UEU eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamenduaren elkarlanari esker “Visual Thinking hezkuntzan: ikasten ikasteko tresna” ikastaroa izango da gaur eta bihar Iruñeko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI). Joseba Beramendi Nazabal marrazkilari eta diseinatzailearen, eta Mikel Lizaso Odriozola kazetari eta Bigarren Hezkuntzako irakaslearen eskutik Visual thinking teknikak hezkuntzan erabiltzeko modu desberdinak landuko dituzte. Beti ere praktika bidez.
Hasteko, aspaldion asko entzuten bada ere, zer da zehatz mehatz Visual Thinking?
Horrenbeste gauza izan daitezke, ia-ia egunaren arabera, oso zaila da definitzen. Esan daiteke, informazioa kudeatzeko, prozesatzeko, memorizatzeko eta abar erabiltzen dugun teknikak direla, irudiaren indarrean oinarrituak. Gure irudizko memoria eta gaitasunak lantzen laguntzen digu eta informazio tratatzeko erabiltzen ditugun beste osagai batzuekin konbinatzen da; esate baterako testu motak, tamainak, koloreak…
Baina marrazteari ez al diogu orokorrean beldurra? Zergatik beldur hori?
Gure kultura eta hezkuntza sistemak hitzarekin, hizkiekin, memorizazioarekin eta antzekoekin zerikusi handia dutelako, baina gure buruek ez; gure pentsatzeko mekanismoetan irudiak berebiziko garrantzia du: esate baterako gauzez akordatzeko, ideien artean harremanak egiteko edo ideia sinple zein abstraktuak adierazteko. Sinetsita gaude, eta iruditzen zaigu sinesmen hori askoz ere zabalduagoa dela, “nik marrazten ez dakit” mantra gainditzea posible duela edonork eta irudiak erabiltzeko ikara horri buelta ematen saiatuko gara, gure txikitasunean noski, ikastaroan zehar.
Sormenak ez al du leku gutxiegi hezkuntzan?
Badirudi baietz eta gure ikasleek izan dezaketen apur hori itzaltzen saiatzen gara, kontrolaren eta homogeneitasunaren izenean. Jakina, Visual Thinking teknikak ez dira bere horretan sormen eza horri buruzko antidoto bakar eta erabatekoa, baina ikasleei eta irakasleei informazioa tratatzeko eta adierazteko bide berriak irekitzen dizkio eta marrazketarekin, grafiekin etabar askoz ere harreman naturalagoa sustatzea lortzen du.
Esan beharrekoa marrazki bidez, mapa mentalen bidez laburtzeak aurrez lanketa handia dakar hala ere. Azken batean ondo ulertzen duzun hori bakarrik irudikatu baitezakezu.
Hala da. Horrek ulermen eta sintesi esfortzua ekartzen du eta hasiera batean nekeza izan daiteke, baina prozesu horretan bertan ikasleak eta irakasleak, ia konturatu gabe, lantzen ari diren gaien ikasketa prozesua abian jarria daukate. Analisia, ikerkuntza eta aurkezteko gaitasuna txertatzen dira, sorkuntza prozesuaren lehen unetik hasita.
Zertan laguntzen digute mapa mentalek?
Mapa mentalek aurreko galderan aipatzen duzun prozesu konplikatu hori sinpletzen eta ordenatzen laguntzen digute. Esango genuke testuaren laburpen edo eskema zurrunaren eta errepresentazio bisualaren erdibidea dela.
Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena? Zein helbururekin?
Ikastaroan batez ere modu praktikoan visual thinking teknikak hezkuntzan erabiltzeko modu desberdinak landuko ditugu. Euskarri mota desberdinak izango ditugu (dibulgazio artikuluak, geletako apunteak, bertsoa…), informazio hori adierazteko bide desberdinak landuko dira (eskemak, tresna digitalak, analogikoak…), landutako informazioa nola asimilatu den jakiteko tresnatxoak proposatuko ditugu (quizziz esate baterako) eta hori guztia adierazteko (marrazkiak, grafia motak etab) teknika errazak lantzen saiatuko gara.