UEUko Sailburuak: Nor da Nor?

UEUko bazkideak 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da. Sail bakoitzak koordinatzaile bat izaten du (Sailburua), bolondres gisa lan egiten duena. Urtean behin Sailburuen Biltzarrean biltzen dira guztiak.

 

INHAR AGIRREZABALA SAENZ DE SANTAMARIA (Zarautz, 1980)

Arkitektura saileko Sailburua

2004. urtean ezagutu zuen UEU, arkitektura eskolan, eta urte horretan bertan Biarritzen udako ikastaroetan parte hartu zuen ikasle gisa. Segidan bazkide egin zen eta orbitan ibili ondoren 2012an eskaini zioten saileko gidaritza hartzeko Anartz Ormazarekin batera. Arkitektura estudio batean egiten du lan eta irakasle gisan jarduten IBN-IEB-UdLk (Institut für Baubiologie + Nachhaltigkeit – Insitituto Español de Baubiologie – Universitat de Lleida) eskainitako bioeraikuntza masterrean.

Harremanetan jartzeko

 

ELISABETE ALBERDI CELAYA (Markina-Xemein. 1975)

Matematika saileko Sailburua

Matematika ikasten ari zela ezagutu zuen UEU, UEU-k argitaratutako zenbait libururen bidez. Ondorengo kontaktua komunikazioarekin lotutako ikastaro batean parte hartu zuenean izan zen. UPV/EHU-ko Matematika Aplikatua Saileko irakaslea da, Bilboko Ingeniaritza eskolan. Matematika saileko arduraduna da 2012tik.

Harremanetan jartzeko

 

OSKAR ARANTZABAL IRAETA  (Eibar, 1967)

Ekonomia saileko Sailburua

Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziatua naiz (Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herria) eta Nazioarteko marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland). Esportazio lanetan jardunean nabil, sektore industrialean. EITBn ekonomia gaietan kolaboratzaile eta estatu txikietan espezializatua. Juan Zelaia saria irabazi nuen 2013an, honako saiakeragatik: “Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari” Inguma datu-basean zazpi erreferentzia ditut, UEUrekin izandako lehen harremanetik: “Estatu txikien ekonomia handiak” (2008) eta UEUn argitaratu nuen 2012. urtean “Lurraldearen dimentsioa estatuaren eraketan” liburua. 2017an, koordinatzaile gisa aritu naiz “Ikasgai sozioekonomikoak Eskozia eta Kataluniako prozesuetatik” liburuan.

Harremanetarako

 

AITZOL ASTIGARRAGA PAGOAGA (Mutriku, 1976)

Informatika saileko Sailburua

Ikasle garaian ezagutu nuen UEU, Larraonako Udako Ikastaroetan. Ordutik hona, irakasle eta informatikari gisa aritu izan naiz batik bat, UEUrekiko lotura galdu gabe. 2019ko irailean UEUko lantaldera bildu nintzen, eta ordutik Irakaskuntza Masterra sustatze lanetan nabil Eibarren.

a.astigarraga@ueu.eus

+ 34 943 82 14 26

@aitzolete

 

 

OIER AZKARRAGA GRAJALES (Zuia. 1990)

Soziologia saileko Sailburua

2008an izan zuen lehenengoz UEUren berri, Udako Ikastaroen bidez. 2019an hartu du Soziologia saileko ardura, Soziologia arloari ekarpen xumea egiteko ardura hartu du, Euskal Unibertsitatea helburu.

Harremanetan jartzeko

 

 

 

INES CASTIELLA IMAZ (Barañain. 1974)

Itzulpengintza saileko Sailburua

Ingeniari industriala naiz formakuntzaz eta lanbidez, eta energia berriztagarrietan nabil lanean; baina horretaz gain sarritan egiten ditut itzulpen teknikoak beste hizkuntzatatik euskarara, eta bi eleberri txiki ere itzuli ditut. Sinetsita nago euskara batua hizkuntza oso gaztea izaki, bere erabilera formala sustatzeko  eta baita bere existentziaren berri mundura zabaltzeko,  itzulpengintza lana ezinbestekoa dela, ongi merezitako duintasuna jaso ahal izan dezan.  

Harremanetan jartzeko

 

IÑAKI DORRONSORO MAIOZ (Ataun. 1994)

Sexologia saileko Sailburua

Natura Zientzietako sailburuaren bitartez izan zuen UEUren ezagupena, 2017an. Sexologia sailean lan egitea zegoela ikustean, bertako ardura hartu zuen. Ingeniaritza zibileko ikasketak burutu izan arren, hainbat jakintza alorretara zabaldu du interesa, antzerkigintza, sexologia eta historia, esaterako. Hainbat proiekturen artean, EHE, Torto GA eta SMEuskaldundu taldeetan lanean ibilia da.

Harremanetan jartzeko

 

 

AINARA ESTARRONA IBARLOZA (Gasteiz, 1974)

Hizkuntzalaritzako Sailburua

Gasteizen 90eko hamarkadan Euskal Filologia ikasketak egiten ari zenetik du UEUren berri, baina Ixa taldean lanean hasi zenetik izan du harekin harreman estuagoa. Ikasketak bukatuta, Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian aritu zen erredakzio-lanetan 8 urtez. 2004. urtetik hona HiTz zentroko Ixa taldean dabil ikertzaile Hizkuntzaren Prozesamenduaren alorrean. 2013. urtean hasita, Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak antolatzeko lanetan ibili da Ixako hizkuntzalari-taldeako kide gisa. 2020an hartu du Hizkuntzalaritza sailaren gidaritza, Uxoa Iñurrietarekin batera.

Harremanetan jartzeko

 

 

GORKA ETXEBARRIA DUEÑAS (Gasteiz. 1988)

Historia saileko Sailburua

2016ko irailean hartu zuen UEUko historia sailaren ardura. Historia Garaikidean doktoregaia da egun, Euskal Herriko Unibertsitatean. Musikagintzari lotua bizi da (Hudaltzainak, Bertso-Tavern, Montauk…) eta proiektu komunikatibo askeekin engaiatuta. Akademiaren, euskalgintzaren eta kultura herritarraren arteko zubia eraiki eta mantentzea du ardatz bere UEUrekiko atxikimenduan.

Harremanetan jartzeko

 

 

MIKEL ETXEBERRIA OKARIZ (Beasain. 1994)

Natura Zientziak saileko Sailburua

2013. urtean ezagutu zuen UEU, EuskalNaturaren bidez urte hartan antolatu zuten Natur Zientzien I. Topaketan parte hartu zuenean. Ondoren 2017ko udan UEUren udako ikastaroetan Erlezaintza ikastaroaren antolaketan hartu zuen parte. 2017ko udazkenean Natur Zientzien Sailburu hasi zen UEUn.

Harremanetan jartzeko

 

 

 

RAKEL GAMITO GOMEZ (Arrasate. 1984)

Pedagogia saileko Sailburua

UEUko lantaldeko kide bilakatu zen 2016aren hasieran, on-line irakaskuntzaren arduradun bezala. Urtebete luzez on-line ikastaroak eta ikasgela birtuala kudeatu zituen baina 2017ko apirilean UEUko Eibarko bulegoa utzi behar izan zuen bere doktorego-ibilbidean aurrera egiteko. Denbora-tartea laburra izan arren, harremana estua eta oso bizia izan da hasiera-hasieratik. Ordutik, beti saiatzen da UEUk antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzen eta zenbait ikastaroetako irakasle ere izan da.

Harremanetan jartzeko

 

 

ANA IRENE GARCIA DEL BAO (Donostia, 1996)

Natura Zientziak saileko sailburua

Biologiako ikasketak burutzen ari zela ezagutu zuen UEU, EuskalNatura elkartearen bidez 2015. urtean antolatu zuten Natur Zientzien II. Topaketan parte hartu zuenean. Geroztik, natura zientzien saileko topaketa eta ikastaroak antolatu ditu, besteak beste: Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa; Zientzia ala superstizioa? Sendabelarren afera azterketa etnobotanikoaren ikuspegitik; Arazoetan oinarritutako irakaskuntza DBHko Natura zientzietan eta Natur Zientzien III. Topaketa. 2019. urtean Natur Zientzien Sailburu izendatu zuten.

Harremanetan jartzeko

 

 

UXOA IÑURRIETA URMENETA (Donostia, 1990)

Hizkuntzalaritza Saila

Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketei ekin zienerako, ezaguna zuen UEU, baina gerora estutu du harekiko lotura, doktoretza-tesia egiten ari zela (IkerGazteren lehen hiru edizioetan parte hartu du, irakasle aritu da Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoan, eta ikastaro askotan hartu du parte). Euskara teknikoko irakasle aritu da zenbait urtez Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, EHUn, eta, gaur egun, UEUn egiten du lan, online irakaskuntza-masterrean irakasle. Horrez gain, HiTZ zentroko Ixa ikerketa-taldearekin lankidetzan aritzen da, eta itzulpenak ere egiten ditu tarteka, Haur eta Gazte Literaturakoak batez ere. 2020an hartu zuen Hizkuntzalaritza sailaren gidaritza, Ainara Estarronarekin batera.

Harremanetan jartzeko

 

 

XABIER LANDABIDEA URRESTI (Bilbo, 1981)

Komunikazio saileko Sailburua

UEU Miarritzen ezagutu nuen lehen aldiz, Ikus-entzunezko komunikazioaren bigarren urtean nengoela. Erromantikotasun eta profesionaltasunaren arteko oreka transmititu zidan orduan, eta oreka zail hori gordetzen jakin du gerora ere, IkerGazte kongresuaren Batzorde Dinamizatzailean eta Batzorde Zientifikoan parte hartzerakoan ikusi ahal izan dudan bezala. UEUko Komunikazio Sailburua naiz, eta Talde Eragileko kidea 2017tik. Euskal Herriak bizi duen aro zirraragarri honetan UEU lehen mailako eragile intelektual eta soziala izateaz gain, euskarak behar eta merezi duen statusa lortu dezan lanean dabilen edozeinentzat ezinbesteko aliatua dela uste dut.

Harremanetan jartzeko

 

 

GEMA LASARTE LEONET

Gema Lasarte formazioz kazetaria da eta horretan aritu da 17 urtez. Literatur Zientzietan doktorea da eta azken 15 urteak EHUko irakasle gisa aritu da Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikan. Bere ikerketa ibilbidean euskarak eta generoak hezurmamitzen dute bere egitea.

Harremanetan jartzeko

 

 

IGOR LETURIA AZKARATE (Arrasate, 1971)

Informatika saileko sailburua

Ingeniaritza informatikoa eta elektronikoa ikasi nituen Mondragon Unibertsitatean eta Toulousen, hizkuntza-teknologietako Hiztek eta HAP masterrak egin nituen UEUn eta EHUn eta doktoretza-tesia hizkuntza-teknologietan EHUn. Elhuyar Fundazioan egiten dut lan, ikertzaile eta hizketa-teknologien saileko arduradun gisa. UEU 1996an ezagutu nuen, Informatikari Euskaldunen I. Topaketetan, eta geroztik bazkide eta informatika saileko kide naiz, non hainbat ikastaro eman eta jaso ditudan. Neurri handi batean, UEUn ikusi eta ikasitakoek eraman naute nire lan-bizitza euskarara eta hizkuntza-teknologietara bideratzera.

Harremanetan jartzeko

 

 

JOSU LOPEZ GAZPIO (Tolosa, 1987)

Kimika saileko Sailburua

Donostiako Kimika Fakultateko ikasle zela ezagutu zuen UEU eta harrezkero UEUren hainbat ekimenetan gogotsu parte hartu du. 2015ean UEUko unibertsitate-mailako ikasmaterialak sustatzeko laguntzei esker “Kimika orokorreko eskuliburua” argitaratu zuen. 2016ko uztailean “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak” udako ikastaroa antolatu zuen, Koldo Garcia UEUkidearekin elkarlanean. 2017ko martxotik UEUKo Kimika Sailaren ardura du.

Harremanetan jartzeko

 

ENEKO MENDILUZE PLAZA (aLTSASU, 1987)

2019an UEUrako Familia Tepaiaren Hastapenak ikastaroa aurkeztu zuen eta era honetan UEUrekin harremana estua bilakatu zen. Gaur egun, EHUko irakaslea den Luixa Reizabalekin batera saileko sailburutzari heldu dio, erronka nagusi bezala Psikologo Euskaldunen Sarea sortzea duena. Lan arloari dagokionez, Bizkaian eta Nafarroan esperientzia psikotikoak dituzten pertsonekin lan egin ostean, adopzio eta akogidazko alorrean dihardu Iruñean.

Harremanetan jartzeko

 

 

YOLANDA MENDIOLA MIRASOLAIN (Aubervilliers, 1963)

Zuzenbide saileko Sailburua

2010. urtean ezagutu nuen UEUn Jendaurrean hitz egiteko eman nuen ikastaro baten ondorioz; Iruñean izan zen lehendabizikoa eta Baionan bigarrena, Urte horretan egin nintzen bazkide eta handik gutxira Zuzenbide saileko sailburu. Batez ere, udako ikastaroei begira aritzen naiz arloarekin zerikusia duten gaien bila eta talde barrutik edo kanpotik datozen ideiak asko estimatzen ditut. UEUko beste sailekin elkarlana egiten dut ere.
Euskal telebistan dut nere lanbidea eta kultura, zuzenbidea eta oro har gizarte gaiak dira ikusmira sortzen didatenak.Elkarkidetzan sinesten dudalako hainbat taldetan boluntario lanetan aritzen naiz.

Harremanetan jartzeko

 

JON MENTXAKATORRE ODRIOZOLA (Galdakao, 1992)

Filosofia saileko Sailburua

Giza Zientzietan graduatua (Deustuko Unib.) eta Filosofian doktore naiz (Madrilgo Unib. Autonomoa). Mondragon Unibertsitatean ari naiz, gaur egungo gizartea eta hezkuntza gaien gainean irakas-ikerketan. UEUren baitan zenbait urtez ikasle eta irakasle aritu ondoren, 2021etik Filosofia saileko arduraduna da.

Harremanetan jartzeko

 

ANARTZ ORMAZA UGALDE (Bakio, 1981)

Arkitektura saileko Sailburua

Arkitektoa  eta hezitzailea TEO Arkitekturan, Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide eta Arkeologia Saileko kolaboratzailea eta umeentzako arkitektura tailerretan hezitzailea, besteak beste urte batzuz Bilboko Guggenheim Museoan. Dantzaria eta euskal dantza irakaslea Deustuko Unibertsitatean. 2012ko udan hartu zuen parte lehendabizikoz UEUn, Bioerikuntza eta Geobiologia ikastaroko ikasle moduan. Urte berean bertan hartu zuen Inhar Agirrezabalekin batera Arkitektura Saileko ardura, Kepa Iturralde aurreko Sailburuaren eskutik. UEUko Arkitektura Sailaren bitartez ordurarte arkitekturako ikasketetan lantzen ez ziren gaiak garatzeko aukera ikusi zuten, eta gai hauen inguruan proposatzen dituzte ikastaroak. UEUk argitaratutako “Aldiri arkitektura eta abar” aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da.

Harremanetan jartzeko

 

IDOIA ORUETA SANTA MARTA (Bilbo, 1975)

Musika saileko Sailburua

2015. urtean ezagutu zuen UEU eta 2016ean Musika Sailaren ardura hartu zuen. Musika lizentziatua da biola espezialitatean, bai eta irakaskuntzan diplomatua, luteria ikasketaduna, idazlea eta ikerlaria. Eskola Publikoan irakaslea da lanbidez.

Harremanetan jartzeko

 

 

ANDREA PERALES FERNÁNDEZ DE GAMBOA

Andrea Perales Fernández de Gamboa UEUko kidea da 2019az geroztik. Literatura eta irakurzaletasunarekin zerikusia duten graduondo eta formakuntza batzuetan izan da irakasle. a Literatura eta Hizkuntza Garaikideetan doktore (University of Tennessee, 2017), egun Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika saileko  irakaslea da Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Gasteizko Feminist Agenda Euskal Literaturan literatur taldeko kidea da, eta Gema Lasarterekin batera, Literatura Agenda Feministak Sarean proiektuaren atzean dago (http://www.literaturagendafeministaksarean.org/).

Harremanetan jartzeko

 

 

LUIXA REIZABAL ARRUABARRENA (Donostia, 1964)

Piskologia saileko Sailburua

1994. urtearen bueltan ezagutu nuen UEU. Izan ere, urte horretan eman nuen Iruñean nire lehen ikastaroa. Hurrengo urtean, berriz, UZTARO aldizkarian argitaratzen nuen lehen artikulua etorri zen eta 1997an, UEUn argitaratzen nuen lehen liburu-kapitulua. Une horretatik aurrera, estua izan da UEUrekin izan dudan harremana eta egun, Eneko Mendiluze Plazarekin batera, Psikologia Saileko Sailburua naiz. UEUko kide izateaz gainera, EHUko irakaslea naiz 1995etik. Hain zuzen ere, garapenaren eta hezkuntzaren psikologiarekin zerikusia duten gaien irakaskuntzan zein ikerketan nabil lanean, bereziki hezkidetzan.

Harremanetan jartzeko

 

 

AITOR SALABERRIA OIARTZABAL (Lezo, 1994)

Natura Zientziak saileko Sailburua

UEUrekin lehen harremana 2013ko Iruñeko udako ikastaroetan eduki zuen arren, Euskalnatura ikasle elkartearen bidez ezagutu zuen hobeki erakundea. Biologo ikasketaz, hasiera batean ikastaroak antolatzen laguntzen zebilen, baina 2017an sailburu egin zuten aurrekoei erreleboa emateko. Egun Euskalnatura eta UEUren arteko zubi dabil, euskal unibertsitatea helburu!

Harremanetan jartzeko

 

 

 

ALAIN URIZAR OLEAGA (Bilbo, 1974)

Informatika saileko sailburua

Ingeniaritza informatikoa ikasitakoa. Ikasle garaian ezagutu nuen UEU, udako euskal unibertsitate bezala ezagutu ere, hau da, udan, euskaraz eta gaurkotasuna zuten gaiei buruzko ikastaroetan. Praktika batzuk ere egin nituen bertan. Hasieratik UEUren Euskal Herriko ikuspegiak erakarri nau. Eta beti izan dut apur bat gehiago eskaintzeko gogoa, orain sortu da aukera hori. Euskal Herria burujabetza teknologikoaren bidean jartzen saiatuko gara.

Harremanetan jartzeko

 

 

ARKAITZ ZARRAGA AZURMENDI (Durango. 1972)

Glotodidaktika saileko Sailburua

UEUrekiko harremana orain dela urte asko hasi nuen, edukien zein formaren aldetik ezin erakargarriagoak egiten zitzaizkidan ikastaro batzuen bidez. Glotodidaktika eta Soziolinguistika izan dira betidanik nire gai kuttunak, eta horietan jardunaldi, artikulu zein ikastaroen bidez trebatu ondoren, joan den hamarkadan nire lehen ikastaroa eman nuen hizkuntzaren biziberritzearen inguruan. Harrezkero hainbat formazio saio eman eta jaso ditut. Joan den ikasturtean, Glotodidaktikari bultzada bat emateko eskaria jaso nuen eta, jakina, hainbeste jaso eta gero, ezin ezetzik esan. Jakinda inguruan oso prestatuta dagoen eskarmentu handiko jendea dagoela ikusita, hizkuntzaren irakaskuntzan dauden joeretan sakondu eta geurean ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatzeko saiakera egingo dugu, beti aurrera egiteko asmo garbiaz.

Harremanetan jartzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude