeela diogu, bertsolaritzak daudela, gero eta ezpalduagoa eta anitzagoa dela bertsolaritza. Honi erantzunez, bertsolaritzak dauden bezala umoreak ere badaudela argudiatzen ahalegintzen naiz ni.

Umorea boterea da, lotura estua du botere-harremanekin eta harreman hauek kontuan hartuz umorea hiru noranzkotan (behintzat) eraiki daitekeela babesten dut. Lehena, goitik beherako umorea litzateke, botere posizioan dagoenak azpiratuari buruz egiten duena. Bigarrena, kontrakoa, behetik gorakoa litzateke, menderatuak menderatzailearen boterea zalantzan jartzeko balia dezakeena. Hirugarrena, eta nire ustetan interesgarriena, parez pareko umore deitzen diodana litzateke. Kasu honetan parez pareko harremana legoke umore subjektuaren eta objektuaren artean eta enpatiaz egingo luke barre hartzaileak. Bertsolaritzaren baitan, horrela, umore hegemonikoa (orain arte plazako jardunean nagusi izan dena, maskulinoa eta nagusiki goitik beherakoa) eta bazterreko umoreak edo subertsiboak (behetik gora eta, batez ere, parez pare eraikiak) bereizten ditut.

Umorea, beraz, hegemoniak edo normak markatzen duen hori indartzeko eta betikotzeko edo, kontrara, hausteko eta iraultzeko balia daiteke.

Gai-jartzailetzan bide berriak zabaldu dira, baina bestelako umorea egiteko, bestelako diskurtsoak eraikitzeko, buruan atzeko partean ditugun tiraderetan arakatzeko egiten den ahalegina balioesten al du publikoak (epaileak txapelketan) eta alderantziz, umore matxista, arrazista, ezaugarri fisikoetan oinarritua… zigortzen al da behar beste?
A.L:
Aurreko galderan nioen moduan, bertsolaritza eta plaza mota ezberdinak daude egun. Horietako zenbaitetan (giro feministetan, batik bat), “bestelako” saiakera guztiak txalotuak eta balioetsiak direla esango nuke. Publikoa horretara ohitu dela eta hori eskatzen duela.

Hala ere, saio hegemonikoetan, tradizioak eta aurrez egin denak pisu handia dauka oraindik. Publikoa beti ez da gai bertsolariak “bestelako” bide bat jorratzeko egindako ahalegina balioesteko eta, gainera, beti egin izan diren moduko txisteak, esaterako, balioetsi eta txalotu ditzake oraindik, horretara ohitu delako, horrela izan delako beti. Umorea, gainera, dibertsioarekin eta gozamenarekin lotuta ulertzen dugu. Gogoetatik edo “seriotik” ari den bertsolari bat entzutean entzuleak askoz errazago detektatuko du bere ideologiako marra gorriren bat igarotzen badu. Umorearen kasuan, aldiz, gorputzetik bertatik erantzuten da askotan, barre egiten zaio kantatu denari, euforiaz txalo jo, eta hausnarketarik izatekotan ondoren etortzen da hausnarketa, beranduago.

Epaile lanetan ari denari, ordea, gai hauekin lotutako formazio zehatza jasotzea dagokio eta modu kolektiboan epaile taldeek kasu hauetarako protokolo bateratuak diseinatu beharko lituzkete. Dagoeneko zenbait jarrera eta edukik lekurik ez daukatela iruditzen zait.

Egia da txapelketako markoan legitimatzen direla maiz kanonak, bertso-moduak eta bertsoa neurtzeko eta balioesteko parametroak. Txapelketara doan entzulea ere inoiz baino “epaileago” joaten da, bere jarrera ezberdina da bere herriko urteroko bertso-saiora daramanarekiko.

Gorputza ere presente egongo da ikastaroan
A.L:
Noski, ikastaroak bertsolaritzaren eta genero-ikuspegiaren inguruko eztabaida lerro nagusiak biltzea du xede eta gorputzarena emakume bertsolariok oso presente daukagun gaia da.

2001an Joxerra Garziak, Andoni Egañak eta Jon Sarasuak bertsolaritzari buruzko teoria osatuenetako bat plazaratu zuten. Komunikazioaren arloan kokatu zuten bertsolaritza, erretorikoaren generoari atxikita. “Hitzaren kirol nazional”-tzat ere hartu izan da.

Egun, ikuspegi feministatik, bertsolaritzaren definizio berriak aldarrikatzen dihardugu eta, hain zuzen ere, aurreko definizio eta ulerkera horrek gorputzari lekurik ez egitea kritikatzen da sarri. Izan ere, bertsolaritza burutik bururako lehia moduan ulertu izan da maiz.

Uxue Alberdik, esaterako, bete-betean helduko dio gai honi ikastaroko bere hitzartzean. *Emakume bertsolarien gorputzen gainean egiten diren irakurketak eta sorkuntzarako mugimendu-marjina izango ditu aipagai eta aipagarria da Alberdik berak egindako bilketa lana. Izan ere, gai honekin lotutako lehen pertsonan idatzitako testigantzak eskatu dizkigu zenbait *emakume bertsolariri eta gorputz bakoitzak jasandako eraso eta erresistentzien inguruko lagin bat osatu ahal izan du horrela. Bilketa honetatik gorputzen inguruan hausnartzeko gako berriak sortuko direla iruditzen zait.

Bertsolaritzaren mugimendua ez dago gizartetik at, hala ere, eta Bertsolaritza barruko zein kanpoko begirada feministak izango dira ikastaroan.
A.L:
Bai, hasieratik izan genuen argi hau horrela izango zela eta bertsolaritzaren barruko adituez gain kanpokoei ere parte hartzeko eskatuko geniela. Izan ere, bertsolaritzak azken urteotan genero-ikuspegitik azaldu daitekeen bilakaera bat eman badu, neurri handi batean praktika eta diskurtso feministei leku egiten asmatu duelako izan da.

Bertsolaritza gizartearen isla da eta gizarteko beste ezein alorretan emakume batek izan ditzakeen muga eta oztopoen berri emateaz gain, gizarteko beste alor askotan emandako aurrerapauso, eztabaida eta ekarpenak ere islatzen ditu. Duela urte batzuetatik hona, gainera, bertsolaritzarekiko interesa agertu dute beste zenbait diziplinek, antropologia feministak, kasu. Akademiaz gain, beste kultur adierazpideetan dabiltzan emakumeen ahotsei leku egitea ere aberasgarri iruditu zaigu, gainerako kultur-sistemetan zer gertatzen den ezagutu ahal izateko.

Nabarmena da gaur egun bi norabidetako elkar elikatze moduko bat ematen dela feminismoaren eta bertsolaritzaren artean. Gainera, interesgarria da aipatzea bertso-eskolan dabiltzan *emakume bertsolari gazte askorentzat bertsolaritza izan ohi dela feminismoranzko sarbidea eskaintzen diena eta, alderantziz, mugimendu feministak bertsolaritzan interes hori agertu duenez, egun bertsolaritzara feminismotik iristea ere posible dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude