Miren Harizmendi: “Ikastaroaren helburua gatazkaren kontzeptua eta bere bizipena birfokatzen ikastea da”

UEUk Bakea, biolentzia eta elkarbizitza: hausnarketarako aukera ikastaroa antolatu du Udazken honetan. Miren Harizmendiri, ikastaroko irakasleari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Miren Harizmendi1Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaroaren helburu nagusia gatazkaren kontzeptua eta bere bizipena birfokatzen ikastea da, aurka egiteko prest egotetik jarrera adiskidetzaile eta eraikitzailea adieraztera pasatuz. Elkarrizketa eta topaketarako gonbitea da. Aldi berean, hainbat azpi-helburu azpimarra genitzake: Biolentziaren hiru ardatz nagusiak ezagutzea, bortizkeriaren ondorioez eta efektuez jabetzea, autokritikari leku ematea eta bakearen bidea sustatzea.

Zeintzuk dira elkarbizitzarako oztoporik handienak?
Baten bat aipatzekotan, nik egozentrismoa azpimarratuko nuke: “Hurrena ni/gu ta gero ni/gu”. Mendebaldeko kultura materialistak erabat itsuturik gaudela iruditzen zait. Egun, giza harremanak ere “etekin-galera” ikuspegitik fokatzen ditugula esango nuke, ondokoaren bizipenei ia erreparatzen ez diegularik. Elkarrekin bizi ahal izateko, norberaren izaera propioaren errespetutik abiatzeko beharra daukagu, eta ezberdina dena errespetatu ahal izateko, aurretik ezagutu behar dugu. Nola errespetatu, bestela, ezagutzen ez dugun hori? Eta, zintzotasunez erantzunez gero… Zenbatetan ahalegintzen gara benetan ingurukoak ezagutzen?

Aurkakotasunaren gurpil zorotik ateratzerik badago?
Jakina, ausardiaz eta kemenez. Euskadin terrorismoak eta hainbat motatako indarkeriak hildako pertsonen senideak biltzen dituen Eraikiz ekimeneko partaidea den Pili Zabalak ongi aipatu duen bezala: “Geure buruarekiko kritiko izaten hasi behar dugu (…). Bizitza honetan inor ez da inor baino gehiago. Min batek ez du bestea kentzen, aitzitik, mina bera areagotu egiten da (…). Bidea denon artean eraiki behar dugu, inor ez dago soberan, norbera izate bakarra eta beharrezkoa da gizartearentzat”. Kristian Herbolzheimer, bake kulturan eta gatazken eraldaketan aditua denak ere argi utzi du: “Iraultza etikoa beharrezkoa dugu. Aldaketa norberak hasi behar du, ondoren inguruan zabaldu
ahal izateko. Aniztasuna errespetatzea edo toleratzea soilik ez da nahikoa, ospatu ere egin behar dugu. Prest egon behar gara gure erosotasunetik irteteko, kanpora ateratzeko”.

Zein metodologia erabiliko duzu ikastaroan?
Ohikoa izaten den bezala, ikastaroak 2 atal nagusi izanen ditu: Batetik teorikoa eta bestetik praktikoa. Argi dago horrelako gaien lanketa eragingarria eta erabilgarria suerta dadin ezinbestekoa dela norberaren esperientziatik abiatzea, eta zentzu honetan, alderdi praktikoak garrantzi handia dauka.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?
Hasieran aipatu bezala, ikastaroaren helburua gatazkaren kontzeptua eta bere bizipena
birfokatzen ikastea da, aurka egiteko prest egotetik jarrera adiskidetzaile eta eraikitzailea
adieraztera pasatuz. Beraz, elkarrizketa eta topaketarako gonbitea denez, parte hartu nahi duen orori irekia dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude