Azpeitiko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren barruan Euskal Herriko oroimen historikoa ikastaroa antolatu du UEUk azarorako. Eztizen Miranda da ikastaroko arduraduna.
Oinarri teorikoak lantzeaz gain, Euskal Herriko une historikoak aztertuko dituzue, garaiko euskarazko prentsaren bidez. Komunikabideek egiten duten historiaren kontakizunak ekarpen berezia egiten die bestelako kontakizunei, ezta? Zeri begiratuko diozue medio hauen aleetan? Egunkariak testuinguru politiko-sozialaren lekukoak dira. Horregatik, 1936ko estatu-kolpearen aurreko eta osteko egunkarien diskurtsoari arreta berezia eskainiko diogu orduko gizarteak jasotzen zituen mezuak ulertu eta aztertu ahal izateko.·
Erdaretan idatzitako hainbat egunkarik euskarazkoek baino eragin handiagoa izan zuten garai hartan (ere) Euskal Herrian. Zergatik egin duzu soilik euskarazko prentsa aztertzeko hautua? Erdarazko testuak aztertu daitezke, kasu honetan, berriz, euskarazko prentsak ze nolako diskurtsoak garatu dituen aztertu nahi izan dugu. Azken batean, gogoratu behar dugu estatu-kolpearen ostean asko izan zirela zentsuratutako egunkariak, haien artean euskaldunak, baina horrek ez du esan nahi euskarazko prentsarik ez zegoenik, horregatik garrantzia eskaini nahi izan diogu baita euskal prentsari ere.·
Dokumental eta komikien bidezko testigantzak ere aztertuko dituzue. UEUko “Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean“ ikastaroan, Arantza Santestebanek azaldu zuen emakumeek hitza hartzen dutenean pitzadurak agertzen zaizkiola kontakizun ofizialari. Memoria historikoari eta giza eskubideei lotutako lanak zuzendu izan dituzu zuk. Nolako testigantzak bilatzen dituzu? Bat zatoz Santestebanen iritziarekin? Emakumezkoen testigantzak, zorionez, gero eta indar handiagoa du, eta ezinbestekoa da bide horretatik jarraitzea historiari buruzko irudi zintzoagoa lortzeko. Oroimen historikoa eta giza eskubideei buruzko lanetan emakumezkoaren ahotsa, askotan, itzalean geratu da, emakumezkoek, askotan, itzalean egin zutelako lan. 1936ko gerraren kasuan, adibidez, emakumezko milizianoa aipatu da behin baino gehiagotan, baina oso garrantzitsua izan zen etxean geratu zen ama, alaba, emaztea... gizonezkoa falta zenean familia aurrera atera zuen emakumea, herria berriro eraiki zuena, etxean eta etxetik kanpo lan egiten zuena belaunaldi gazteari etorkizuna eskaini ahal izateko, euskara gorde zuena eta ikastolak sortu euskal hezkuntzari eta kulturari bidea egiteko... Horiek dira bilatzen ditugun testigantzak (beste askorekin batera, noski). Santestebanen iritziarekin bat egiten dut, guztiz. Kontakizun ofiziala, gehienetan, maskulinoa da, baina gizonezko horiekin guztiekin batera emakumezkoak ere bazeuden, eta ez zeuden gizonezkoaren atzean, alboan baizik.·
Justizia trantsizionala ere izango duzue hizpide. Euskal Herriko oroimen historikoa nazioarteko prozesuen testuinguruan ulertzen saiatuko zarete. Aztertuko dituzuen prozesuetan emandako zein faktore ditugu faltan Euskal Herrian? Egia, Justizia eta Erreparazioa dira justizia trantsizionalaren oinarriak eta Euskal Herrian justizia trantsizionala lortzeko bide luzea geratzen bada ere, bidean gaudela pentsatzen dut. Espainiar estatuko beste hainbat lurraldetan gertatzen ez den bezala, Euskal Herrian diru laguntzak eta bestelako politikak mantendu egin dira urte hauetan guztietan zehar eta horrek indusketekin eta ikerketekin jarraitzeko aukera eskaini dio gizarteari. Areago, gizarte mugimenduek ezinbesteko lana egin dute eta egiten ari dira oroimen historikoaren eskuratze prozesuan, batez ere Egiaren bilaketan, eta horrek justizia eta erreparazioa lortzeko itxaropena eskaintzen du. Zein faktore ditugun faltan? Erakunde guztien inplikazioa behar dugu, milaka dira desagertutako pertsonak, eta pertsona horiek guztiek senitartekoak dituzte. Zer gertatu zen haiekin guztiekin? Non daude? Askotan egiaren topaketa bera justizia eta erreparazioa ere bada, baina horretarako gizartearen eta erakundeen inplikazioa behar dugu. Hala eta guztiz ere, lan handia geratu arren, bidean gaude. Egia bilatzen jarraitu behar dugu, eta horrela justizia eta erreparazioa ere lortuko dugu.
UEUn orain arte emandako ikastaroekin alderatuta zertan izango da desberdina Azpeitiko ikastaroa?
Aranzadik argitaratu zuen Javi Bucesen Azpeitiari buruzko ikerketa jarriko dut ikasleen eskutan, eta ikastaroan zehar hari buruzko gogoetak bultzatzea da asmoa. Elkarrizketen azterketak ere baditugu ikastaroaren ariketen artean, eta liburuan agertzen diren horiekin konparatzea da ideietako bat. Bestela esanda, nire asmoa da hurbileko oroimena eskuratzeak duen garrantzia azpimarratzea eta horri buruzko gogoeta sustatzea, ahaztu barik tokian tokiko oroimen hori Euskal Herrira, Espainiar Estatura eta mundura ere zabaltzen den oroimena dela. Beste alde batetik, hasita dagoen ikerketa horri jarraipena emateko aukera ere eskaini nahi dut. Bucesen ikerketa 1945ean amaitzen da, baina ondo dakigu diktadura eta errepresioa ez zirela orduan bukatu eta, beraz, azkeneko proiektua ondorengo urteei begira egin dezaten da nire asmoa.