Nerea Mendizabal: “Haurren arteko gatazketan ez dugu epaile gisa parte hartu behar, bitartekari lanean baino”

Guraso edo hezitzaile eta haurren elkar ulertzeaz. Zigor, xantaia eta mehatxurik gabeko harremanez hitz egingo du Nerea Mendizabal Psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak Baionako UEUren Udako ikastaroetan.

Nerea Mendizabal
Nola hitz egin haurrei, entzun diezaguten… Nola entzun, hitz egin dezaten… Gakoa hor dago. 
Gakoa hor dago batez ere harremanak zaindu nahi baldin baditugu. Gainera, seme-alabekin, ikasleekin…inporta zaizkigun pertsonekin ditugun harremanak dira. Nola entzun edo nola hitz egin garrantzitsua da harremana zaindu nahi badugu. Bestalde eskuartean ditugun gaiak haur horiekin nolabait eraginkorrak izatea nahi dugu. Gure gatazkan jokoan daudenak eraginkorrak izatea nahi dugu eta egoera konpontzea. Eta harremanak zaindu eta eraginkorrak izatea nahi baldin badugu nola hitz egin eta nola entzun garrantzitsua da.

“Ondo” eta “txarto” kendu behar ditugu gure hiztegitik… Ez dakit hiztegitik kendu behar ditugun, baina bai bada orain arte gauzak ebaluatzeko jaso dugun parametro bat, gaizki-ondo, okerra-zuzena, egokia-desegokia… Modu honetara egin dugu aurrera. Inportantea zaigulako ikustea non dagoen arriskua, non ez, zer nahi dudan, zer ez… kontua da “Ondo” eta “Gaizki” parametro horietan jartzen garenean, epaitzen edo kritikatzen jartzen garela. Eta gizakion lege unibertsala dela esango nuke, norbaitek epaitzean, kritikatzean edo zerbaitetara behartzean, defentsiban jartzea edo guk ere atakatzea da. Parametro horretan sartzen garenean harremana eta eraginkortasuna zailtzen ditugu. Epai edo kritika horrek informazio baliotsua dauka nitaz eta kontua ez da hori kontrolatzea, borratzea edo erreprimitzea. Kontua epaiak xehatzen ikastea da, itzultzen jakitea. Itzultzea zer den niretzat horren inportantea zerbait gaizki dagoela esaten dudanean. Beste era batera esaten ez dakidan hori. “Zu beti igual” Horrela ateratzen zait, horrela erantzuten, erreakzionatzen ikasi dut. “Zu beti igual”, “zein egoista zaren” Hori irtetean, hori nire formatura itzultzea da kontua. Zer esan nahi dut horrekin? Deseroso nagoela niretzako inportantea delako elkar kontuan hartzea eta ikusten dudanean pastel erdia baino gehiago jan duela berak beste denak kontuan hartu gabe… Badakit aipatutako epai edo kritika bere horretan harremanean jartzen badut konplikatu egingo dela eta harremana zailduko dela eta ez dela eraginkorra izango. Hori ez badut nahi, hartu epai hori, “Ondo” eta “gaizki” hori, itzuli eta itzulpenean ateratzen den materiala, hori partekatu behar dut.

Eta bizkarrean dugun motxila pisutsua… Gure haurrengan gustuko ez dugun horretatik zenbat den gurea… Dena. Beste bat egoera berdinaren aurrean ez da deseroso sentitzen eta besteak egin duen ekintzak berdin berdina izaten jarraitzen du. Niri mugitzen zait zerbait eta niri mugitzen zaidanez, niri tokatzen zait hau kudeatzea, nitaz hitz egiten; eta bestearen kolaborazio nahi badut edo besteak ere ni kontuan hartzea, ezinbestekoa izango da nola transmititu nahi dudan hori. Neurea da %100, niri pasatzen zaidana. Aldi berean gustatuko litzaidake, nirekin kolaboratzea edo zaintzea edo nolabaiteko errespetua izatea. Nik kudeatu behar dut modurik zainduen edo eraginkorrenean.

Ondo dagoen haurra ez omen da gaizki portatzen eta gaizki portatzen dena ez omen dago ondo. Hala ere gu beti errudun bila… Marshall Rosemberg “komunikazio ez-bortitza”ko autoreak dio 8.000-10.000 urte daramazkigula hau arnasten eta hau zainetan sartuta. Edozein egoeretan errudunak bilatu behar ditugu. Eta gainera beti guk daukagu arrazoia eta ez besteek. Eta gatazkak orain aipatu dugun paradigma horretara bideratzen ditugu. “Ondo” eta “gaizki”. “Hori ez dago ondo”, “zuk aldatu egin behar duzu”…

Guraso edo hezitzaile eta haurren artekoaz ari gara, baina haurren arteko gatazketan ez al dugu gehiegi esku hartzen? Bi haur gatazkan ari direnean epaitzen edo interpretatzen ari naiz, bietako bat ez dela ondo ari edo biak gaizki ari direla. Parte hartzen dut paradigma horrekin baita ere. “Zuk ez zenuen egin behar”, “eskatu iezaiozu barkamena”… Paradigma horretatik egiten dugu eta gainera beraien istorio baten esku hartzen, gainera beharbada laguntza eskatu ez didatenean. Beraien arteko gatazka bat dagoenean parte hartu behar dut? Edo konfiantza dut beraiek ere badituztela beraien errekurtsoak edo egoera hau ere ikasketa prozesua izan daitekeela beraientzat? Nahiz eta eramateko era ez izan guretzat gustagarriena. Ikusi behar da haurren adina zein den, bien artean orekarik dagoen, edo desoreka handia dagoen… Beharbada baten batek laguntza behar duelako. Beraien erara konpontzeko konfiantza badute, zer hobeto uztea baino? Egoera horretatik ere ikasiko dute.

Parte hartzea eskatzen badute edo parte hartzea erabakitzen badut, ezin dudalako jasan, batek begia aterako diolako… kasu horretan orain arte aipatutako paradigma horrek ez digu lagunduko, epaile bezala sartuko naizelako eta ez delako lagungarri izango. Parte hartu beharko genuke, baina ez epaile gisa, bitartekari lanean baino. Itzultzen eta ulertzen bi parteei pasatzen ari zaiena. Zer ari zaion pasatzen hori egitean, zer esan nahi du, non behar du laguntza…. Bakoitzaren sentimendu eta beharrak gainjartzen.
Mugarik ez jartzearen eta etengabe “ez” esatearen artean badago mundu bat. Mugak beharrezko ditu haurrak? Orain arte jaso duguna da “haurrak mugak behar ditu”. Bai eta ez. Haurrak berak ez du mugarik nahi. Haurrak ez du mugatzea behar, mugak nik dauzkat, ni nago mugatuta. Eta haurrak behar duena da ezagutzea nire mugak zeintzuk diren. Bera ez da mugak eskatzen ari. Bera ederki dago zuhaitzaren gainean. Haurrak esplorazioa, askatasuna, konfiantza behar du… hori da behar duena, ez muga. Niri egoera horretan denetik pasatzen zait, urduri nago… Zergatik? Ez dudalako minik hartzerik nahi… Beharbada bere aitak edo zaintzaileak edo izebak “zeinen ausarta, begira noraino igotzen den” pentsatuko du. Pertsona horrek beste erreferentzia batzuk dituelako, beste muga batzuk.

Ez da haurrek mugak behar dituztela edota dena libre behar dutela. Bi muturretara joaten gara. Eta bi mutur horiek umearengan eta gure harremanean faktura edo ondorio bat daukate. Mugak gureak badira, guk kudeatu ditzakegu, baina gure mugetatik. Nola adierazi nitzake nire mugak berari kolaborazioa eskatzen, eta aldi berean, mugak jartzen ari naizenean? Nola zaindu haurra ere, bera mugatzen eta frustratzen ari naizen horretan? Berak nirea gustu gehiagorekin kontuan hartuko du bera ere kontuan hartzen badut. Adibidez, zuhaitzean igota baldin badago haurra eta beldurrez banago, zera esango nioke: “zu hor ikusteak beldurtzen nau, badakit ez zarela eroriko, nire kontua dela baina asko lagunduko lidake zu hortik jaisteak”. Baina aldi berean ere esango nioke: “badakit zein gustura zauden. Lekuak esploratzen, zure mugak ikusten, dibertitzen… Iruditzen zaizu beste leku bat bilatzen badugu zuk libre esploratzeko eta aldi berean ni seguru egongo naizena?”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude