Eta kultura autodeterminatuko balitz?

UEU eta Jakinek kulturgintzako aditu eta eragileak bildu dituzte Baionako Zizpa Gaztetxean

Identitatea eta hizkuntza izan ditu hizpide Ibai Iztuetak; Hedoi Etxartek artea eta politikaren arteko harremana aztertu du eta Maika Etxekopar, Anari Alberdi eta Nora Aurrekoetxeak beren esperintziak kontatu dituzte, nork bere bide propioa egitea aldarri
Sarritan aldarrikatu izan da estatu itun bat kulturarentzat, kultur politika burujabea egitea kultur ekosistema bizigarri bat osatzeko ezinbesteko baldintza delakoan. UEU eta Jakinek galdera edo proposamen iradokitzaile bat jarri diete kulturgintzako aditu eta eragile hainbati hausnarketarako amu gisa Baionako Zizpa Gaztetxean antolatutako ikastaroan: ‘Eta kultura autodeterminatuko balitz?’

Lorea Agirrek aurkeztu du saioa; “zertan garen independente baino, zertan garen dependente” hausnatu beharko genukeela adierazi du Jakin aldizkariko zuzendariak, Joxe Azurmendi gogora ekarriz. Harkaitz Canok esandakoei eutsita, azaldu du badela garaia konfrontazio ideologiko, politiko eta kulturala utzi, eta estatu itun baten bueltan bat egiteko. Bestalde, euskal kulturaren ikusgaitasun falta ere salatu du: “Sortzetik erakusleihorako bidean indar asko jartzen da, baina erakusleihotik aurrera, apenas egiten da”.
Euskal kultura vs cultura vasca

Ibai Iztueta1Ibai Iztuetak hartu du hitza segidan: “Euskal kultura euskaraz baino ez da posible ala espainolez eta frantsesez ere bai?” Cultura Vasca vs Euskal Kultura liburuaren egileak zalantza horri erantzuteko bi ikuspuntu ekarri ditu: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegirena eta Ramon Zallorena.

Txillardegiren aburuz, euskal kultura euskaraz baino ez da posible, euskara baita gainerako kulturengandik bereizten gaituen elementu bakarra. Zallok, berriz, espainolez eta frantsesez egiten dena ere euskal kultura dela uste du, horiek ere Euskal Herriko hizkuntzak direlakoan.

Biek ala biek hartzen dute aintzat hizkuntzen eta kulturen arteko harremana auzi zientifikoa dela. Ibai Iztuetaren iritziz, ez da horrela: auzia ideologiko edo diskurtsiboa da. Espainiar eta frantsesentzat, harreman zuzena dago hizkuntza eta kulturaren artean; gurea bezala, “politikoki menperatuta eta linguistikoki ordezkatuta” bizi den herri batentzat, berriz, harremana korapilatsuagoa da. Horregatik da kontu ideologiko edo diskurtsiboa. Premisa horretatik abiatuta, hiru ideia azpimarratu ditu Iztuetak bere hitzartzean:

Lehenik, hizkuntzak gizarteetakoak eta herrienak direla: “Ez legoke gaizki Euskal Herrian herri bakoitzak bere hizkuntza erabiliko balu eta gizarteko beste hizkuntzak ezagutuko balitu, elkarbizitza errazte aldera”. Ardura banatzea proposatzen du planteamendu horrek, euskaraz egin ahal izateko, ezagutza unibertsala izan behar dela ulertuta.

Bigarrenik, identitatea ez dela hizkuntza baino garrantzitsuagoa. Iztuetaren ustez, Txillardegi zein Zallok lehenesten dute identitatea, baina identitateak, diskurtso bat sustatuz, hizkuntza baldintzatzen duen bezala, alderantziz ere gertatzen da, eta sarritan, hizkuntzak baldintzatzen du identitatea. “Euskaraz egiten dugunean, garen bezalakoak izan nahi dugu”, azaldu du Iztuetak, bereizkeriaren logika baztertuz.

Eta hirugarrenik, “euskal kultura” eta “cultura vasca” edo “culture basque” ez direla gauza bera, askotan hala bailiran erabiltzen ditugun arren. “Gu nor garen eta nor ez garen sartzen da hor, eta horrek badakar halako inklusio eta esklusio bat, emozio asko sor ditzakeena.” Honenbestez, Zallok “vasquismo” hitza proposatzen du: kultura orokor baten baitan, azpikultura bat: euskalduna. Hala, euskal nortasuna lortzeko bidea dagoela egiteko iradokitzen du, euskaldunak direnak eta ez direnak bereizi gabe. Planteamendu honek badu, Iztuetaren ustez, arriskurik ere: gaztelera eta frantsesaren erabilera normalizatzea eta zabaltzea, eta euskaldunok euskaraz bizitzeko indarra emango digun diskurtsorik gabe geratzea.

Erantzunak baino, galderak mahai gaineratu ditu Iztuetak, eta hala amaitu du bere hitzartzea: “Euskaldun hitzak basque-en sinonimo ala basque-ek euskaldunaren sinonimo behar luke?”

Politika erdigunean jartzea, arteak garrantzia izan dezan

Ondoren, Hedoi Etxartek politika eta kultura edo artearen arteko harremana aztertu du. “Sozialismoak politika jartzen du zentroan; kapitalismoak, berriz, ekonomia”, azaldu du. Haren ustetan, “politikak zentraltasuna duenean irekitzen dira artearen inguruan gogoeta egiteko espazioak”; honenbestez, gure gizartean, kulturaz hitz egiten dugunean, gehienetan, ekonomiaz aritzen gara: hitz egiten dugu musikaren eta poemen lizentziez edo kultur proiektuen aurrekontuez, baina ez dugu arteaz hitz egiten. Gurean ez da posible, inondik inora, politikari eta sortzaileen arteko eztabaida edo gogoetarik bideratzea.

Hedoi Etxarte1Sobiet Batasunean, aldiz, artea estatu eztabaida izan zen, eta abangoardia politiko eta artistikoak estrategia eta metodo berberak baliatu zituzten. Hala, abangoardia artistikoa ordurarteko posizioa galtzen hasi zenean, boltxebikeekin lerratzen ez ziren artistak bazter zitzatela exijitu zieten artistek politikariei.

Argi geratu ziren, beraz, bi kontu: batetik, artistak ez zirela gizarte berri hark behar zuena euren artean gogoetatzeko gai izan, eta elkarren aurka aritu zirela; eta bestetik, arteak eta politikak botere eremu bera partekatzen zutela.

Artearen eta politikaren arteko talka hori aspaldikoa dela baieztatu du Etxartek, eta Hannah Arendten idatziak izan ditu hizpide. Artista “exijentzia politikoekiko ezjakina” dela zioen honek, eta politikaren eta kulturaren arteko gatazkan beti kulturaren alde posizionatuko dela. Politikaria, ordea, “ekoizpen kulturalen beharren ezjakina” da, eta politikaren edo kultur politiken alde egingo du.

Mundu Klasikoan, adibidez, politikariek gatazka ikusten zuten artearen edertasunaren eta politikaren egiaren artean. Nork zuen zilegitasun handiagoa bizitza eta heriotzaren esanahia zein zen erabakitzeko? Eta ospeaz arduratzeko? Politikak bereganatu zuen botere hori. Edozein kasutan, Etxartek uste du partziala izan zela politikak kulturarekiko lortutako garaipena, ez politikan, ez filosofian ez zelako artearekin zerikusia zuten baliabideak erabiltzeko gaitasunik egon.

“Eta hipotesi hauek baliagarriak al dira gaur egun?”, galdegin du. Aurreko mendeetan arteak politikan izan duen eragina gaur egun hedabideek bereganatu dute, bai mass mediek, bai herritarrek beraiek: orain guk geuk kontatzen dugu uneoro nor garen, eta ez dugu mito edo ideia horri eusteko artelanik behar.
Nork bere bide propioa egitea
Etxekopar, Alberdi eta Aurrekoetxea: hiru begirada kulturari

Maika Etxekopar, Anari Alberdi eta Nora Aurrekoetxeak beren esperientzia hartu dute ardatz, eta argi utzi dute sistemak ezarritako bideetan tokirik topatu ezean, nork bere bide propioa egitea izan litekeela aukerarik onena.

 

Maika,NOra,Anari
Nora Aurrekoetxea, Maika Etxekopar eta Anari Alberdi.

Maika Etxekopar antzerkilari, musikari, abeslariak azaldu du kultura eta komunitate baten parte sentitu izan dela beti Zuberoan. Erraza izan du bertan era askotariko arte adierazpidetan parte hartzea, eta egun ere, “hurbil dituenentzat” egiten du artea; horregatik, herrian hasi izan ditu beti birak, baina era berean, azaldu du Amaren Alabak taldearekin Euskal Herri osoan ibili izanak “euskal herritartzeko” balio izan ziela.

Hiru urte daramatza antzerkitik bizitzen, Hegoaldean eta euskaraz, eta baldintza ekonomikoak txarrak direla salatu du, Iparraldekoak baino okerragoak. Honenbestez, miresmen handiz aritu da Ander Lipus eta beste hainbat antzerkilari, euskal produkzioek non erakutsi izango dutela bermatze aldera, antzerki programatzaileen sare bat sortzeko egiten ari diren saiakeraz.

Hizkuntzak sortutako barne gatazkez ere aritu da zuberotarra. Garai batean, arrotz sentitzen zuen batua, frantsesa baino arrotzago, baina Etxekoak antzezlanarekin, “batua maitatzen” amaitu du, “emozioak partekatzeko manera ona” delakoan. Eta besteengan ere ikusi ditu euskarari lotutako gatazkak: Xiru jaialdian, adibidez, ikuskizunak “euskaldunegiak” iruditzen omen zaizkie erdaldunei, eta “artistikoegiak”, tradizioaren kontrako bezala ulertuta, euskaldunei.

Etxekoparrek adierazi du berak nahi lukeen euskal artea sortzeko aukerarik edo denborarik ez duela izan oraindik: “Ez dut sekula antzerkirik egin xiberotarrez; pastoralak bai, baina antzerki bizia ez. Hori bada barnetik sentitzen dudan zerbait, baina ez daukat norekin. Agian, bakarrik egingo dut”.
Bidehuts zigilua izan du hizpide Anari Alberdi musikari eta abeslariak. Inoren Ero Ni, Lisabo eta Anarik sortu zuten 2007an, eta geroztik, beren lanak modu autogestionatuan kaleratzen dituzte, batu zaizkien beste hainbat talde eta bakarlarirekin batera, bitartekaririk gabe.

Esan Ozenki diskoetxeak eta hari erreleboa hartu zion Metak zigiluak ateak itxi zituzten, eta do it yourself filosofiari segitu nahi izan zioten: “Goazen gurea egitera, ia gure botere txikitik edo ez boteretik ezer aldatzen dugun”. Eta beren neurrira diseinatu zuten zigilua: era asanblearioan antolatzen dira, eta ados jartzen dira Durangoko Azokaren kudeaketa, management-a, promozioa, komunikazioa eta beste hainbat kontu denen artean kontratatzeko; hortik aurrera, “bakoitzak egin dezala nahi duena, Bidehutsek librea behar du izan”. Anari taldean, adibidez, denek kobratzen dute berdin kontzertuetan: musikariengandik hasita, salmentan dabiltzanenganaino.

Autoprodukzioaren eta industriaren arteko espazioa da Bidehuts, eta Anariren hitzetan, inoiz baino hobeto doakio, baina zigilu txiki bezala, hainbat “harri” topatzen ditu bidean. Durangoko Azoka da horietako bat: salmenten irabaziekin ezin diote postua jartzeko gastuari aurre egin, eta kontzertuak ematen dituzte Durangora joan ahal izateko dirua biltze aldera. Azoka birpentsatzeko beharra aldarrikatu du: “Zergatik ez pentsatu ordaindu behar ez den Durango bat?”. Banaketa da beste harrietako bat. Talde eta bakarlari askok ezin dituzte beren lanak saltokietaraino eraman, garestia baita. Horregatik, euskal kulturaren zabalkuntza diru publikoz bermatu beharko litzatekeela adierazi du Anarik.

Oztopoak -oztopo, argi utzi du bere kontu ekoizi eta banatzea hartu duen erabaki onena izan dela, ez baitago “zure lanaren jabe ez zarela ikustea baino gauza tristeagorik”. Zentzu horretan, gogor kritikatu du SGAE, “monoteismo absolutoa” eta “mafia bat” delakoan, eta hura utzi eta EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoarekin bat egin duela azaldu du.
Nora Aurrekoetxea artista plastikoa izan da azkena hitza hartzen. Okela sormen lantegiaren sortzaileetako bat da bera: “Zein da sustatzen den kultur eredua? Ez badugu guri egokitzen zaigun espazio fisiko edo sinbolikorik, guk sortu beharko dugu”.

Bide horretan baina, harri asko topatzen ari dira Aurrekoetxea eta bere lankideak ere. Ez dago, beste arte disziplina batzuetan bezala, arte plastikoetan dabiltzan artisten beharrak aintzat hartu eta aldarrikatuko dituen elkarte edo talderik, eta jendarteak ez ditu langile bezala ikusten. Gainera, euskaraz aritzea -edo horretan saiatzea- eta gazte eta emakume izatea ere oztopo izaten dituzte sarritan. Beren jarduna erabat prekarizatuta dago, ez baitago kultur politika integralik, eta beken eta sarien menpe ibili behar izaten baitira.

Egoera horri eman dioten erantzuna da Okela. Eskaintza kulturala eta estudioko lana tartekatzen dituzte bertan, eta lehenengoari esker garatzen dute bigarrena. “Zergatik ez dugu kobratzen estudioko lana? Ez al da esklabotza artistikoa?” -iradoki du-, “Euskal Herrian militantzia oso barneratua daukagu, eta lan esparrura ere eramaten dugu, baina hori ez da sostengarria: ez dugu artea maite dugulako soilik lan egiten, biziraun behar dugu”.

Aurrekoetxeak azaldu du euskal kulturaren ekosisteman kokatzen dutela beren burua, eta identitate kontua dela hori: nazio eraikuntzarako proiektua. Zentzu horretan, bi estatu eta hiru administrazio izanagatik, Euskal Herriko egitura askok nazio gisa funtzionatzen dutela azpimarratu du.

Kultura berez autodeterminatuta dagoela esanez itxi du saioa: “Determinatzea erabakitzea bada, kultura badago determinatua, zeren bestela ez da kultura, administrazioaren aisialdi eskaintza baizik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude