Marta Luxan eta Unai Txurruka: “Zapalkuntza ez da soilik estutzen gaituen zerbait, baizik eta askotan gure jarrera, harremanak eta bizitzeko moduen bitartez birsortzen dugun zeozer”

UEUk Herrigintza feminismotik ikastaroa antolatu du udazken honetan Eibarren. Marta Luzan eta Unai Txurrukari, ikastaroko arduradunei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

parents-around-tableGizarte mugimendu eraldatzaileetan eraldatu nahi dugun gizarte horren jarrerak eta dinamikak errepikatzen ditugu, tartean, sexu-genero sistemak ezartzen dituenak. Paradoxa horrez kontziente izaten gara edo pentsatzen dugu, ustez, behintzat, giro aurrerakoiagoak izaten direnez, ez dela horrela izango?  Gure ustez, gero eta kontzienteagoak izan arren, oso zaila suertatzen zaigu honen ondorio praktikoak identifikatzea, mahai-gainean jartzea eta, are latzagoa, hauexek landu eta eraldatzea.

Zein ondorio ditu sexu-genero sistemak militantzian? Ondorio guztiak zerrendatzea luzeegia litzateke, baina zenbait puntu azpimarratu nahi genuke. Hasteko, parte-hartzeari buruz dihardugunean, parte-hartzen jakin, nahi eta ahal beharrezkoa dela kontutan hartu behar dugu eta aukera horietan sexu-genero sistemak duen eragina aztertu ere. Era berean, genero sistemen eragina ez da berbera talde, une eta gune guztietan; aldakorra da eta aldakortasun horri erreparatzea ere garrantzitsua deritzogu.Gauza zehatzagoetara joz, noiz, non eta nola elkartzen garen aztertzea ezinbestekoa dugu sexu-genero sistemaren eragina irauli nahi badugu. Horretaz gain, eta egin izan ditugun lantegiak oinarritzat hartuz, genero sistemak gizarte mugimenduetan eraikitzen ditugun botere-harremanetan eragina dutela azpimarratuko genuke, baita lan, rol eta funtzioen banaketan edota erabiltzen dugun iruditegian. Dakigunez, denboraren erabilera generoen arabera araututa dago eta hauxe litzateke, gure ustez, beste gai gakoa: nola bizi dugu denboraren fragmentazioa eta zer eragina du gizarte mugimenduetan generoaren ikuspuntutik? Fragmentazio horri aurre egiteko proposamenik al dugu mugimenduen baitan?Bukatzeko, egun politikoki zuzena izatearen afera dugu esku artean. Zer da diskurtsiboki defendatzen duguna eta nolakoak gauzatzeko ahaleginak? Erresistentzia eta pribilegioez hitz egiteko prest al gaude? Nolako espazio eta denbora eskaintzen diegu gai hauei? Lehentasunik al dute gure mugimendu edota kolektiboen agendetan?

UEUko udako ikastaroetan Emaús Fundazioak antolatutako Talde lan eraldatzailea eta parte hartzailea: bide eta proposamenak Euskal Herrian ikastaroan parte hartu zuen Joxemi Zumalabe Fundazioak. Bertan, Maider Sagredok, Emaùseko Gizarte teknikariak, azaldu zigun boterea eta beldurra izaten direla dinamika zailenak antzematen. Bat zatozte? Bai, ados gaude. Zapalkuntza ez da soilik estutzen gaituen zerbait, baizik eta askotan gure jarrera, harremanak eta bizitzeko moduen bitartez birsortzen dugun zeozer. Zentzu horretan, gure portaeren ondorioak kontzienteki aztertzeari eta autokontzientzia garatzeari oso garrantzitsua deritzogu. Bestela, bitartekorik ipini ezean hegemonikoa dena berrelikatzen baitugu, zapalduak izateaz gain, gu geu zapaltzaileak bilakatuz.Hau da, oso argi dugu zapalduak izan gaitezkeela hainbat une eta gunetan baina zailago egiten zaigu gure burua zapaltzaile moduan ikustea.

Ikastaroan parte hartuko duzuenek militantzian izan dituzuen bizipen gozo eta gaziak hartuko dituzue ardatz. Pentsatzen dut 201516 ikasturtean Joxemi Zumalabek antolatutako Bor Bor (K) ikastaroan jasotako hainbat ikaspen ere ekarriko dituzuela, ezta? Ikasturte honetako Bor Bor (K) ikastaroan besteak beste, kolektiboen barne egitura eta funtzionamenduaz luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dugu. Eta zentzu horretan, barne botere ezberdinkeriak sortzen dituzten faktoreak identifikatzea eta berauek lantzeko mekanismoak kolektiboki pentsatzea herri mugimenduok parean dugun erronketako bat dela azpimarra dezakegu. Gainera, ezberdinkeriak sortzen dituzten faktoreak identifikatzerako orduan, sexu-genero sistemak sortzen dituztenak, beste faktore guztietan ere eragina dutela ezin dezakegu ahaztu. Adibide bat jartzearren, pertsona migratuek orokorrean mugimenduetan parte hartzeko oztopoak izaten badituzte, emakume migratuek oraindik eta oztopo gehiago izaten dituztela nabarmentzeko kontua dela iruditzen zaigu.Horrez gain, taldeetan erreparatu beharreko hiru dimentsiotan jarri dugu arreta. Kidea, Taldea eta Proiektu Politikoari erreparatzea eta hiruen beharrak identifikatzea eta berauek zaintzeko adostasunak garatzea ezinbesteko ariketa eta erronka kolektiboa dela esango genuke ere.

Eta nolakoa da militantzia feminista? Militantzia feministaren nolakotasunaz hitz egiteko azken hamarkadetan emakume feministen kolektiboek garatutakoari erreparatzea ezinbestekoa dugu. Ekarpen horiek bestelako kolektiboetan gorpuztu nahi baditugu, gure militantzia feminista bilakatzeko ahalegina eginez, gure genero identitateek militantzian dituzten eraginak identifikatu eta eraldatzen saiatu beharko ginateke. Hots, egungo eredua egunerokotasunean iraultzen ahalegintzea, gure arteko botere harremanak bereziki gizon eta emakumeen artekoak ukatu beharrean, harreman horiek ikustarazi eta horiek transformatzeko bitarteko praktikoak martxan jarri behar ditugu. Erasoen gaiari ere heldu beharko genioke, gure baitan ere jazarpenak eta erasoak gertatzen direla oso presente izan eta horiek ekidin eta ikustaraztearen aldeko apustua irmoa egin. Dena dela, hauxe dugu hain zuzen ere guztion artean erantzun beharreko galdera eta eraiki behar dugun mugimendua. Formula magikorik balego, zertarako ikastaroa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude