Gorka Julio: “Ez gara konturatzen, gure azpiegiturak, kontrolik gabe, kanpoko enpresa zein erakundeen esku jarrita zein arazo sortzen diren”

Azaroaren 17ko Software eta Teknologia Librearen III. Euskal Mintegiaren antolaketan buru belarri sartuta dabil Gorka Julio Talaios kooperatibako kidea eta UEUkidea. Izan ere, UEUk eta Talaiosek elkarlanean antolatu dute hirugarren mintegi hau. Azkena 2002an egin zen. Matrikula doan da, baina jardunaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea.

gorkajulio2Urte dezente pasatu dira UEUk antolatutako azken mintegitik. Zer aldatu da hauetan urte guztietan?
Teknologiari dagokionez, testuingurua asko aldatu da. Orain denok dugu mugikorra eta edozeinek argi du teknologiak paper garrantzitsua duela gure bizitzetan. Lehen teknologia garrantzitsua bai, baina gai teknikoa zela kontsidera zitekeen, jada hori ezinezkoa da.

Software libreari begiratuz gero, berau jakin gabe ere gure jendarteko espazio askotan erabiltzen da; Google bezalako enpresa handietatik hasi eta txikienetara. Hala ere, hori horrela izanagatik ere hasieran zuen aldarrikapen indarra apur bat lausotu dela ere esan liteke; seguruenik lehen ekitaldi hura sortu zutenek zuten indarra.

Nondik sortu da topagune hori berreskuratzeko beharrizana?
Indar hori berreskuratu eta jende berria metatzeko motibaziotik jaio da erabakia. Alde batetik software librea gero eta ohikoagoa izanik ere, arlo honetan dabiltzan euskaldunak berriro biltzeko beharra zegoela ikusi genuen. Bere garaian, euskal informatikariak bereziki, arlo horretan aritzeko, hori lantzeko jaio bazen; orain, daudenak bildu, ezagutza elkartrukatu eta bultzada berria emateko helburuarekin egiten dugu hau guztia.

Softwaretik harago teknologia librea ere landuko da oraingo honetan. Teknologia libreaz ari garenean zertaz ari gara?
Software librea ez ezik, beste teknologia askori ere libre izaera aitortzeko eta lantzeko ordua ere bazela pentsatu genuen. Azpiegitura baten softwarea librea izateak adibidez, ez du azpiegituraren askatasuna ziurtatzen. Azken urteetan hardware librea, azpiegitura libreak… Software librearen askatasunak inspiratuta jaio diren proiektu eta ekimenetara zabaldu nahi izan dugu honela.

Egun osoko jarduna izango da eta tailerrak eta hitzaldi laburrak tartekatuko dira. Zein eratako proposamenak jaso dituzue?
Tailerretan garapenari lotutako bi tailer eta hardwareari lotutako beste bi jaso ditugu. Lehen alorrean, hizkuntza teknologiak lantzeko eta beste bat garapenerako metodologien ingurukoa. Bigarrenean, guifi.net auzosare, libre eta neutralaren inguruko tailer bat eta Gauzen Internet delakoan hasteko aukera emango duen beste bat.

Hitzaldiei dagokionez, aniztasuna izan da nagusi, baina garapen tresnen erabilera eta lan eremuko ezagutzen elkartrukea, euskara eta hezkuntzari lotutako gaiekin batera dira nagusi. Hala ere, edonork topa dezake zerbait interesgarria, esan bezala aniztasuna baita nagusi hitzaldi labur hauetan.

Aritu eta adituek elkar ezagutzeaz gain, burujabetza teknologikoaren gaineko eztabaida erdigunean jartzea da asmoa.
Erabat. Arlo hauetan dabilen jendea horren garrantziaz jabetzeaz gain, horretarako pausoak ematea dugu helburu. Ez gara konturatzen, gure azpiegiturak, softwarea edo hardwarea kontrolik gabe, kanpoko enpresa zein erakundeen esku jartzean zein arazo sortzen diren.

Erakunde publiko baten tramiteak egiteko Windows sistema eragilea izatea beharrezkotzat ematea, eskola batean Google-en produktuak bakarrik txertatzea edota komunikazio azpiegiturak eta datuak kanpoko enpresa eta erakundeei oparitzen ari garenean arazoa handitzen ari gara. Soluzio magikorik ez dago, baina teknologia libreek askotan errealak diren alternatibak eskaintzen dituzte.

Burujabetza teknologikorako bide horretan zein puntutan gaude Euskal Herrian?
Orain arte, software librearen inguruko komunitateak, zentzu zabalenean ulertuta, baina batez ere boluntarioek osatua, eraman du teknologia librearen bandera aurrera. Librezale-ko komunitateak adibidez, izugarrizko lana egin du eta egiten jarraitzen du software arloan euskarazko softwarea izan dezagun.

Ondoren etorri zen, ESLE Euskadiko teknologia libreko eta ezagutza irekiko enpresen elkartea. Momentu hartan airean zegoen gezur handi bati erantzunez, oso ohikoa baitzen entzutea ez zegoela gurean software librean lan egin eta zerbitzuak era profesionalean eman zezakeen inor. Horri erantzunez-edo jaio zen eta aitzakia horri aurre egiteko balio izan badu ere, eta enpresa horiek lanean jarraitzen badute ere, oraindik ere zailtasunak topatzen dituzte.

Larriena aldiz, erakundeei dagokion esparrua da. Euskal erakunde gehienek, burujabetza teknologikoaren ikuspuntutik oso urrun daude. Telekomunikazio enpresa handien esku edota interes publikoari erantzuten ez dioten politiketan murgilduta. Erakunde publiko hauek azken urteotan gaiari lotutako erabakiak nolakoak izan diren ikusteko nahikoa da, lehen biltzarreko ondorioetara joatea; bertan dagoena sinatuko genuke ia hitzez hitz. Espero dezagun, laster aldaketak egotea esparru honetan.

Oraindik ere zenbatetan tokatzen zaizu software librea zer den azaldu beharra?
Gero eta gutxiago, baina bai, oraindik gertatzen da. Hori baino okerragoa da aldiz, zer den jakin gabe ere gero eta arreta gutxiago jartzea erabiltzen ditugun programa eta aplikazioei. Sakelakotan bereziki larria bihurtu da fenomeno hau. Zenek galdetzen dio bere buruari sakelakoan zerbait instalatzean, aplikazio hori software librea den? Erabiltzeko eskatzen dituen baimenak zein diren edo datuekin zer egingo duen? Hori ere burujabetza teknologikoa da, norbanakoarena eta hortik hasten da burujabetza.

Mintegi honen helburua hori ere bada?
Noski, beharrezkoa izaten jarraitzen duelako, baina esan bezala, alde batetik kontzeptua beste arlo batzuetara zabaldu nahi dugu: hardwarea, azpiegitura, datuak, ezagutza… Bestetik, azken urteetan galdutako aldarrikapena ere hauspotu nahiko genuke, softwarelibreanahidugu.eus ekimenean egiten den bezala.

Zein da azken helburua?
Euskal aritu eta adituak, zaletuak eta profesionalak, garatzaileak edo ikasteko gogoz daudenak… horiek guztiak bildu eta aurrerantzean ere teknologia libreen aldeko apustua berresteaz gain, bakoitza bere arlotik burujabetza teknologikoa sustatzeko agente izatea. Taldean, kolektiboki egituratzeak ematen duen indarra eta sostenguarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude