Berezko Zuzenbide Zibilari buruzko hausnarketak

Hogeita hamar urtetik gora igaro dira Espainiako Konstituzioa eta Estatutuak indarrean jarri zirenetik, eta zuzenbide foral edo berezia duten Nafarroako eta Euskadiko lurraldeek legegintza bilakaera desberdinak eraman dituzte. Helburua partekatzen dute, zeina izan baiten, beti, erakunde zibil historikoak iraunaraztea, baina aldi berean, gaurko munduan eta egungo Euskal Herri industrializatuan dauden beharrei erantzuteko gai izan daitezen, haiek moldatuz. Zahagi zaharrean ardo berria gorde nahi izan da bietan. Gai honetaz ari dira hausnartzen “Berezko Zuzenbide Zibilari buruzko hausnarketak (Euskal Zuzenbide Zibilaren 5/2015 Legearen aldarrikapenaren harira)” udako ikastaroan, Iruñean.

Berezko zuzenbidea txikiaEuskadin, Legebiltzarrak lege berria aldarrikatu zuen ekainaren 25ean: 5/2015 Legea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa. Aldaketa nabarmenak ekarri ditu lege honek, hala nola, euskal auzotasun zibila edo testamentua egiteko aukera berriak. Nafarroan indarrean dirau oraindik 1973. urteko Foru Konpilazioak. Edonola ere, urte hasieran, Legebiltzarrak antolaturiko jardunaldi batzuetan, lege hori berriztatzeko asmoa erakutsi zen.

Euskal Zuzenbidea zuzenbide europarra da eta Pirineotako zuzenbideen esparruan sortu zen. Hargatik, zuzenbide zibila osatzen duten erakundeetan badira Nafarroak eta Euskadik partekatzen dituzten berezitasun esanguratsuak, lege bietan gordetzen direnak.

SANTIAGO GOÑI: “HELBURUA DA HAUSNARTZEA ETXE BAKOITZAREN ALDE ONAK ETA TXARRAK ZEINTZUK DITREN, ETA ZEIN ETORKIZUN DATORKIGUN” 

Zer partekatzen dute Euskal Zuzenbide Zibileko Legeak eta Nafarroako Foru Konpilazioak?
Asko partekatzen dute, eta era berean, ezberdinak dira. Bi eraikin nola konparatuko zenituzke? Eraikin guztiek dituzte zimentu batzuk, baina forma askotako zutabe eta hormak daude. Egitura bera dute biek, baina bide ezberdinak hartu izan dituzte eta bilakaera ezberdina izan dute.

EAEn iaz indarrean jarri zen Berezko Zuzenbide Zibileko Lege propioa aztertuko dugu; kontzeptu berri bat barneratu du honek: euskal auzotasuna. Nafarrek, erreinu bezala, aspalditik izan dute nafar auzotasuna. Momentu honetan, bi lurraldeetan badugu solairu bera, eduki ezberdinekin, bai, baina solairu bera. Orain, saiatuko gara ikusten nola dagoen egoera lurralde bakoitzean, eta hortik aurrera, hausnartzen etorkizuna nolakoa izan litekeen.

Berezko zuzenbidea
Gregorio Monreal eta Santiago Goñi, UEUren ikastaroan.

Etorkizunean teilatu bera izate aldera?
Ez dakigu. Agian bi etxe egingo ditugu, elkarren ondoan. Helburua da hausnartzea etxe bakoitzaren alde onak eta txarrak, eta zein etorkizun datorkigun. Abiapuntu bezala planteatzen dugu gaurkoa.

Baina teilatu hori komuna izatea komenigarria litzateke edo ez du zertan?
Nik ez dakit horri erantzuten. Adituen eta eragile sozialen bidez, gizarte hobe eta sendoago bat izateko zein baliabide, arauketa eta sistema martxan jarri behar dugun aztertuko dugu. Egia da Euskadin egin den arauketa gerturatu egin dela Nafarroan dauden kontzeptu batzuetara; esaterako, testamentuen munduan, askatasun gehiago dagoela orain Gaztelako sistemarekin alderatuz.

Inguruko zuzenbide zibilei ere begiratuko diezue gaur, ezta?
Noski. Aragoin, esaterako, oso barneratuta dute berezko zuzenbidea; Kantabrian, berriz, ez hainbeste, gehiago landu baitute Espainiako zuzenbide komuna. Betidanik bereiztu izan da lurraldeen berezko zuzenbide zibila, betidanik egon da ohitura hori. Gaur aztertuko dugu ohitura hori noraino iristen den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude