Ohiana Barrios eta Oier Azkarraga: “Euskal Gatazkan gizonek hartu dute protagonismoa; emakumeen izenak bidean ahazturik gelditu dira”

Euskal Gatazkaren inguruko diskurtsoak ugariak dira azken aldian. Konponbideaz, bakeaz eta normalizazioaz hitz egiten da politikan, unibertsitatean eta baita kalean ere. Ohiana Barrios eta Oier Azkarragak “Kartzela eta Euskal Gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean” antolatu dute UEUren udako ikastaroen baitan kartzelari begirada berri bat emanez, eta gertatutakoaren errelato feminista egin nahian.

Oier eta Ohiana txiki

Feminismoak azken urteotan egin duen aldarrikapenetako bat izan da, konponbidean omen gauden honetan, emakumeok gatazkan segitzen dugula: ez dagoela bakerik emakumeontzat. Imajinatzen dut ideia horrek eragina izango duela Euskal Gatazkari buruz egingo dituzuen hausnarketetan, ala?
Euskal Herriko Bilgune feministak azken denboraldian “bakea ez da existitzen, feminismoa bai” edo “hau ez da gure bakea” bezalako aldarriak erabili izan ditu. Ideia honek gidatu gaitu ikastaroa egiteko momentuan. Izan ere, “zer da bakea?”, galdetzen diogu gure buruari. Bakea indarkeriaren onarpen hutsa da. Ez da bakerik egongo Guardia Zibil batek eta militar batek gure herriko hiriburuan neska bat bortxatzen duten bitartean. Ez da bakerik egongo sistema patriarkalak gure herriko biztanleriaren aurka egiten duenean soilik emakume izateagatik. Ez da bakerik egongo ehunka senidek sasian edo espetxean jarraitzen duten bitartean. Arnaldo Otegik ere azpimarratu izan du azken aste hauetan, ezin dela esan Euskal Herrian bake prozesuan gaudenik: hemen indarkeria ezberdinak mantentzen dira eta horiekin amaitu arte ezingo da bakeaz hitz egin.

Borroka imajinarioen irakurketa feminista egiteko asmoa duzue. Zeintzuk dira imajinario horiek eta zertan dira makurrak?
Egin dezagun ariketatxo errez bat: Imajina dezagun gudari bat, edota preso bat. Askotan, gehienetan, esango nuke nik, mutil gazte bat imajinatuko dugu gehienok, gure herrian gudarien afitxak ageri direnean, mutilen gorputzekin ageri zaizkigu, etxean, ordea, “zain dago ama, harro egon liteke Maggi neskatila”… Borroka honetan, gizonek hartu dute protagonismoa, emakumeen izenak bidean ahazturik gelditu dira, eta ugariak dira. Herri honetan borrokan murgildu eta murgiltzen diren emakumeak, elbarriak, zaharrak… horien ekarpena aitortu nahiko genuke guk.

Espetxeko irteerari ere genero perspektibatik begiratuko diozue. Nola antzeman izan dugu orain arte? Zein ekarpen egingo duzue begirada kritiko horren bidez?
Espetxearen irteeraren inguruan ere, mito asko sortu dira gure herrian. Zain gaude, kartzeletan daudenak noiz aterako zain, noiz etxera bueltatuko zain: ongi etorriak, jaiak, festa eta ardoa nagusi. Baina gero, zer? Egunerokotasunera bueltatuta, arazo handiak sortzen dira, ia erretiro adinarekin lana bilatzen jarri, agian inongo lan esperientziarik gabe, edo zaharkituta… Zaintza lanak ere hor daude: urteetan zehar zaindu dituzten pertsonak dira presoak, baina irtetean? Leire Barberena Gizarte Langileak, guzti honen inguruko ikerketa burutu du, eta bertan familiaren garrantzia aipatzen du; familia da, berriz ere, eta urteetan izan den bezala, preso hauen sostengu bakarra edo gutxienetakoa.

Kartzelaz eta gizontasunaz ariko zara, Oier. Kartzelak oso era ezberdinean tratatzen eta zigortzen ditu gizon eta emakumeak; ahalegin handia egiten du rol maskulino eta femeninoak kontserbatu edo iraunarazten, ezta?
Bai, azken urtean gai honen inguruan hausnartzen ibilitakoa naiz, eta horren zatitxo bat eraman nahiko nuke nire aurkezpenera. Kartzela sistema hetero-patriarkatuaren beste tresna bat da, erakunde bat, erakunde total bat, azken finean. Kartzelaren barruan genero rolak indartzen dira, zeharo indartu ere! Hemen ere zaintza lanak aipatu nahiko nituzke, familiaren zaintza eta bikotearen zaintza, berriro ere emakumeen gain erortzen baita pisu guztia, edo gehiena. Martxan dago emakumea eta kartzela aztertuko dituen lantaldetxo bat; ederra litzateke haiekin guk ateratako ondorio guztiak kontrastatzeko aukera izatea.

Zer lotura dago gatazka eta kartzela edo emozio eta gorpuztasunaren artean?
Herri honetan, inoiz ez da egon nahikoa denbora, edo nahikoa gogo emozioei erreparatzeko. Intentsitate gutxiko guda honetan, gorputzak behar ziren, eta haietako asko galdu ditugu, espetxeak, ihesak edo heriotzak medio. Orain, bakerik gabe bagaude ere, hausnartzeko denbora gehiago dugu. Orain da gure buruei begiratzeko unea. Kartzeletan ere halakorik gertatu izan da, preso batek zioen, kartzela berarentzat “emozioen etxea” izan da, zaintzarako gunea. Espetxeak lasaitasun bat ematen du, gauzak perspektibaz begiratzeko talaia, noizean behin etenalditxoak ere egin behar ditugu arnasa hartzeko, bide luzea gelditzen zaigu eta.

Alderdi politiko eta erakundeetan daudenek egiten dute diskurtso feministatik Euskal Gatazkaren inguruan?
Feminismoa inoiz ez da izan inongo alderdi eta instituzioen oinarri, asko jota atal bezala jorratu izan da. Orain, Mugimendu Feminista indar handia hartzen ari da, lan ugari egin dute gure herriko emakumeek feminismoa hedatu eta indartzeko, eta hori oso eskertzekoa da. Euskal Gatazka oraindik ez da feminismotik lantzen ari, joko zelaia arma eta errepresiotik, memoriaren gunera pasa da eta han konponbidea eraiki beharrean bataila hori nor irabazi da buruhauste handiena politikarientzat. Aresek halako astakeria bota zuen behin: “ETA garaitu dugu, orain bakea irabazi behar dugu.” Guri dagokigu, herritargoari, gatazka lehenengo pertsonan bizi izan dugunoi, bake horien norabidean aurrerapausoak ematea. Ahaztu gabe esaten hasi garen bezala, ez dagoela bakeaz hitz egiterik, gure herritargoaren erdiak zanpatua jarraitzen badu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude