Sagra Crespo: “Bilkurak eguneroko zurrunbiloaren erdian gelditzeko aukera ematen dit, gure jarduerari buruz hausnartzeko”

Datorren maiatzaren 27ko Informatikari Euskaldunen XI. Bilkuraren barruan, besteak beste, “Hezkuntza teknologikoa eta teknologia hezkuntzan” izeneko hitzaldi saioa izango da. Hizlarietako bat Sagra Crespo Zulet dugu, Hezkuntzan ere librezale taldeko kide eta Donostiako berritzeguneko IKT programaren arduraduna

“Hezkuntza teknologikoa eta teknologia hezkuntzan”. Zer esan nahi du bakoitzak?
Hezkuntza teknologikoaz hitz egiten dugunean, ezagutzaz hitz egiten dugu, ikasgaiaz. Garaian garaiko teknologiak ezagutu eta teknologia horietaz baliatzen den hezkuntza da, errealitatea interpretatu eta eraldatzeko balio diguna. “Nola?” da arlo honetako galdera nagusia. Helburua da teknologian alfabetatzea eta, horretarako, praktikaz gain, eremu digitalean eta programazio arloan teknologiaren interpretatze kritikoa ere garatu behar da.

Heziberri 2020an konpetentzia teknologikoa jasota dago oinarrizko diziplinen barnean eta horren barruan “informazioaren eta komunikazioaren teknologia”. Horrez gain, Oinarrizko zehar konpetentzietan “hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia” aipatzen da. Bertan, ikasle batek konpetentzia digitalean lortu beharko lukeen irteera profila marrazten du: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguru batez erabiltzea; ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko. Bost elementu garatu behar ditu maila egokia lortzeko: informazioa, komunikazioa, edukia sortzea, segurtasuna eta arazoak konpontzea.

Teknologia hezkuntzan, ordea, gure lan horretan teknologiak duen presentziaz hitz egingo dugu. Hor, dudarik ez dago, IKTak bete-betean sartu dira maila guztietan; Haur Hezkuntzako geletan barne. Ikasleek ordenagailu bat gutxienez topatuko dute ikasgelan. Gailuen presentzia gero eta nabarmenagoa da. Horiekin zer egiten dugun, zertarako erabiltzen ditugun eta nola, da gakoa. Guk, helduok, teknologiarekin dugun harremana eredua da beraientzat.

Nola lantzen dira gaur egun bi hauek hezkuntzan? Zein da egoera?
Teknologia ikasgaia DBH 1etik aurrera lantzen da curriculumean. Ikasgai horretan marrazketa, elektrizitatea, mekanikaz… gain, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere lantzen dira. Lehen Hezkuntzan, ordea, zentroaren esku edo irakaslearen esku gelditzen da zerbait egiten hastea. Horren bidetik, adibidez, zenbait eskoletan robotikari ordu batzuk ematen dizkiote.

Dena dela, etapa bakoitzaren amaieran ikasleek lortu behar duten konpetentzia digitalaren profilak eskatzen du maila guztietan konpetentzia digitala lantzea. Irakasleok argi dugu informazioa, komunikazioa eta edukiak sortzea landu behar ditugula; gehiago kostatzen zaigu, ordea, kontziente izatea segurtasuna eta arazoak konpontzea ere gure eginkizunetako bat dela.

Eskoletan erabiltzen den teknologia, aldiz, etapen arabera bereziko nuke. Oztopoz oztopo, oraindik bizirik daude eskola 2.0rekin geletan sartu ziren ordenagailu txikiak. Zaharkituta dauden ordenagailu horiek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan erabiltzen dira nagusiki. Etapa horretan, gaur egun, ikasleentzat gailu berriak erosi beharra dagoenean, nire inguruko eskoletan behintzat, Chromebook-etara jotzen ari dira.

Bigarren Hezkuntzako zentroetan Ubuntu (Luberri bertsioa) edo Windows nagusitzen dira ikasleen gailuetan.

Hezkuntza Departamentuak zerbitzari propioetan instalatuta dauden zenbait baliabide eskaintzen dizkie eskola publikoko irakasleei eta eskolei: e-posta, moodle, webgunearen oinarria, alfresco… Hala ere, ikasleekin aritzeko zentro gehienetan GSuite edo OneDrive erabiltzen da eta bestelako plataformak ikastetxeetako kudeaketarako, ebaluaziorako eta komunikaziorako: Inika, Educamos, Alexia…

Zein izan beharko luke zure ustez?
Nire ustez izan beharko lukeena baino, nahiago dut aurtengo ikasturte hasieran sortu den irakaskuntzan software librearen aldeko talde baten ekarpenak azaltzea; komunitate baten hausnarketaren ondorioak aberasgarriagoak baitira norberarenak baino.

Zortzi arrazoi daude ikastetxeetan software librea erabiltzeko. Bat, kooperazioa: ikasleen artean lan tresnak partekatzeko askatasuna ematen du, bai eta irakasleen artean ere.

Bi, autonomia: ikastetxeko gailuak ikastetxeak berak kudeatzeko askatasuna ematen du.

Hiru, gastuak aurreztu: softwarea kopiatzeko eta banatzeko askatasuna ematen du.

Lau, ikasteko grina: erabiltzen duzunaren iturburu-kodea irakurtzeko eta ulertzeko askatasuna ematen du, jakin-nahiari bidea emanez.

Bost, irudimena eta sormena: zure moldaketak eta garapenak sortzeko eta banatzeko askatasuna ematen du.

Sei, euskaraz bizi: hainbat software euskaraz dago eta gehiago euskaratzeko askatasuna ematen du.

Zazpi, gizarte digitalerako prest egotea: lan tresnak, software eta gailuak aukeratzeko eta diseinatzeko askatasuna ematen du.

Eta zortzi, herritar askeak sortzea: ezagutza teknologikoak zabaltzeko askatasuna ematen du gazte independienteak eta solidarioak sortuz.

Interesa izanez gero, Telegramen (t.me/hezkuntzanlibre) elkartzen gara irakasleak, gurasoak edo gaian interesa duen edonor, honen inguruan aritzeko.

IEB bezalako bilkurak garrantzitsuak dira? Zer ekarpen egiten du?
Irakaslea naizen aldetik, aukera ematen dit eguneroko zurrunbiloaren erdian gelditzeko, proposamenak entzuteko, besteak zer egiten ari diren ezagutzeko eta gure jarduerari buruz hausnartzeko.

Bestalde, topaketa honek komunitatea indartzen du, toki bat eskaintzen baitigu elkartzeko eta ikasturte hasieran markatutako helburuak begien aurrean berriro jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude