Idoia Torregarai “Umorea estrategia didaktiko bezala erabiltzeko, lehen baldintza erabili NAHI izatea da”

UEUk “Umorea hezkuntzan estrategia gisa” ikastaroa antolatu du udaberri honetako eskaintzan. Idoia Torregarai ikastaroko irakasleari galdera batzuk egin dizkiegu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Idoia mandarinaZein da ikastaroaren helburua?
Umorearen garrantziaz jabetzea. Hau da, ikastarora datozenek umorea ikasgelan erabiltzea norberarentzat eta ikasleentzat oso erabilgarria dela ikustea nahiko nuke, eta horretarako baliagarriak izan daitezkeen erreferentziak eta ariketak eskaini.

Zer lortu dezakegu umorea ikasgelan erabiliz?
Arreta erakartzeko balio du, ikasleen arteko loturak estutu eta ikasgaia gogoratzeko ere oso bide baliagarria da. Honetaz gain, tentsioak askatzeko, talde kohesioa handitzeko eta motibatzeko ere estrategia eraginkorra da, besteak beste.

Eta zein baliabide erabili ditzakegu helburu horiek lortzeko?
Batez ere irudimena. Izan ere, umorea baliabide didaktiko bezala erabiltzeko (ia) edozer gauzak balio du: hizkuntzak, jolasak, pasadizoak, kartelak, esaldi famatuak, musikak, arbelak, ipuinak, marrazkiak, antzerkiak,…

Baina umorea batzuetan kaltegarria izan daiteke…
Zalantzarik gabe, umoreak min handia egin dezake. Horregatik oso argi izan behar dugu ikasgelan erabiltzen duguna umore konstruktiboa dela. Ikastaroan hori landuko dugu.

Irakasle/hezitzaile guztiek erabili dezakete umorea ikasgelan?
Umorea giza gaitasun bat da eta hala izanik, denok landu dezakegu. Batzuk izatez erraztasun gehiago daukate beste batzuk baino, bizitzako beste hainbat gauzetan bezala. Baina estrategia didaktiko bezala erabiltzeko, lehen baldintza erabili NAHI izatea da. Borondate hori barneratuta, praktika kontua da hortik aurrerakoa.

Umorea erabiltzeko hezkuntza gauza serioegia dela pentsatzen dute profesional askok.
Hezkuntza oso garrantzitsua da, baina ez du derrigorrez serioa izan behar. Irakasle batzuk umorea erabiliz gero klasearen kontrola galduko dutela uste dute, baina ez du zertan. Irrigarri geratzeko beldurra ere handia izaten da, edota bere ikasgaian umorea ezin dela erabili pentsatzen dute. Baina guztiek ezagutuko balute umoreak zenbat abantaila dituen ikasle, ikasketa-prozesu eta irakaslearentzat, ziur nago iritziz aldatuko luketela. Baina lehen esan bezala, borondatea behar da baliabide hau erabiltzeko.

Zein da erabiliko duzun metodologia?
Ikastaroa batez ere praktikoa izango da, baina gaia kokatzeko oinarrizko teoria eta bibliografia ezagutuko ditugu. Alde praktikoa, berriz, ikasleentzat proposatuko ditugun ariketa berdinak egiten, bideo eta audioak erabiliz eta norberaren esperientziak partituz bideratuko dugu. Umoreari buruzko ikastaroa giro onean egitea da erronka!

Nori zuzendutako dago ikastaroa?
Irakasle, hezitzaile eta magisteritza ikasleei.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude