Laugarrenez sustatuko du UEUk Hondakinen kudeaketa eta tratamendua graduondokoa, UPV/EHUren Berezko Tituluen eskaintzaren barruan. Hondakinen gaia oraindik puri-purian dago Dani Zuazagoitia UPV/EHUko irakasle eta graduondoko arduradunaren esanetan, aldaketa nahitaezkoa dela eta horretarako esparru horretako espezialistak behar direla “hondakinen inguruan, egungo errealitatea menperatzen duten eta arazo berriei irtenbidea emateko gai diren pertsona kritikoak”. Izena emateko epea irailaren 22ra arte dago zabalik.
Hondakinen kudeaketa puri-purian dagoen gaia da berton ere. Eztabaida iturri ere bai.
Hondakinak betidanik sortu izan ditu gizakiak, Debako Praileaitz koban bizi ziren arbasoek ere sortzen zituzten eta kudeatu beharra zuten. Gaur egun, munduan biztanleria etengabe hazten doa, eta berarekin batera, sortzen dituen hondakinak ere bai, ingurumen arazo bihurtu da. Gurean ere ez gara libratzen. Euskal Herrian 70eko hamarkadan sortzen genituen hondakin guztiek zabortegian bukatzen zuten, askotan kontrolik gabe. 80ko hamarkadan, aldiz, lehenengo zabortegi kontrolatuak sortu ziren. Urte batzuk geroago hondakinak selektiboki batzen hasi ginen; papera, kartoia eta beira batez ere. Ontzi arinak batzeko edukiontzi horia 90eko hamarkadan heldu zen. Ondoren sortu ziren hondakinei tratamendu ezberdinak emateko azpiegiturak. Bizkaiko errauskailua, adibidez, 2004an hasi zen martxan, eta Arabako tratamendu mekaniko biologikoko planta, aldiz, 2013an. Gaur egun hondakin organikoak batzeko sistemak ere baditugu, eta hauek tratatzeko azpiegiturak sortzen ari dira. Nafarroako hondakin plan berriak halako lau eraiki nahi ditu. Azken boladan neurri ekonomikoak ezagutu ditugu , sortutako hondakinen araberako ordainketa (ingelesez pay as you throw) zein birziklapen edo isurketa tasak. Hala ere, Euskal Herrian %40a baino gutxiago birziklatzen dugu, Europatik ezarri diren helburuetatik urrun gaude oraindik. Eusko jaurlaritzak dio urtero 47 milioi euro botatzen ditugula zabortegietara. Hau ekidin daiteke, enplegua sortuz (1200 enplegu berde Eusko Jaurlaritzaren aburuz), dirua aurreztuz, eta ingurumena zainduz. Hondakinen hierarkiari erantzutea besterik ez dago: prebenitu, berrerabili, birziklatu, eta ezin denean energetikoko balioztu edo, azken kasuan, zabortegira bota.
Europako Batzordeak Ekonomia Zirkularreko neurri sorta onartu zuen. Zeintzuk dira neurri horiek? Zertan eragin du edo eragingo du?
Europar Batasuna bere ildo estrategikoak definitzen ari da, baliabideen eraginkortasun handiko Europa baterantz, eta Ekonomia zirkularreko paketea honen adierazpide da. Baldintzak eta helburuak gogortuko dira, eta hauek bete ezean, atzetik isunak helduko dira. Egoera honen aurrean lanean hasi beharra dago hondakinen kudeaketa egokiago bat bultzatuz. 2013ko martxoan, Europako Parlamentuan hiri-hondakinen kudeaketaren inguruan antolatutako hitzaldi batean, Janez Potocni Europako Ingurumen komisarioak zera baieztatu zuen , parlamentari eta industriaren ordezkarien aurrean: “Zero waste might be an Ambitious goal in our highly industrialised societies, but it is the right aspiration” (zero zabor-ek asmo handikoa ematen du gizarte industrial honetan, baina hori da lortu behar duguna).
Ekonomia zirkularrerako paketeak hainbat neurri proposatzen ditu; ekoizpen prozesuan ekodiseinua sustatuz, zaharkitze programatuaren kontrako politikak prebentzioa sustatuz (modu kuantitatiboan zein kualitatiboan, gerora ingurumen kutsatzaileak izango diren eta sortzen ari diren mikro-plastiko eta konposatuak ekidinez), hondakinen kudeaketan berrikuntza eta inbertsioa sustatuko ditu, plastikoen industriaren erronka zehatzak proposatu, itsas hondakinen arazoari aurre egin, eta, gainera, janari-hondakinen arazoari adarretatik heldu. Beste batzuen artean Batzordeak honako neurri zehatzak proposatu ditu: 2030erako udal hondakinen %65 eta ontzi arinen %75a birziklatzea, eta hondakin guztien %10 baino gutxiago zabortegietara heltzea.
Graduondokoaren 4. edizioa da dagoeneko. Oraindik beharrizana dagoen seinale?
Hondakinen gaia, aipatu bezala, puri-purian dago gaur egun. Paradigma berri baten aurrean gaude. Nahi ala ez aldatu beharko dugu eta horretarako esparru honetan espezialistak direnak beharko dira. 2016an bukatzen dira Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako Plan gidatzaileak, eta Plan berriak idazten ari dira gaur egun; kasu guztietan Ekonomia zirkularra eta hondakinen hierarkia hizpide dutenak. Profesionalak eta pertsona kritiko zein eragileak behar dira eraldaketa hau bultzatzeko.
Zergatik da hain garrantzitsua graduondoko hau?
Graduondoko honek berebiziko garrantzia dauka. Unibertsitate mailako graduetan hondakinen inguruan beti jorratzen da zer edo zer, normalean zeharka bada ere. UPV/EHUko Berezko Tituluen eskaintzan sartzen den eta UEUko Kimika Sailaren gidaritzapean dagoen graduondoko honek diziplinarteko ikuspuntu batetik jorratzen du gaia, eta ikuspuntu hori behar beharrezkoa da gure gizarteak duen arazo honi irtenbidea emateko.
Azken 100 urteotan sortu dugu gainontzeko historia guztian baino zarama gehiago. Zein da gaur egungo erradiografia?
Gaur egungo kontsumo gizarteak etengabe sortzen du zaborra eta ez bakarrik katearen bukaeran, baita ustiaketa, ekoizpen, salmenta eta erabilpen urratsetan ere; horri produktuaren motxila ekologikoa deritzogu. Urrats guzti horietan sortzen dira arazoak. Airearen kutsadura (hondakinen esparruan sortzen diren berotegi efektuko gasen ekarpena guztien %8a da), ura eta lurra kutsatzen dugu; arazo sozialak ere badira, langile eta indigenen eskubideak kontutan hartzen ez ditugulako. Herrialde garatuen eredua okerra da, eta garatu nahi duten beste herrialdeek eredu horri jarraitzen diote tamalez. Euskal Herrian gutako bakoitzak 500 kg zabor sortzen ditu urtean, eta horietatik %65a erre edo zabortegietara botatzen da. Erradiografiari ondo erreparatuz gero, hezur asko apurtu ditugu jada.
Zer dira hondakinak? Murriztu daitezke? Nola aurre egin sortzen ari garen hondakinen kopuru handi honi? Legeak gure alde ditugu? zeintzuk dira Euskal Herriko eredu ezberdinak hondakinen kudeaketarako? Zein da hondakin zehatz batentzako tratamendurik egokiena. Horiek graduondokoak erantzun nahi dituen galderetako batzuk. Galdera horiei erantzuteko diziplinarteko graduondokoa izango da eta baita praktikoa ere.
Graduondokoa antolatzeko orduan diziplinartekotasuna kontutan hartu dugu : UPV/EHUko eta Mondragon Unibertsitateko 24 irakaslek parte hartuko dute UEUko Kimika Sailaren gidaritzapean. Alderdi ekonomikoa, politikoa, juridikoa, teknologikoa eta praktikoa landuko dira. Errealitateari eta egunerokotasunari lotuta egongo dira klaseak eta irteerak. Zortzi irteera proposatu ditugu, interesgarria eta motibagarria izan daitekeelakoan maila teorikoan ikasitakoak era praktikoan aztertu ahal izatea.
Zein da graduondokoaren azken helburua?
Azken helburua zera izango litzateke, hondakinen inguruan, egungo errealitatea menperatzen duten, eta arazo berriei irtenbidea emateko gai diren pertsona kritikoak lortzea. Materialen ustiaketan, produktuen fabrikazioan eta hondakinen kudeaketan ikuspegi zabala izango duten profesional berriak.