UEUk Videogametik bideo-jokora: bideo-jokoak euskarara ekartzen ikastaroa antolatu du udazken honetan Eibarren. Gartxot Renteria eta Julen Zaballari, ikastaroko arduradunei galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.
Zein da euskarazko bideo-jokoen merkatuaren egoera?
Euskarazko bideo-jokoen merkatua bizirik dago baina, gaztelaniaz edota ingelesez argitaratzen direnekin alderatuta, oso merkatu txikia da. Dena dela, produktu horien eskaria dago, eta urtero euskara hutsean sortutako bospasei bideo-joko aurkezten dira. Ekoizpen xumeak izaten dira, batez ere sakelako telefonoentzat, tabletentzat eta ordenagailuentzat eginak.
Zein bilakaera izan dute euskal bideo-jokoek? Lehenengo euskal bideo-jokoak Sopelako Joseba Epalza programatzailearen eskutik etorri ziren, 1985ean. ZX Spectrum 48K antzinako ordenagailurako bideo-jokoak izan ziren.Hamabost urte iragan behar izan ziren euskara hutsean egindako lehen bideo-jokoa ikusi ahal izateko. Hori 2000. urtean jazo zen, bideo-jokoak ‘Estropadak‘ zuen izenez, eta Errenterian zegoen 3DNews TV enpresak egin zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Sailak babestuta.
Zein zailtasun eta arazo sortzen dira bideo-jokoak euskaratzean? Bideo-jokoaren sortze-prozesua hasieratik euskaraz egingo bagenu, ez genuke inolako zailtasunik izango. Baina itzultzeak arazoa dakar, beraz, onena litzateke egokitzea edo moldaketa egitea. Lehenik eta behin, itzulpen zuzenak alde batera utzi behar dira, normalean, ulergarritasuna eta naturaltasuna galtzen baitira. Testu originala eta bideo-jokoaren nondik norakoak ezagutzea abiapunturik onena izaten da.Euskaratzerako orduan, kontuan izan behar da esaldien luzera. Ez da komenigarria testu luzeak egitea, ezta motzegiak ere. Argi dago horrek zailtasunak sortzen dituela, eta prozesuan ulergarritasuna galduko den beldurra dago beti. Horri aurre egiteko, itzultzaileek sortzeko gaitasuna izan behar dute.
Zein berezitasun ditu bideo-jokoen itzulpenak? Beste produktu kulturalen itzulpenekin alderatuta, lan egiteko era oso antzekoa da. Itzultzaileek, bai bakarka zein taldeka, ez dute programa informatiko arrarorik erabili behar testuak moldatzeko, Word edo Excel softwareekin nahikoa baita.
Nola ikusten duzu etorkizuna alor honetan? Gaur egun, euskaraz egindako bideo-jokoen eskaria dago, eta pixkanaka-pixkanaka gorantz doa, batez ere, software didaktikoen artean. Hala ere, bideo-jokoetan euskara normaltasunez erabiltzetik urrun gaude. Horrek ez du esan nahi produktu horiek euskaratzen jarraitzeari utzi behar zaiola. Nahita nahiez, euskarak bideo-jokoetan egon behar du, hizkuntza kultura baita eta, iritzi horri helduta, alor horretan lanean jarraituko beharko dugu.