Juan Mari Celihueta: “Antzina, kartografia eta datu geografikoen erabilera aditu batzuen eskuetan zegoen. Gaur egun, ordea, Internet eta gailu mugikorrei esker datu geografikoak denen esku daude”

“Geomatika eta inteligentzia espaziala” jardunaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko B5m webgunearen aurkezpena egingo du Juan Mari Celihuetak. Fitxategien, irudien eta web zerbitzuen bidez Gipuzkoako datu geografikoak denen esku jartzen ditu atariak, creative commons lizentziapean.

Zergatik da hain garrantzitsua era honetako jardunaldia antolatzea?
Antzina, kartografia eta datu geografikoen erabilera aditu batzuen eskuetan zegoen. Gaur egun, ordea, Internet eta gailu mugikorrei esker datu geografikoak edonoren esku daude; eta, ohiko erabilera teknikoez gain —zientzia, ingurumena, hirigintza eta abar— herritarren egunerokoetan daude. Horren harira, gero eta aplikazio gehiagok erabiltzen dituzte datu geografikoak —administrazioetan zein enpresa pribatuetan—. Horregatik, garrantzitsuak dira era honetako jardunaldiak, geoteknologiak duen aplikazio eremua ezagutzera emateko, eta arlo askotako teknikariek hausnar dezaten erabilera horiei buruz. Horrela, geoteknologiarekin zerikusirik duten aplikazioak erabiltzen hasteko aukera izango dute euren jardueretan, hala nahi badute.

Zein da aurkeztuko duzun proiektua?
Gipuzkoako Foru Aldundiko atal bat da Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura (GDEA), eta Gipuzkoako oinarrizko informazio geografikoa biltzea eta eskaintzea du ardura (eraikinak, bideak, altimetria, planimetria, hidrografia eta abar). Hori, b5m webgunearen bidez egiten dugu (hona hemen helbidea: https://b5m.gipuzkoa.eus). Bertan, fitxategien, irudien eta web zerbitzuen bidez Gipuzkoako datu geografikoak edonoren esku jartzen ditugu,Creative Commons­ lizentziapean. Aurkezpenean b5m­ren historiaren berri emango dut; hala nola b5m zerbitzuak darabiltzan datu geoespazialak zer diren, nola eguneratzen diren eta nola antolatzen diren GDEAko biltegian. Azkenean, b5m­k eskaintzen dituen zerbitzuez hitz egingo dut; eta, labur bada ere, b5m­ren eta geoteknologiaren etorkizunei buruz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude