Eta kultura autodeterminatuko balitz? (II) Zubiak eta kortseak

Kultur ereduak eta kultur politika izan zituen ardatz “Eta kultura autodeterminatu balitz?” ikastaroaren bigarren egunak. Hainbat kultur eredu, hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan zen. Astra, Tabakalera, Hala Bedi Irratia, EHZ edota Katakrak. Eta kultur ereduak eta kultur politika horixe izan zuten eztabaidagai Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Haizea Barcenilla Arte irakasle eta komisarioak, Mikel Erramouspe EKEko lehendakariak eta Nerea Fillat Katrakak-eko arduradunak, Sustrai Colinaren gidaritzapean. Kulturgintza eta herrigintza vs erakundeak, bien arteko zubiak, kulturaren deskapitalizazioa, balizko ituna…

Kulturgintza vs erakundeak dikotomia horretan ez zen gustura sentitu Muñoz, horrela planteatuta “kartak markatuta” daudelakoan. “Zubirik ba al dago erdian?” galdetzen zuen, eta gauzak birdefinitu beharra ikusten zuen, errealitatea bera ere gero eta konplexuagoa zelako. Erakundeek kulturari begiratzeko “premisa politiko oso argiak” dituztela gogorarazi zion Fillatek. Erakundeek bideak jarri behar dituztela herrigintza sortzaileari ateak zabaltzeko.

IMG_20160707_144601

Erakundeen erritmoaren geldotasunean denak etorri ziren bat. Haizea Barcenillak zioen erritmo hori ez datorrela bat praktika kulturalek behar dutenarekin. Muñozek onartzen zuen “erakundeen erritmoena lazgarria dela. Izutu egiten du makinaren geldotasunak”. Arazo larria izanik, hala ere, konpontzeko zaila dela. Malgutasunaren eta garantiaren arteko dikotomiari erreferentzia eginez.

“Bertako testuinguruaren eta makro fenomenoen” arteko lotura ere izan zuten mintzagai Muñozek zein Barcenillak. Bien arteko oreka horretan asmatu beharraz. “Greendwich ez da meridiano bakarra” argi dagoela, baina meridianoekin kontatu behar dela zioen lehenengoak. Oreka hori oso garrantzitsua zela zioen bigarrenak, paradigma aldaketaz mintzo zela. Kultura gero eta gehiago dagoelako ekonomiari lotuta eta “mega elementu eta mega estrukturei garrantzia gehiago” ematen zaielako. Smithsonian-en harira, kanpoan egon behar dela esaterakoan bat, hori bai “baina nola?”

Uste duzue kulturaren munduko estatu itun bat posible dela eta hala balitz zeintzuk oinarriak edo premisak? Colinaren galderari erantzunez gogoeta beharrezkoa ikusten du Erramouspek. Elkar ulertzen, elkarrekin bizitzen, erronkei erantzuten hor itunak baduela bere egitekoa. Ipar Euskal Herrian Herri Elkargo berriak berak ituna eskatzen duela zioen Erramouspek. Kultur konpetentzia hartuko baitu sei hilabetean. Gizarte anitza zela azpimarratu zuen hala ere, bakoitzak bere lekua behar lukeela.

Barcenillarentzat zaila, beharbada utopikoa, baina ituna garrantzitsua litzateke, baina ez erakundeetatik etorritakoa, oinarritik hasitako prozesua baino. Erakundeak kontuan hartu behar direla bai, baina erakundeak direla itunera egokitu behar direnak eta ez alderantziz. Bestela “berriro makinarian harrapatuta” egoteko arriskua dagoelako. Fillatek ez luke itunik nahi, “teorikoki kortse gogorra” delako pentsatu ahal izateko. “Laukitu ezin diren leku horietatik” datozelako ingurua aldatzeko sormenak. Itun batek pribilegio eta estrukturak mantentzeko baino ez lukeela balioko. Orain legez erakundeek herritar zati handi bat kanpoan utziko luketela. Inguruan gertatzen denari ez diotela begiratzen. Pobretzea, prebarikazioa… “Kulturan pentsatzeko hori ere begiratu behar zaio”. Galdera handiegia dela uste du Muñozek. “Lehenengo hitzarmena estatuari buruz” litzatekeela eta adostasun batera heltzea ere zail ikusten duela profesionalen artean. Oinarri batzuk aldatu ahal izateko, funtzionatzeko modu bat aldatu behar izateko itun garrantzitsuak behar direla uste arren, “jokoaren arauak auzitan jartzeko” itun zabal bat.

Kultura deskapitalizatu beharraz, kulturaz hitz egin beharraz diruaz hitz egin gabe. “Baina nola egin?” zioen Barcenillak “egunero jan behar duzu”. Fillatek argi du ez dagoela “mundu honetan kapitalismo eta patriarkatutik kanpo egoterik”, hala ere, antolatzen hasteko deia luzatu zien bertaratutako sortzaileei, eragileei. Argi izanik sormenaren munduan dauden askok halakorik ez dutela nahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude