UEUk Galerak eta dolu-prozesuak ikastetxearen testuinguruan ikastaroa antolatu du Iruñean udazken honetako eskaintzan. Ester Álvarez Uria irakasleari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.
Zein helburu ditu ikastaroak? Helbururik garrantzitsuena galera eta doluen inguruan daukagun ezagutza areagotzea izango da, eta norberaren burua abiapuntutzat hartuko dugu, gai honen inguruan ditugun iluntasun eta argitasunak ezagutzeko eta gure errekurtso propioak topatzeko. Autore batek esaten duenez, ikasleek gu garena oso ozenki entzuten dutenez, zaila egiten zaie batzuetan esaten diogunari erreparatzea. Hau da, irakasleak bere burua ondo ezagutu behar du, hezkuntza prozesuaren tresnarik garrantzitsuena baita. Bestalde, haurra, galerak, heriotza eta doluaren inguruko hurbilketa teoriko-praktikoa eskaintzea ere bada helburu, haurrekin heriotza baten inguruan nola hitz egin jakiteko eta galeraren ondorioz, ikasleek esperimentatu ditzaketen emozio-egoerak ezagutzeko, eta laguntzeko bideak aztertzeko.
Zergatik da hain garrantzitsua gai hau haurrekin lantzea? Galeraren esperientzia nonahikoa delako gizakiaren bizitzan; ematen dugun pausu bakoitzeko, zerbait galdu egiten dugu. Heriotza bizitzaren parte bat da, eta hezkuntzaren helburua gizakiaren garapen osoa bada, haurrek bizitzen ikastearen xedea badugu, ez du zentzurik gai hau baztertzea edo alboratzea hezkuntza programazio eta praktikan. Beraz, geure buruari galdetu ahal genioke “zer dela eta orokorrean ez da heriotzaren pedagogia bat lantzen eskoletan?”. Agian heriotza tabu bihurtu delako gure gizartean, sufrimenduarekin lotzen den ideia bat, eta hedonismoaren balorearen aurrean, ekidin beharreko gaia bilakatu da. Bada garaia gai honen gainean apur bat begirada jartzeko, hezkuntza prozesuan tokia egin diezaiogun, haurrei beraien bizitzan izango dituzten galera eta dolu prozesuei aurre egiteko ondo hornituak egon daitezen laguntzeko.
Adinaren arabera lanketa desberdina izan behar du, ezta? Heriotza kontzeptu konplexua da, eta bere osotasunean ulertzeko bidea luzea izaten da. Adin desberdinetan, eta hauetan ematen den garapenari esker, ulermen desberdinak (gero eta sakonagoak) izango ditu haurrak heriotzaren inguruan. Honen jabekuntzaren prozesuan laguntzeko, hauek ezagutu behar ditugu, baita haurraren garapen aldi desberdinei dagozkien ezaugarriak kontutan hartu ere, dolu prozesu batean laguntzeko gure esku hartzea hobeto egokitzeko.
Eta generoaren ikuspuntutik? Dolu prozesuak badu bere alde indibiduala, eta bere alde soziala. Honi begira, gure gizartean generoaren arabera topa ditzakegun desberdintasunak ezagutzea garrantzitsua da, alde batetik dolu-prozesuen adierazpen modu desberdinak ezagutzeko, eta bestetik, modu desberdin hauen aurrean gizartean dauden usteak ezagutu, bai geure buruarengan, bai besteengan izan dezaketen eraginaz jabetzeko.
Zein metodologia erabiliko duzu? Ikastaroa teoriko-praktikoa izango da. Batzuetan bakarkako lana egingo dute, beste batzuetan talde txikietan edo talde handian arituko gara. Esperientzia bidezko ikaskuntza bultzatzeko rol-playing bezalako jarduerak aurrera eramango dira, eta aurkeztuko diren eduki teorikoen hausnarketa bultzatuko da, horretarako taldekideen partaidetza aktiboa sustatuz. Ikastaroan ikasitakoaren aplikagarritasuna lantzeko, ikastaroan bertan proiektu txiki bat prestatuko dute, eta guztion artean, heriotzaren pedagogia lantzeko ikastaroan zehar ikasleak topatzen joango diren baliabideak, hauek biltzeko egokitua dagoen blog batera igotzeko proposatuko da, gai honen inguruko “baliabideen maleta” potolotzeko eta zabaltzeko asmoz.
Nori zuzenduta dago ikastaroa? Ikastaroa edozein zikloko irakasleei dago zuzenduta.
Mutua Funeraria de Trapagaran says:
Oso interesgarria.