Irune Jimenez eta Eider Aldape: “Sormena, erronka edo arazo bati soluzioa bilatzeko dugun gaitasun bezala ulertzen dugu”

Design Thinking metodologia ezagutu eta praktikan jartzeko aukera izango dute gaur eta bihar Baionako UEUren ikastaroetan. 70. hamarkadan Stanford Univertsitatean sortutako metodologia hau apurka apurka produktuen diseinutik bestelako alorretara zabaltzen hasi da. Hainbat dira berau erabiltzen duten markak.  Eider Aldape eta Irune Jimenez dira ikastaroko arduradun eta irakasleak.

Eider Aldape eta Irune Jimenez
Leire Aldape (ezkerrean) eta Irune Jimenez.

“Erabiltzaileen benetako beharrak” omen ditu ardatz Design Thinking metodologiak.
Hala da. Design Thinking metodologiak oinarri bezala pertsonak, bideragarritasuna eta egingarritasuna (teknologia) ditu, baina abiapuntua pertsonak eta hauen benetako beharrizan eta nahiak dira.

Diseinatzaileen metodologia da, berez. Zein ezaugarri ditu?
Pertsonetan zentratua, parte-hartzailea, sortzailea, holistikoa, esperimentala eta bisuala da. Horiek dira bere ezaugarri nagusiak. Pertsonetan zentratua erabiltzailearen beharrizanak identifikatzen direlako eta sortzen dena berarentzako ulergarri, erabilgarri, eta atsegina izan behar delako. Zerbait diseinatu behar baldin bada, ezinbestekoa da norentzako diseinatuko den jakitea.

Parte hartzailea prozesuko fase guztietan, ahal den neurrian, erabiltzailea edo beste eragile batzuk integratzen direlako.

Sortzailea, prozesu sortzailea delako. Sormena, erronka edo arazo bati soluzioa bilatzeko dugun gaitasun bezala ulertzen dugu.

Holistikoa, arazo edo erronka baten aurrean, fokua horretan bakarrik jarri beharrean, hau zabaldu eta inguruan egon daitezkeen eraginak aztertzean direlako. Erronka ikuspegi sistemiko batetatik ikustea litzateke, hurbilekoa eta urrutikoa ikustea ahalbidetuz.

Esperimentala, behin eta berriz errepikatu daitekeen prozesua delako. Prozesuan atzera jotzea beharrezkoa izan daiteke. Esperimentala prototipoak erabiltzen direlako ere bai, honek era merke eta azkarrean proposamenak balioztatu edo deuseztatzea ahalbidetzen du.

Bisuala, informazioaren diseinuari garrantzia handia ematen zaio. Prozesuan parte-hartzen duten pertsona guztientzako ulergarria den materiala sortu behar da, horregatik ikuspegi honek sistema konplexuak bisualki sinplifikatzeko joera du.

Enpresa askok erabiltzen dute gaur egun. Ez da metodologia berria hala ere…
Metodologia 70. hamarkadatik erabiltzen da, batez ere produktu diseinuan hasi zen erabiltzen. Egun, beste arlo eta eremuetara zabaldu da eta hori da berritzaile egiten duena. Besteak beste, zerbitzu publikoen diseinura eta zerbitzuen erabilera esperientzietara zabaltzen ari da.

Arlo bat baino gehiagotan erabili daitekeen metodologia da, aplikazio asko dituena
Prozesu bat da eta honek arlo ezberdinetan aplikatzea ahalbidetzen du, noski.

Nola garatzen da? Zeintzuk dira pausuak?
Bost atal nagusiz osatutako prozesua da: ikertu, sintetizatu, sortu, prototipatu, inplementatu. Atal bakoitzak bere erremintak ditu bertako helburuak gauzatu ahal izateko.

Ikastaroan nola landuko duzue?
Bi egunetako ikastaro teoriko-praktikoa da. Metodologiaren oinarri teorikoa era laburtuan azalduko da, prozesu eta erremintetan sakonduz. Eredu errealak erabiliz bere aplikagarritasuna ulertuko da. Metodologia taldeka aukeratutako diseinu erronkei erantzuna emateko aplikatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude