UEUk Pedagogia sistemikoa eguneroko hezkuntza praktikan ikastaroa antolatu du udazken honetako eskaintzan. Eider Gamboa ikastaroko irakasleetako bati galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.
Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak? Lau dira ikastaro honetarako proposatzen ditugun helburuak: teoria sistemikoaren nondik norakoak ezagutaraztea, ariketa sistemikoen bidez norbere burua gehiago ezagutzea, pedagogia sistemikoaren alderdi esperientziala ezagutzea eta gatazken konponbiderako tresnak ezagutu eta hezkuntza eremuan aplikatzea. Egia da pedagogia sistemikoa zabala dela, baina guretzako ikastaro honetan bilatzen duguna alderdi praktikoa garatzea da, hau da, bakoitzak eguneroko bizitzan aplika ditzakeenak ezagutu, praktikatu eta barneratzea.
Zertan datza pedagogia sistemikoa? Modu azkarrean azaltzeko: Angélica Olverak, Mexikoko CUDECeko arduradunak, Bert Hellingerren teoriak pedagogian aplikatzearen ondorioz emandako emaitza dugu pedagogia sistemikoa.
Ze ekarpen egin dezake pedagogia sistemikoak? Hezkuntzaren begirada berri bat eskaintzen digun heinean ere erantzun berriak ekartzen dizkigu. Izaera inklusibo eta dimentsio anizdun horrek bai hezkuntza arloko profesional zein gurasoak aldez aurretik izan ez duten ulermen berrietara eramango ditu.
Gatazken konponbidea ere landuko duzue modu berezian, ezta? Aurretik aipatu bezala sistemak ematen digun begirada zabalago horrek gatazken konponketan ere eragina dauka. Pertsonak ez gaude bata bestearengatik banatuak, denen artean dago lotura, eta bestean dagoena ere askotan gurean ere badago.
Zein metodologia erabiliko duzue? Gure helburu nagusiarekin bat etorriz eta pedagogia sistemikoaren alderdi praktikoa eta fenomenologikoan oinarrituz, gaia nagusiak ariketa sistemikoen bidez landuko ditugu. Besteak beste konstelazio familiarrak, PNL ariketak eta Analisi Transakzionaleko ariketak tailerrean landuko ditugu.
Nori zuzenduta dago ikastaroa? Bere hezkuntza praktikaren eraldaketa zein barne begirada lantzeko gogoa duten hezkuntzako profesionalei zein gurasoei zuzendua dago.