Nacho Amadoz: “Burujabetza digitala domeinu propioa baino harago doa”

Nacho Amadoz puntCAT Fundazioaren lege-arduraduna ere izan zen maiatzaren 17ko Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuran. Besteak beste, burujabetza digitalaz eta Kataluniako erreferendumaren bezperako gertakariez hitz egin dugu berarekin.

Burujabetza digitala eta Interneten independentzia izan da zure hitzaldiaren izenburua. Independentzia oinarrizko printzipioa da interneten, baina Kataluniako erreferendumaren bezperatan urratu zena. Nola izan zen eta zer ekarri zuen?
Egun horietan bizi izan genuena, erreferenduma aurretik, poliziaren eta epaileen esku-hartzea izan zen, erreferenduma egin ez zedin. Asko hitz egin dugu horretaz, gaina gakoa da ea erabaki horiek bat datozen eskubideekin. Guardia zibilen eskutik neurri judizialak hartzerakoan, webguneak itxi eta erreferenduma aipatzen zuten guneetara trafikoa eten asmoz, ez zen bakarrik interneteko independentzia printzipioa urratu, arautzen duten arau juridikoak ere urratu ziren. Itxi zituzten webguneak ez ziren soilik Gobernuarenak edota erreferendumaren funtzionamendua eta botoa emateko mekanismoak azaltzen zituzten erreplikenak, erreferendumaren aldeko iritzia ematen zutenak ere itxi zituzten. Aukera politikoak alde batera utzita, erabiltzaileen eskubideen urraketa bat izan da eta tribunalen zein poliziaren eskutik boterearen gehiegikeria egon da.

Zein bide jorratzen ari da Katalunia Burujabetza digitalaren barruan?
Oinarrizko zutabeetako bat puntCAT fundazioa sortu baino askoz lehenago interneten identifikadore bat sortzeko kanpaina izan zen; interneten nortasun, kultura eta hizkuntza katalanarentzat gune bat behar zela ulertzen zuten sentsibilitateak bilduko zituena. Hau da, .cat domeinua. Domeinua identifikadore bat da, interneta edukiak partekatzeko edota gune propioa baten bila erabiltzen dutenak identifikatzen dituen etiketa bat; baina egia esan burujabetza digitala harago doa. Interneten nola aktore guztiek euren funtzioak gauza ditzaketen edo interneten bilaketak egin ditzaketen telekomunikazioak arautzen dituzten boteredunen inolako interferentzia bidegaberik gabe.

Kataluniako hizkuntza eta kultura izan ziren lehenak izan ziren interneten domeinu propioarekin abiatzen. Nola izan zen?
Gaur egungo perspektibatik dirudien baino prozesu luzeagoa izan zen. 2006a baino askoz lehenago hasi ziren identifikadorea sortzeko eztabaida taldeak. 2006an onartu zuten domeinua. Esango nuke 90eko hamarkada amaieran dagoeneko bazebiltzala proiektu batekin, ikusteko zein eratara lortu zitekeen identifikadore hori. Tartean ziren puntCAT fundazioko gaur egungo zuzendaria Manel Sanromà eta Amadeu Abril domeinu izenak arautzen dituen nazioarteko erakundeko zuzendaritza kontseiluko kide izandakoa. Kandidatura ICANNek 2014an aurkezteko prozesua martxan jarri zuenean aurkeztu zen. Aurkeztu zenetik onartu zenera arte Espainiako mugimendu politikoekin harremana zuten gorabeherak izan ziren, ICANNen ebaluazioan eragina izan zutenak. Azkenean onartu zen kandidatura. Aurkeztutako helburuak errespetatu zituzten. Ez zegoen gobernurik aurkezten zenari arrazoituta aurka egingo zionik.

PuntCATen moduan puntuEUS ere gertutik jarraitzen duzu. Nola ikusten duzu?
Ondo ikusten dut. Jaio den momentua ez da .cat sortu zeneko momentu bera. Nazioarteko arauen eta internet arautzen duten erakundeen ezaugarri baldintzatzaileak direla eta. Bere momentuan .cat-ek izan zituen aldeko baldintzarik ez du izan. Beste hainbat domeinurekin batera jaio delako eta horrek ekarri du bere merkaturatzea banatzaileek horrenbeste sustatu ez izana. Hala ere, hori dena kontuan hartuta ere, domeinu kultural eta linguistikoen artean oinarri sendoenetakoa duen domeinua bihurtzen ari da. Espazio publikoan duen presentzia handia da. Horrek epe laburrean hainbaten erresistentziari aurre egiten lagunduko du, oraindik ere era honetako identifikatzaileak arraro moduan eta .com bezain ongi funtzionatzen ez dutela uste dutenen erresistentziari. Hazkundea seguruenez ez da nahi bezain azkarra izango, baina ikusten dena da hazkunde hori sendoa dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude