Ibon Aristi: “Nahiz eta gure lurraldearen gune handi bat bustitzen duen, nahikoa ezezaguna dugu kostaldea”

UEUren 44. Udako Ikastaroen barruan Getaria, Zumaia eta Hondarribian ibiliko dira hainbat lagun “Kostako basa-bizitzaren ikerketan”. Uztailaren 22tik 24ra izango da ikastaroa eta Ibon Aristi arduradunak eman dizkigu xehetasunak.

Ibon AristiBiologo gazteek mendiko lanak egiteko eta basa bizitza ezagutzeko dituzten hutsuneei erantzuten hasteko antolatu duzue ikastaroa. Zein da egoera, zeintzuk dira hutsune horiek?
Biologia ikasketetan zehar hainbat dira lantzen diren gaitasunak, baina landa-lanera begirako kasu praktikoena gero eta murritzagoa da. Biologiak, nola ez, hainbat alor ditu landu beharrekoak, baina zientziarako zein bestelako lan teknikoetarako behar-beharrezkoa da laginketen prestaketa eta hau hizpide jakin batekin egitea. Aurtengoa, beraz, itsas-eremuko laginketei eta galderei begira egingo dugun ikastaroa izango da.

Euskal kostaldeko basa bizitzaren dibertsitatea ezagutzea ere bada ikastaroaren helburua. Nolakoa da, zein ezaugarri ditu gure kostako basa bizitzak? Nahikoa ezagutzen al dugu?
Egia esan, eta nahiz eta gure lurraldearen gune handi bat bustitzen duen, nahikoa ezezaguna den medioa dugu kostaldea. Hori dela eta, laginketak planteatzeaz gainera bertako basa-bizitzaren zertzelada batzuk ere emango ditugu.
Bi ekosistema izango dira praktikan landuko ditugunak. Lehenik, marearteko gunea bisitatuko dugu, hau da, mareak eraginda batzuetan urpean eta besteetan uretatik kanpo dagoen ekosistema. Eta bestetik, ur-zutabeko animaliak ezagutzera joango gara, horretarako neoprenoak eta uretako betaurrekoak jantzita. Biak ere oso ezberdinak diren bi gune dira bertan lan egiteko aldari begira erabat eskema ezberdina eskatzen dutenak.

Ikastaroa praktikoa izango da. Zer da zehatz-mehatz egingo duzuena?
Lehenengo eguna teorikoa izango da, bai marearteko gunean zein neritikoan bizidunek zer-nolako baldintzei aurre egin behar dieten ikus dezaten.
Behin ikuspuntu hauek ulertuta -azken finean horrelako ekosistemak ikertzeko behar-beharrezkoa baita- kasu praktikoak ezarriko dizkiegu. Kasuko galdera bati egingo diete aurre, eta galdera hori erantzuteko ikasleek eurek diseinatu beharko dute laginketa eta eskura izango duten materialarekin gauzatu.

Zer da ikastaro honekin lortu nahiko zenuketena?
Kostaldean egiten badugu ere aurtengo ikastaro hau, gure helburua etortzen den ikasleak ikuspuntu kritiko bat lantzea da; eginiko galdera zuzena bilatzea, eta horretarako erabiliko dituen metodoak zehatzak izatea. Azken finean, biharko egunean laginketak egiten ibiliko den pertsona batek landu beharreko trebetasunak horiek izango baitira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude