Ane Ablanedo Larrion: “Pedagogia aktiboan haurra dago erdigunean, baina helduaren egitekoa oso handia da”

UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia ikastaroa izango da Iruñean. Ane Ablanedo Larrion da irakasleetako bat. Izena emateko epea irekita dago.

Haurren garapen-prozesuan modu egokian laguntzeko eskolak nolako behar duen landuko duzue ikastaroan. Errotik egin beharreko aldaketaz ari gara?
Ez bakarrik eskolan, nik familietan ere jarri nahi nuke arreta. Iruditzen zaidana da oro har gure sisteman haurrak hazteko edo hezteko ereduak ( familian, eskolan, gizartean) huts egiten duela. Ez da bakarrik eskolaren erantzukizuna. Eta bai, eskolak egin beharko luke errotik aldatu. Errotik aldatu gabe ez du esan nahi haur guztientzat kaltegarria denik, baina onuragarria ere ez. Eskola ona izateko -eskolak baditu gauza interesgarriak, taldearena eta- egin beharko luke errotik aldatu. Iruditzen zait sistemaren barnean, gaur egun ezagutzen dugun sistemaren barnean eskolak errotik aldatu ahal direla pentsatzea fantasia hutsa dela. Sistemak badu ezaugarri bat eta da behin ere ez duela onartzen instituzio hori nolabait hiltzera edo deuseztatzera eramango lukeen aldaketarik. Onartzen ditu aldaketatxoak, baina bere esentzia ez da aldatzen inoiz. Normala da neurri batean, bizirik irauteko. Eta orduan sistemaren jabeei komeni zaienez eskola horrelakoa izatea, iruditzen zait zaila dela errotik aldatzea. Egin daitezke aldaketak, aldaketatxoak. Agian eskola batzuk asko aldatzen ahal dira. Sistemari komeni zaio ematea guri inpresioa gauzak aldatzea posible dela. Eta horretarako tarteka uzten ditu horrelako abenturatxoak.

Zeintzuk dira pedagogia aktiboaren ezaugarri nagusiak? Zein da oinarria?
Pedagogia aktiboaren ezaugarrietako bat litzateke haurra jartzen duela erdigunean. Heziketa tradizionalak beti heldua du oinarri, heldua jartzen du erdigunean. Eta haurrak egin behar duena da irakasleari begiratu, irakasleari segitu, eta zentzun honetan honek [pedagogia aktiboak] egiten duena kontrakoa da. Heldua jarri behar da haurrari begira. Hori litzateke lehen gauza. Beste bat badagoela haurrak berez lortu ahal duenaren aurrean konfiantza. Hori da esentzia, hori da ardatza. Alegia, ez pentsatzea aurreratu behar duzunik, ez pentsatzea eskua sartu behar duzunik, ez pentsatzea haurra bideratu behar duzunik. Hori oinarri oinarrian dago. Honekin lotuta, haurra ez bideratzea ezertara. Pedagogia ez direktibo bat da. Haurrak egiten du bere bidea, haurrak egiten du bere hautua, egiten du bere ikerbidea. Zu zara hor laguntzaile bat. Eta laguntzaile zertan? Berak oraindik kudeatzen ahal ez dituen gauza horietan zuk laguntzen diozu. Baina beti eman behar diozu haurrari aukera bera gai den eremu horretan aukeratzeko eta bere bideari ekiteko. Gero beste gauza bat litzateke erritmoaren errespetua; guk beti joera dugu aurreratzeko. Eta batzuetan inkontzienteki behartzen dugu. Eta heziketa tradizionalak kontzienteki. Helduaren eginkizuna erabat aldatzen da pedagogia aktiboan. Bere eginkizuna ez da gidatzearena, baizik eta prestatzea giroa, eremua, haurraren ekosistema; izan dadin haurrak bere pausoak emateko nahikoa prestatua. Hori da helduaren eginkizuna. Espazioa nolakoa den, ekosistema nolakoa den oso garrantzitsua da. Azkenik haurra onartzen du, den bezalakoa, haurra maite du maitasunaren zentzurik zabalenean, eta emozionalki eta fisikoki segurtasuna ematen dio. Haurra dago erdigunean baina helduaren egitekoa oso handia da.

Bide horretan garrantzitsua da helduek euren burua ezagutzea, aztertzea. Desikastea, azken batean. Horretarako lekua ere izango da ikastaroa.
Helduek beraien burua ezagutzea ezinbestekoa da. Haurrekin aritu nahi duen edozeinentzat hori da lehenbiziko eginkizuna. Zergatik? Gu garelako gure heziketaren produktu, heziketaren ondorio. Gure heziketan hutsuneak egon badira, edo gabeziak, horrek asko baldintzatzen du nola jokatzen dugun haurrekin. Gure historiak baldintzatzen digu haurrekin kokatzeko dugun modua. Beti ibili behar dugu geure baitara begira. Haurrekin egoteak asko mugiarazten gaitu barnetik, asko hunkitzen gaitu eta horrek eragiten duena aztertu ezean, beti jotzen dugu haurraren kontra. Sortzen dizkigun amorruaren edo emozioen ardura emango diogu haurrari eta haurraren kontra egingo dugu. Hori emozio negatiboetan, baina negatiboak ez diren horietan ere kontuz ibili behar dugu, zeren baldintzatuta gaude gure heziketagatik. Zentzu horretan desikastea oso garrantzitsua da. Ezin dugu ikasi haurrekin egoten, haurrekin egotea dakigun zerbait da. Animaliak garen neurrian eta espezie bateko kide garen neurrian, gure eginkizun funtsezkoenetan dago haurrekin egoten jakitea. Gure jakinduria instintiboan dago. Deskonexio bat gertatu da gure heziketaren bitartez eta abar, eta berriz konektatzea litzateke berez dakigun horrekin eta gure historiaren berrikusketa eginez. Guk garrantzia ematen diegu bizipenei, eta maila apal batean bada ere, ez baita espazio kliniko bat, horri ere lekua egingo diogu.

Zurekin batera Ane Otxoteko Vaquero Goiztiri eskola libreko koordinatzaile eta bidelaguna izango da ikastaroko arduraduna. Beraz, teoriaz gain, esperientziak ere leku handia hartuko du.
Bai Ane Otxoteko egongo da eta oso garrantzitsua da, nire ekarpena gehiago maila teorikoan, praktikatik ere bai, baina gehiago klinikaren mundutik izango da. Berak oso ibilbide luzea darama eskolarekin. Ibilbide luzea, esperientzia luzea, eta jadanik ondorio batzuk badituzte, eta badakite zertan asmatu duten, zertan ez duten asmatu. Eta jendeari hori asko gustatzen zaio, noski. Jakitea praktikan eta benetan, egunerokotasunean, nola egiten diren gauzak, nola funtzionatzen duen gisa horretako eskola batek, eta hori da ikastaroak duen gauza interesgarrienetako bat.

Zein da ikastaroaren helburu nagusia?
Helburua da ezartzea eskola baten nolakotasuna haurrarentzat egokia eta osasungarria izateko. Zeintzuk diren gakoak, zeintzuk diren baldintzak, zer egin behar den, zer ez den egin behar, nolako espazioak, nolako bidelagunak,… Eskola bat martxan jartzeko edo haurrekin lanean hasteko oinarrizko ezagutzak ematea. Horrek ez du esan nahi ikastaroa dagoenik bakarrik zuzenduta horrelako eskola bat muntatzeko asmoa dutenei. Klabe guztiak ezagutzeak laguntzen ahal dio edozeini, dagoen tokian dagoela, bere lanean aldaketak aplikatzen. Eginkizun horretan lagungarri izan dakioke edozeini, baita gurasoei ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude