Floren Aoiz: “Zer egin behar da presioen aurrean? Kikildu eta atzera egin ez; aldaketa mugatu edo mantsotu ere ez. Aldaketa jarduera presioen talka da”

Iratzar Fundazioaren zuzendariak argi dauka Nafarroako Gobernuak “injustizia historiko gordin bat” gainditzeko aukera duela, eta ez dagoela “epelkerietarako betarik”. Gobernu-kudeaketa aldaketaren eta balizko erregimen aldaketaren artean kokatu gara berarekin, eta tarte hori nola gutxitu izan dugu hizpide, UEUk eta Iratzar Fundazioak antolatutako Aldaketa Nafarroan. Gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? Irakurketa eta etorkizunerako erronkak ikastaroaren harira.

Nafarroako gobernu-kudeaketa aldaketak erregimen aldaketa ekarri ote duen, edo ekar dezakeen. Galdera horixe iradokitzen du ikastaroaren izenburuak. Nafarroan aldaketaren kontrako botere faktikoek duten indarra aintzat hartuz, posible da? Zaila da zer gertatuko den jakitea, egoera irekita dagoelako, hau da, gerta daiteke Foru Hobekuntzaren Erregimenaren kontraofentsibak aldaketa neutralizatzea, edo barne kontraesanak lehertzea aldaketaren esparruan. Gerta daiteke, halaber, aldaketa indartzea eta instituzioetako kudeatzaileen errelebotik haratago joatea, erregimen deitzen dugun hori errotik aldatzen, nolabaiteko jarduera eraldatzaileak (konstituienteak) garatuz. Indar talka begi bistakoa da, eta ene ustetan, areagotu egingo da etorkizun hurbilean. Erregimenak indar handiak ditu, baina aldaketaren aldekook ere bai, jendartean, eta iaztik, instituzio gehienetan ere bai. Edonola ere, garrantzitsuena da aldaketaren aukera irekirik dagoela.

Botere horiei kontrajarrita, aldaketaren aldeko haizea ere badabil jendartean, eta bazebilen, gobernu aldaketa aurretik ere. Erakundeetako aldaketak zer eragin izan du herri-mugimenduengan? Denetarik atzematen da. Desmobilizazio joerak atzematen dira esparru batzuetan (“jada aldatu dira gobernuak, aski da…”), zapuzketa (“hau zen aldaketa?”) baita aldaketa sostengatu eta aurrera eramateko borondatea ere, kritikoa askotan, baina aldaketa grina bizirik gordetzen duena. Energia horiek biderkatu dira azken urteotan baina urte askotako lanaren fruituak dira, finean, aldaketa jendartetik iritsi baita instituzioetara. Aldaketak oinarri sendoak ditu maila horretan, zentzu komunaren lehian emandako aldaketak aspaldi abiatu baitziren. Nik, egia esan, ahulezia handiagoak ikusten ditut maila politiko-instituzionalean.

Aldaketa Nafarroan
Ezkerretik eskuinera: Emilio Majuelo, Bixente Serrano, Oskia Ugarte eta Floren Aoiz ikastaroko mahai inguruan.

Gobernu akordioa ez da tentsio eta erronkarik gabea izan; eta tentsioen erdigunean, euskara. Noraino eragiten du aferan alderdien arteko desadostasunak eta noraino botere lehiak? Aldaketaren esparrua anitza da, tentsioez betetakoa. Kultura politiko eta ibilbide ezberdinak, batzuetan kontrajarriak, batzuek, egia esan, hanka bat badute erregimenaren esparruan edo bere sare klientelarretan, errelebo hutsaren logika ere hor dago… Honek ahultzen eta mugatzen du aldaketa, eta nabarmena da, esaterako, euskararen inguruan. Aldaketarako borondate mugatua kezka identitarioaz hitz egiten estaltzen dute batzuek, eta hori ez da batere gozoa, egia esan. Baina, bestalde, oso argi izan behar dugu aniztasun honek ekarri duela aldaketa. Ezberdinen arteko akordioa da aldaketaren erregaia eta zaindu beharra dago. Orekak ez dira errazak eta maila handi batean herri mugimenduak eta jendarteak presioa egin behar dute, tentsioetatik haratago joateko.

Euskalgintzak epeltasuna egozten dio Gobernuari. Presio eta sostenguaren artean dabil. Oreka horri eutsi beharko lioke? Zein posizio izan beharko lukete bai Euskalgintzak bai herri-mugimenduek, orohar, Gobernuaren aurrean, aldaketa sakonagoa gauza dadin? Hori euskalgintzak eta herri mugimenduek erabaki beharko dute. Guk ikastaro hau antolatu dugu besteak beste gogoeta bultzatzeko eta iritziak entzuteko, gure ustetan herri mugimendua eta bereziki euskalgintza indartsua funtsezkoa delako aldaketarako. Foroak eskaintzea eztabaida horiek garatzeko lagungarria izan daitekeelakoan gaude, baina ez diogu inori zer egin behar duen esan nahi. Areago, hori akats historikoa da eta oso argi dugu aldaketarako konplizitateak ez direla horrela eraikitzen. Guk konplizitate horiek eraikitzen lagundu nahi dugu, baina konplizitate kritikoak, herri mugimenduen erritmo eta ikuspegiaren araberakoak.

Hau esanda, ezaguna da batzuok bizkorrago eta ausartago ibiltzeko eskatu diogula nafar gobernuari, egindakoa ez baita aski, gehiago egitea posiblea baita. Eta gauza bera esaten diegu aldaketaren esparruan jarrera epelagoak dituztenei. Hau ez da afera “identitarioa”, oinarrizko eskubide kontua baizik. Injustizia historiko gordin bat gainditzeko aukeraz ari gara eta hor ez dago epelkerietarako betarik. Begi onez ikusten dugu, beraz, presioa.

Gobernuaren lehen urtean kontrakoen presioa erabatekoa izan da. Aurreikusi daiteke presio hori gutxituko denik ala bere horretan segituko du? Pentsa liteke aldaketa sakonagoak bideratzeko aukera gehiago zabalduko denik? Presioa areagotuko delakoan nago. Kasu, nafar eliteek ez dute tradizio demokratikorik, autoritarioa baizik, eta ez dituzte inoiz gobernu baliabideak eskuetatik galdu. Oso haserre daude, eta joko zikina maite dute, ederki adierazi dute azken hamarkadetan. Zer egin behar da presio horien aurrean? Kikildu eta atzera egin ez, aldaketa mugatu edo mantsotu ere ez. Horrela basatia lasaitu beharrean gehiago piztuko da. Presioa egin behar da, aldaketa jarduera presioen talka baita. Baina presioaz bat aldaketaren oinarri soziala zabaldu behar da, erregimen zaharra isolatu, ahuldu eta biluztu eta aldaketaren indarren arteko leialtasuna sendotu, ene ustetan.

Aldaketaren aldeko indar guztiek galdu dituzte botoak igandeko Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan, eta abstentzioa apenas igo da. Hauteskunde hauek udal eta foruetakoekin zerikusirik ez dutela aintzat hartuz ere, zer balorazio egiten duzu? Egonkorra da alderdion gehiengoa? Aukera zegoen erregimen zaharrari kolpe ederra emateko, baina horretarako indarrak artikulatu behar ziren eta Unidos Podemosek ez du nahi izan. Egin ez izana kaltegarria izan da aldaketarako. Begi bistan dago UPN-PP eta PSOE pozik daudela emaitzaz, eta horrek zer pentsa eman behar die aldaketaren indar guztiei, batez ere, hain jarrera sektarioa izan dutenei.

Hau esanda, gobernuek gehiengo instituzionala dute, baita jendarte babes zabala ere, eta beren eginbeharra herriaren mandatua betetzea da. Aldaketak zilegitasun osoa dauka, beraz. Aldaketa bultzatu eta sakontzeko unea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude