Naiara Gorroño: “Gorputzeko edozein muskulu entrenatu dezakegun bezalaxe, gure gogoaren muskulua ere garatu dezakegu”

UEUk Gorputzaren bidez arreta garatzeko teknikak ikastaroa antolatu du Udazken honetan. Naiara Gorroñori, ikastaroko irakasleari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

IMG_4545Zein da ikastaroaren helburua? Ikastaroak arreta zer den eta gure eguneroko bizitzan duen garrantzia ulertarazi nahi du. Arin doa mundua, eta hala dabiltza gure buruak ere sarritan: pentsamenduz beteak, joan etorri etengabe batean. Maiz orainetik kanpo bizi gara, geure gorputzetik urruti. Ikastaroak geldiune bat ireki nahi du gure egunerokatasunean gogoa entrenatu eta orainean bizitzen ikasteko. Arreta lantzeko teknika ezberdinak konpartitu nahi ditu ikastaroak; bai norberarentzat erabilgarriak izan daitezkeenak, baita ikasle edo haurrekin lantzeko balio dezaketenak.

Zergatik egiten zaigu hain zaila konzentratzea? Gure garuna ez dago prestatua multi-tarea, edo lan anitza, deitzen diogun horretarako. Gaur egun, teknologia berriak eta komunikazioetan eman diren aldaketak medio direla, gure garuna gauza dezenteetara zabaltzen da era berean. Une batean, hainbat “leiho” izan ditzakegu zabalik; baina badirudi, gure gogoa ez dagoela prest multi-tarea edo lan anitz horretarako.
Bizi dugun gizartean estimulu ugari jasotzen ditugu; batik bat ikusmenetik iristen zaizkigunak. Zentzumenak uneoro informazio ugari hari dira jasotzen eta honek gure arreta gugandik kanpo jartzen du. Kanporantz gaude uneoro begira, guk geure zentroa erabat galduta. Nolabait, sarritan, itsaso zabalean noraezean dabilen itsasontzia moduan gara. Arreta garatzeak ematen digun aukera, itsasontzi horren kontrola hartzearena da. Arreta barik, korronteen joan etorrien menpe dago gure pentsamendua, baina arretarekin, nik hartzen dut nire gogoaren kontrola. Eta kontrol hori hartzerakoan, hor hasten da askatasunerako bidea.

Guztiok lortu al dezakegu arreta lantzea? Bai, noski. Guztiok lortu dezakegu besoko muskulua lantzea? Ba arreta berdina da; gorputzeko edozein muskulu entrenatu dezakegun bezalaxe, gure gogoaren muskulu hau ere garatu dezakegu eta onura dezente ekarriko dizkigu gure egunerokotasunera: kontzentratzea errazago izango da, lasaiago biziko gara, geure barne mundua eta emozioak hobeto kudeatuko ditugu.

Zein metodologia erabiliko duzu ikastaroan? Gorputza da gure lehenengo etxea eta ideia honi helduaz, gorputzean gure arreta entrenatzen ikasiko dugu. Gorputz Adierazpeneko ariketa eta jolasak erabiliko ditugu, sormenaren eta dibertsioaren bidez arreta landu daitekeela ikasteko.
Mindfulness edo arreta osoa teknika ere erabiliko dugu meditatzen ikasteko.
Bizipen hauei marko teoriko bat jartzen diegu ondoren. Esperientzian oinarritutako bizipen pertsonala arrazoiarekin eta neurozientziaren inguruko ikerketen datuekin osatzeko.

Nori zuzenduta dago ikastaroa? Bere arreta entrenatu nahi duen guztiei. Baina bereziki beraien lanean besteen arreta lortzea ere garrantzitsua den horientzat; bereziki irakasleentzat.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude