Rakel Gamito Gomez: “Garrantzitsuena ez da informazioa, informazioaren kudeaketa baizik”

Norberaren PLE-a osatzen: lan akademikoak eta talde-lanak garatzeko baliabideak izeneko ikastaroa antolatu du UEUK Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Doako izango da eta on-line. Rakel Gamito Gomez irakasleak eman dizkigu ikastaroaren nondik norakoak. Izena emateko epea irekita dago.

Ez da berria, baina zer da PLEa?
Ez da kontzeptu berria ez. PLE Personal Learning Environment-en laburdura da, norberaren ikas-alorra euskaraz. PLE-ak ikasteko edota lan egiteko erabiltzen diren tresnak, estrategiak eta harreman-sareak biltzen ditu. Norberaren ikas-alorraz jabe izatea oso lagungarria da ikasketa-prozesuen kontrola izateko eta horiek hobetzeko aukera izateko.

Zein parte ditu ikaskuntzarako ingurune pertsonalak?
Ez dago PLE-a sortzeko egitura eta diseinu bakarra. Hala ere, orokorrean, hiru dira PLE-aren osagai edo multzo nagusiak: informazioa, edukiak sortu eta harreman-sareak.

Infoxikaziori nola egin aurre? Informazio iturriak ondo aukeratzea garrantzitsua da
Interneteko aroan informazio-iturriak agorrezinak dira. Teknologiaren garapenak informazioaren abiadura azkartzen du egunetik egunera. Egun nahi beste informazio dugu eskuragarri memento oro baina garrantzitsuena ez da informazioa, informazioaren kudeaketa baizik.

Argi dago gero eta garrantzitsuagoa dela informazio-iturri fidagarriak aukeratzea eta erabiltzea. Era berean, informazioa sailkatzeko estrategiak funtsezkoak dira eta, informazioaren kudeaketa egokia ziurtatzeko, gaitasun kritikoa ezinbestekoa.

Horretarako, sarean baliabide oso interesgarriak daude eta oso lagungarria da banakako zein taldeko lanak garatzerakoan zenbait tresna eta estrategia erabiltzea. Horien lanketa izango da ikastaroaren zeregin nagusietako bat.

Zer da ikastaroan landuko duzuna?
Ikastaroa laburra izan arren, PLE-aren definizioaren, osagaien eta garrantziaren lehen hurbilpena egiteko aukera eskainiko du.

Lehenik eta behin, PLE-a zer den sakonduko da eta ikasle bakoitzak berea sortu beharko du, horren garrantziaz jabe izateko. Jarraian eta horrekin batera, lan akademikoak eta talde-lanak garatzeko zenbait baliabide interesgarri aurkeztuko dira, norberaren ikas-alorra hobetzeko zenbat gako eskainiz.

Online izango da, baina zein izango da metodologia?
Hori da, ikastaroa on-line izango da, UEUko ikasgela birtualean. Ikastaroa parte-hartzailea eta praktikan oinarritutakoa izango da. Memento oro ikaslea izango da benetako protagonista eta banakako zein taldeko ezagutzak eraikitzearen arduraduna. Beraz, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzi handia eskainiko zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude